antzezpen kritikak
< Pieza laburren eztena | Natura antzezle >
Lau zerbitzari basoan
Agus Perez
Berria, 2016-06-23
“Uda gau bateko ametsa”

Zuzendaritza: Fernando Bernues, Iņaki Rikarte. Euskaratzea: Juan Garzia. Diseinua, eszenografia, jantziak eta karakterizazioa: Ikerne Gimenez. Musika-zuzendaritza: Iņaki Salvador. Koreografiak: Jon Maia. Argien diseinua: David Alkorta, Xabier Lozano. Lekua: Donostiako Kristinaenea parkea. Data: Ekainak 21.

      Uda hastearekin batera etorri da Donostia 2016ko ekitaldi nagusia izan daitekeena, hiriko Kristinaenea parkean Uda gau bateko ametsa eszenaratuta. Estreinaldira bertaratzea lortu duen kritikari hau —majo kostata, dena esan behar badugu— harrituta geratu da muntaiak hartutako dimentsioekin eta haren logistika orbangabearekin, soinu arazoak gorabehera.

      Hermia eta Demetrioren ezkontzako gonbidatuak izan dira ikusleak, eta beren rolean sartzeko, zer hoberik otordu bat bainoago? Alaitsu jesarri gara aulki eskematikoetan, eta beheko zelaian eman digute Basque Culinary Centerrek prestaturiko afari eskematikoa, ardoa zurrustaka zebilela. Ez naiz ni gastronomian aditua, baina norbaitek gastrodiseinu kontzeptua sinatzeak zer pentsatua eman dit eta gustatuko litzaidake adituren baten iritzia jakitea. Nire aldetik, gomendio hauek: etxetik eraman gatza eta kaferako azukrea, geroko cavari uko egin eta gozatu hari laukoteko musikarekin.

      Lehen ordubeteko beroketa gainditu ostean hasi dira benetako emanaldia eta Patxo Telleriaren moldaketak. Haietariko nabarmenena Lisandro Lisandra izatea izan da, Miren Gaztaņagaren antzezpen indartsuan bermatuta, eta ikusleek txalotu egin dute eredu monolitikoa apurtzeko hautua, baina gainontzeko guztian berdin-berdin jarraitu du garai hartako —eta oraingo— molde konbentzionalak, maitasun erromantikoaren ameskeria lagun. Afaria amaitu ostean aulkitxo kirtenduna eskuan hartu eta parkean zeharreko ibilbideari ekin diogu, bertako paraje misteriotsuetan gertatu baitira jatorrizko argumentuaren eszena nagusiak, argien diseinu sotilean bilduta eta jantzien edertasunak hornituta.

      Gaualdian zehar, piano baten, bi abesbatzaren eta haize boskote baten musikak inguratu gaituzte eta geldialdi bakoitzeko diseinu eszenikoek ederki irudikatu dute basoko gauaren magia giroa. Esandako guztian zeharka Isidoro Fernandez eta Ane Gabarain ibili dira On Egeo eta Alkatesaren pertsonaietan, eta bereziki gozagarri egin zaizkigu alkatesaren rol satirikoa eta Gabarainen antzezpena. Aktore eta partaide guztien interpretazioak izan dira maila altukoak, baina guztietan samurrena eta aberasgarriena lau zerbitzariena izan da. Ramon Agirre, Josean Bengoetxea, Mikel Laskurain eta Jose Ramon Soroiz ibili dira basoan zehar eztei-ospakizunerako antzezlan txoroa prestatzen, eta lauren artean sekulako laukote komikoa osatu dute hitzez, bihotzez eta ekintzez, beren opari eszenikoaren balioaz jakitun izanik.

      Dirudienez, hasiera batean Juan Garziaren euskaratze jasoa baliatzeko aukera kontsideratu zen, eta nik esango nuke haren arrastoaren aztarnak antzeman daitezkeela hitzen edertasunean, baina esku-programan behintzat ez dira ez haren izena ez Shakespearerena agertzen. Ordea, lau komikoek amaieran emandako antzezlan laburra kontraste nabarmenean geratu da ordura arteko dotoreziarekin, seguruenik pertsonaien izaera landugabea azpimarratu nahian, egileak bere garaian egin nahi izan zuen bezala.