Galtzerdi zulodun haiek
Agus Perez
Berria, 2004-04-04
“Galtzerdia”

Taldea: Taun Taun Zuzendaria: Itsaso Azkarate Egokitzapena: Karlos Odriozola, Itsaso Azkarate Argiztapena: Santi Ezkurra. Musika: Koldo Lizarralde. Antzezleak: Itsaso Azkarate, Iñaki Mata, Karlos Odriozola. Pakua: Zornotza aretoa. Eguna: Apirilaren 2a.

      Taun Taun Teatroaren azken lana ikusteko parada izan dugu Zornotza aretoan, Bergaran estreinatu eta ume-antzerkirako Feten ferian harrera ona izan ostean.

      Mariasun Landak idatzitako Galtzerdi suizida-ren kontakizunean oinarritzen da Taun Taunen obra hau. Bertan, galtzerdi abenturazale baten gorabeherak azaltzen dizkigute, lehen jabearen eskegitokitik ihes egiten duenean hasi eta bere bizitzako dama aurkitzen duen arte. Ikusten denez, printzipioz umeen gustuko argumentua da, samurra eta bariatua. Baina nik, ustezko heldu moduan, gatz eta piper gehiago eskatuko nioke istorioari, berez politikoki zuzena dena zoragarria izan zedin, luzaroan geratzeko umeen eta helduon bihotzean. Esaterako, niri beharbada gustatuko litzaidake jakitea zergatik bizi den hain era bakartian postaria, zergatik duen hainbeste lan, nor bizi den laugarren solairuko lorearen etxebizitzan eta ÐSilvio Rodriguezek esango lukeen moduanÐ nora joan ziren bota genituen galtzerdi zulodun haiek, hainbeste estimatzen genituenak.

      Bilaketa poetikoaeta gaitasun artistikoa

      Baina, argumentuaren neutraltasuna gaindituta, benetan zoragarria dena Taun Taunekoek egindako taularatzea da. Izan ere, kontakizunaren normaltasunak beste dimentsio bat hartzen du Bergarakoen eskuetan, taldeak burututako bilaketa poetikoari eta gaitasun artistikoari esker.

      Alde horretatik, bereziki aipatzekoa da galtzerdi protagonistaren ikuspegitik eraiki dituztela panpinak, hau da, behegainetik ikusita. Horrela izanik, garai-garaiak dira gizakiak eta, betiere galtzerdiaren perspektibatik, oso buru txikiak dituzte. Ikuspegi berezi horri eusteko benetako aktoreen eta panpinen arteko elkarketa bitxia burutu dute, Taun Taunen jatorrizko aurkikuntza jo daitekeena. Errealitateak bere proportzioak galtzen ditu galtzerdi baten begietatik ikusita eta muntaiak ere inpresio berbera sortzen du, argiarekin eta agertokiaren tamainarekin jokatuz. Izan ere, proportzioak beste era batean emateko trebetasun horrek, beren-beregi konposaturiko soinu-bandak eta panpinen edertasunak nabarmen igoarazten dute umeengan pentsatutako muntaia honen kalitatea.