Istorio bat, hiru kolore
Agus Perez
Berria, 2004-06-26
“Isla(da)k, jokoak eta proposamenak”

Jatorrizko ideia eta musika zuzendaritza: Itziar Barredo. Eszena zuzendaria: Jasone Alba. Gidoia eta poemak: Yolanda Arrieta. Antzezlea: Nagore Orbelzu. Lekua: Bilborock aretoa. Data: Ekainak 23.

      Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbo inguruan antolatzen dituen Arte eta Kulturako Topaketen V. edizioari hasiera emateko Isla(da)k, jokoak eta proposamenak izeneko ikuskizuna aurkeztu da.

      Niretzat bereziki zirrara handiko emanaldia izan da, zehatz-mehatz duela bederatzi urte izan nuelako Jasone Albaren aurreko lana ezagutzeko parada, eta harrez geroztik ez dudalako haren beste berririk izan. Orduko lan hura Bihozkadak guztiz gogoangarria iruditu zitzaidan, eta, oraingoan bezala, zenbait lengoaia eszeniko elkartzen ziren bere baitan Yolanda Arrietaren testu poetikoak oinarritzat hartuta.

      Isla(da)k, jokoak eta proposamenak honetan hiru elementu desberdin elkartu dira, berriz ere, Jasone Albaren zuzendaritzapean. Bata Itziar Barredoren pianoa da, bestea Nagore Orbelzuren interpretazioa, gorputz mugimendua, antzezpena eta deklamazioa uztartzen dituena, eta hirugarrena agian hunkigarriena hitzen esangura eta ahotsaren edertasunarengatik Garbiņe Abendaņoren ekarpena da.Abestien errepertorioan Euskal Herri osoko hamabi kanta herrikoi eta Albaren kolaboratzaile hurkoa den Milena Perisic kroaziarraren beste lau melodia agertzen dira Yolanda Arrietaren hitzekin jantziak. Emanaldiko kanta guztiak zein baino zein ederragoak dira, eta denen artean emakumearen gaineko ikuspegi orokorra osatzen da, hiru emakumeen soinekoen koloreek zuriak, gorriak eta beltzak sujeritzen duten moduan. Orain arte esandakoaren arabera alderdi lirikoak gidatzen du emanaldia, baina argi dago aldi berean funtsezko rola betetzen duela Nagore Orbelzuk, gorputz, mugimendu, keinu, begirada eta hitzekin hornituz, osatuz, kontrastatuz pianoak eta ahots lirikoak taula gainean jarritakoa. Mila esker, beraz, bost emakume hauei beren kemena eta inspirazioa taula gainean jartzeagatik. Horrelako ekimenak arrunkeriaren basamortuan jaiotako loreak bezalakoak dira. Espero dezagun beste areto askotan ere gozatu ahal izatea muntaia zoragarri honekin.