Mundu posible bat
Agus Perez
Berria, 2003-11-02
“Ohe handi bat”

Taldea: Logela multimedia. Musika zuzenean: Non demontre. Antzezlea: Gorka Fernandez eta Fox zakurra. Break dantzaria: Patxi Cia. Graffitigileak: Daim, Bada. Lekua: Bilboko Erribera azoka. Eguna: urriak 31.

      Bilbo Antzerki Dantza (BAD) jardunaldien baitan zenbait ikuskizun programatu dira Bilboko Erribera azokako goiko solairuan. Kutsu alternatibo edo gazteagoa duten emanaldion artean berebiziko jakingura piztu du Logela multimediak sortutako Ohe handi bat izeneko muntaiak.

      Logela multimedia Elorrioko gazte batzuek eratutako kolektibo bat da, eta daborduko beste esku-hartze batzuk egin dituzte musika zuzenean eta bideo-proiekzioak uztartuz. Oraingo honetan, baina, jauzi kualitatibo garrantzitsua eman dute, aurreko elementuak beste batzuekin dantzaria, aktorea eta graffitigileak elkartu dituztelako elkarreraginez jositako multimedia ikuskizun hau sortzeko. Muntaiaren multimedia izaera argi geratzen zaigu agertokiaren disposizioa ikustean. Eskumako aldean, Non demontre taldekoek jokatzeko tokia dago (ahotsa, gitarra elektrikoa, baxua eta perkusio guztiz berezia, txalaparta barne), erdialdean lanari izena ematen dion ohea, eta alboan pantaila handi bat bideo-proiekzioak ikusteko. Atzealdean eta goian, beste pantaila osagarri bat eta agertokiko mutur batetik bestera doan mural bat, bertan graffitigileek beren lana egin dezaten.

      Bidaiak aitzaki

      Elkar eraginak edonondik agertzen dira lan honetan, esandako elementuez gain Hegoalderantz eta Iparralderantz egindako bidaia bi direlako emanaldiaren aitzakia nagusia, Bilboko San Frantzisko auzoa abiapuntutzat hartuta.

      Horrek guztiak hainbat hartu-eman aberats sortzen ditu etengabe gure burmuin eta zentzumenetan. Alde horretatik ez da ahaztu behar itsuarena egiten duela aktoreak eta beste zentzumenez, batez ere usaimenaz, baliatzen dela bere auzotik ibiltzeko. Etengabeko elkar eraginen joko horretan, Senegalgo Saint Louis eta Bilboko auzorik biziena lotuta geratzen dira immigrazioaren kontura, eta Hanburgok Bilborekin duen antzaz jabetzen gara graffitigileen bitartez. Guztiz interesgarriak dira, era berean, irudien eta musikaren arteko harremanak, eta ezin eragingarriagoa iruditu zait errealitatea bideo irudien bitartez berrinterpretatzeko estiloa. Izan ere, bakoitza hunkituta gera daiteke muntaiaren alderdi bat edo bestearengatik, baina ni bereziki ukitu naute errealitatea berreraikitzen duten hainbat irudik, hala nola La Cantera plazaren inguruko gogorapen poetikoek, Non demontrekoen gitarra elektrikoaren intentsitate neurtuak edota itsu protagonistaren edredoiak hartzen duen mundu posible baten formak.