Sartu buru-belarri
Joxemari Carrere
Euskaldunon Egunkaria, 2002-07-11
Donostiako Antzerki Feria

      Halaxe gonbidatzen gaituzte Donostiako Bulebarrean jarri duten karpa txikian. Burua sartu eta dantzari baten joan etorriak ikusiko ditugu minutu batzuetan. Producciones Imperdibles dantza proposamena da. Eta beste hainbat proposamen izango ditugu zain Gipuzkoako hiriburuan hasi den Antzerki Ferian. Antzerkian buru-belarri sartzeko gonbita dugu egunotan. Aurtengo berritasunen artean dantza ekoizpenei eman zaien garrantzia izango da segur aski. Dantzari leku garrantzitsua utziz Feriak irabazi egingo du aniztasunean eta ikusleak hain ezaguna ez den arlo hori ezagutzeko aukera paregabea izango du; are gehiago talde gehienak euskaldunak izanik; izan ere, egungo dantza joerak ez baitira ezagunegiak gure artean eta halako ekimenak onura baino ez digu ekarriko. Baina antzerkiaren festa da Feria eta antzerki ekoizpen bikainak datozkigu aurten ere. Bertako taldeak nagusi izanda, interesgarrienak estreinaldiak izanen dira segur aski. Horien artean arreta gehien deitzen dutenak Toda la Biblia o casi Kanpingags konpainiak eskainiko diguna eta La mano del emigrante Tanttaka konpainiaren eskutik helduko zaigu. Azken hau Manuel Rivas idazle galiziarraren testu batean oinarrituta dago. Maskarada taldeak bere aldetik gaztelaniaz eskainiko du Kontenedore baten istorioak. Espero dezagun honek ere gure mugaz kanpo behar adinako arreta izatea, ezin baitugu ahaztu Feria honetako xederik nagusiena ikuskariak saltzea dela, eta horretarako penintsulako hainbat programatzaile helduko dira. Eta programatzaile horiek euskal taldeez gain gure mugaz haraindi heldutakoak ere ikusi ahal izango dituzte. Aurten Latinoamerikatik ekarri dituztenak ere badaude, Feriaren antolatzaileen asmoak agerian utziz, alegia, itsasoaren beste aldean gertakari hau ezaguna egitekoa.

      Programa betea dugu, antzerkiaz blai egiteko modukoa. Era guztietako taldeak eta ekoizpenak. Dena dela badaude alde aldrebesak ere, ulergaitzak egiten direnak, esate baterako La Fura dels Baus konpainiak eskainiko duen lanaren programatzearen inguruan. Baina horretaz bihar mintzatuko gara. Orain antzerkira goaz.