antzezpen kritikak
< Lagunarteko istorioak | Norabide aldaketa >
Lau baztertu maitagarri
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-12-16
“Pan con pan”

Konpainiak: Trapu Zaharra eta Zanguango. Zuzendaritza: M. Muņoz. Antzezleak: A. Ayllon, J. Arche, J. Monton, Tx. F. de Jauregi,. Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: Ahenduak 14.

      Aretora sartu bezain laster konturatzen gara ez dugula gaurko emanaldian antzezlan arruntik ikusiko. Atariaren erdi-erdian, manta baten gainean ikusten dugu hirugarren edo laugarren eskuko gauzak saltzen saiatzen den emakume bat, eta itxura ezin kaskarragoa duten objektuak eta saltzailea gaindituz, besaulki-patioan topatuko dugu gaueko bigarren morroia, lan-arropaz jantzita. Aukera emanez gero, edozein etxe-konponketa egiteko prest agertuko zaigu gizona, prezio ezin merkeagoan eta gremioen arteko koordinaketa doan eskainiko digula.

      Jakin badakigu antzezpen hutsa dela baina, hala eta guztiz ere, urduritasun puntu batekin onartzen dugu gugandik hain hurbil ibiltzea gizarteak baztertutako gizon eta emakume horiek. Are gehiago falta diren beste biak ikusten ditugunean: bata buru-atzerapenak eta hainbat kolpek jotako boxeolari ahaztua, eta bestea modelo izan nahi zuen baina telefono erotikoan ibilia den emakume neurotikoa.

 

      Kritika sozialetik haratago doan antzezlana

      Nahiko erraza izango litzatekeen lau antiheroi hauetaz baliatzea kritika sozialaren arlo hutsean geratzeko, baina erraztasuna ez da sartzen ez Trapu Zaharra ez Salamancako Zanguango Teatroren planteamenduetan. Biek ala biek egindako ibilbide luzean kontzesiorik gabeko umorea landu dute, denok inguruan ditugun pertsonaia xume baina maitagarriak agerraraziz eta bizitza arruntak ezkutatzen duen poesia nabarmenduz. Esandako ezaugarriok ahalbidetu egiten dute fantasia eta xamurtasuna ere noizean behin agertzea baztertuen bizimodu gordinarekin batera.

 

      Ikusleekin konektatzeko egundoko erraztasuna

      Era berean, ikaragarria da talde biek daukaten eskarmentua kale-antzerkian, eta urtetako jakituria horrek egundoko erraztasuna ematen die ikusleekin konektatu eta xumeen oinarrizko filosofiari etekina ateratzerakoan.

      Alderdi artistikoen artean aipatzekoa da lau aktoreen interpretazioa. Oso interesgarria da ere bai dramaturgiaren egitura arina, lauren istorioak eta eromen uneak etengabe gurutzatzen dituena, bizitzaren hariekin oihal eder moduko bat sortu arte. Baina —musika eta argien diseinua ahaztu barik— aipamen berezia merezi du plastikoz, oihalez eta egur zatiez eraturiko eszenografiak. Izan ere, bere pobretasun itzelean aberatsa da oso eta sorpresez beteta dago, bere baitan bizi diren lau baztertu maitagarriak bezala.