antzezpen kritikak
< Gaztetasuna nagusi | Txito zinemazaleak >
Birusak noraezean
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2000-01-18
“Txirene”

Egilea: P. Telleria. Konpainia: Txirene producciones. Zuzendaritza eta eszenografia: L. Iglesias. Jantziak: L. Iglesias, A. Mazo. Musika: M. Lozano-P. Antzezleak: P. Telleria, A. Mazo, A. Hormaza. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Data: Urtarrilak 14.

      Non eta Bilboko Arriaga antzokian estreinatu da Txirene produccionesen bigarren antzezlana, Birus izenekoa, aurrekoarekin (Torito bravo) gertatu zen bezala. Aukera hartan bezala, jendez gainezka zegoen antzokia oraingo honetan ere, eta orduan gertatu zen moduan emaitzak ez nau batere konbentzitu.

      Patxo Telleriak sinatutako testuak gaur egun puri-purian dagoen birus informatikoen gaia hartzen du oinarritzat. Horrela izanik, giza itxura duten bi birus dira obraren protagonistak (Aitor Mazo eta Patxo bera). Koloreko argia emititzen duten kableak daramatzate soinean eta ordenadore baten barruan daude, antza, inguruko iluntasunak eta eszena alboetako kable-sorta argidunek adierazten duten bezala. Ordenadoreko irteera bilatzen duten artean baimendutako programa bat agertzen da (Asier Hormaza), bera ere kable argidunez apainduta, eta korapilatu egiten da hiruren arteko egoera.

      Laster okertzen da, ordea, planteamendu interesgarri hori. Hasteko eta behin, izugarrizko nahasmendua igartzen zaio egileari informatika kontuetan, eta horrek nabari eragozten du lanaren sinesgarritasuna. Jakina, antzezlan bat idazteko ez da inolaz ere gai batean edo bestean aditua izan behar baina, esaterako, pelikula historiko bat sortzerakoan normala da aholkulari baten laguntza izatea, erromatarrak, gurutzadak eta Ilargirako bidaiak aro berean ez kokatzeko.

 

      Baliabide tekniko ikusgarriak

      Birus protagonistak bezala noraezean dabiltza dramaturgia eta argumentuaren egitura, azpian sumatzen den istorio gizatiar polita erabat estalia edo lausotua geratzen baita informatika kutsuko txiste errazen eta esketx moduko pasarteen artean, bigarren mailako abestien moldaketa eskasak kontuan hartu barik.

      Beste arlo bati begira, nabaria da baliabide teknikoei emandako garrantzia, baina esparru horretan ere sortu dira desorekak, baliabideon ikusgarritasuna ez datorrelako bat dekorazioaren urritasunarekin edota argumentuak eskatzen duenarekin.

      Hain zuzen ere, Lander Iglesiasek diseinatutako eremu eszenikoa ezin pobreagoa da itxura aldetik eta zeharo mugatzen du ekintzaren garapena, ezinezkoa egiten baitu argumentuak eskatutako egoerak islatzea, nahiz eta zuntz optikoa, elementu argidun ugari, itsaso puzgarri bat eta hari gabeko mikrofonoak erabili.

      Amaitzeko, nik esango nuke nahiko txukun ibili direla hiru antzezleak, Torito bravo-n zegoen haien arteko desoreka albo batera utzita. Beharbada, aukera hartan suertatu zen moduan, denborarekin leunduko dira muntaiaren akatsak, baina ordurako zoritxarrez, gutariko askorentzat galdua egongo da lan honetaz gozatzeko aukera.