Sofa gaineko gerrak
Agus Perez
Berria, 2004-04-21
“A ze parea!”

Konpainia: Maskarada. Jatorrizko eleberria: La guerra del sofa. Egilea: Manuel Hidalgo. Itzulpena: Patxi Ugalde. Egokitzapena eta zuzendaritza: Carlos Panera. Antzezleak: Asier Hormaza, Maria Dondiz, Andoni Agirregomezkorta, Katrin Schlegel. Lekua: Bilboko Bilborock aretoa. Eguna: Apirilak 19.

      Bere ibilbidean orain arte jorratu gabeko arlo bati ekin dio Maskarada taldeak A ze parea! lanarekin. Egia esan, Bilborock aretoan ikusi berri duguna estreinaldia baino aurretiazko emanaldia izan da, benetako produktua Pasaian aurkezteko asmoa baitute. Beraz, zuhurtziari zor zaion begirunearekin hartu beharko dira gaur jasotako inpresioak.

      Ondo pentsatuta ere, izugarrizko aldea dago duela urtebete pasatxo estreinatu zen Konbat preziagarri haren eta gaurko antzezlanaren artean, hala egiletzari dagokionez Ðgogora gaitezen noizean behin Koltes ia gaindiezin hartazÐ nola gaiaren dentsitate existentzialari begira.Hala eta guztiz ere, nahiko existentziala da A ze parea!-ren aztergaia, bikoteen elkarbizitzaren kontuak munduko gairik existentzialenak diren neurrian. Nola ulertu bestela gutariko edonor hainbeste tematzea besteak konketan utzitako iletxoengatik edota altxatuta ahaztutako pertsiana nork jaitsiko duen arazoarengatik? Ba al dago hori baino gai existentzialagorik?

      Egilearen ikuspegi berezia

      Orain arte esandakoarekin errazago ulertuko dugu Carlos Panera zuzendariak Manuel Hidalgoren liburuarengatik egindako hautua. Egileak egunez eguneko miserietatik saiatzen delako aldentzen, edo behintzat distantzia zuhur batetik saiatzen delako ikusten edozein bikoteren bizimodua mikaztu ahal duten huskeriak. Gainera, Hidalgok samurtasun puntu bat eman die bikote barruko ika-miken garraztasunari, ironiaz erreparatuz giza kondizioari eta bihozberatasunez tratatuz ikuslearen aurrean desfilatuko duten pertsonaiak. Eta testuaz ari garela, aipatzekoa da Patxi Ugaldek egindako euskaratzea, zuzentasuna eta naturaltasuna elkartu baititu jatorrizko liburua itzultzean.

      Muntaiak, dena den, badu aspaldion hainbeste hedatu den Komediaren kluba-ren kutsua, baina taula gainean lau aktore izateak asko zabaltzen ditu posibilitateak. Bestalde, dramaturgia nahiz eszenografia arin-arinei esker etengabe konbinatzen dira ikusleei begira egindako berbaldiak eta pertsonaien arteko elkarrizketak, erritmoa arinduz eta besaulkitik ikusten dena nolabait dibertsifikatuz. Nik, benetako estreinaldiari begira zerbait hobetzekotan, zer hauek aldatuko nituzke: alde batetik, emanaldiaren luzera laburtuko nuke, progresio dramatiko baten ezean ikuslea nekatu daitekeelako esketx segida luzea ikustean; eta bestetik, pertsonaien balizko barne-nortasuna indartuko nuke, bizitza arrunteko txikikeriek sakontasun gehiago har dezaten.