antzezpen kritikak
< Heriotza errepikatuak | Izan ala ez izan >
Bazen behin, Lekeition...
Agus Perez
Berria, 2004-07-13
Lekeitioko Nazioarteko 15. Kale-Antzerki Jaialdia

Obrak eta konpainiak: Anacabe kapitainaren balada (Lekeitioko jaialdia), Narcise guette (Ilotopie), Zakarrontzietako abentura (TEN-Pinpilinpauxa), 12K (Hortzmuga), En derangement (La Cie. du petit monsieur). Lekua: Lekeitio. Egunak: Uztailaren 9, 10eta 11n.

      Bazen behin, Lekeition, inoiz existitu ez zen Anacabe izeneko kapitain bat, baleak ehizatzen jarduten zuena. Bazen behin inoiz existitu ez zen Visitacion M” de Azkuena delako bat, benetako apaiz, idazle eta filologoarekin antz handia zeukana eta Anacaberi buruzko herri-kantu bat jaso ei zuena.

      Fikziozko egoera horren gainean Javier Gonzalez de Duranak testu bat idatzi du lekeitiarra eta H. Melvilleren Akab kapitaina pertsona berbera izan zitezkeela esanez, eta, Lekeitioko jaialdiak ekoiztuta, irakurketa dramatizatua atondu du Carlos Panerak Konpainia elizan. Gaiaren interesak bultzatuta, jende asko hurbildu zen elizara eta nik behintzat guztiz sinetsita entzun nituen Ramon Castro aktorearen hitzak, harik eta zenbait izen eta datu nahasgarrik sinesgaitz bihurtu zidaten arte istorio polit hura. Hain zuzen ere, nik uste dut horretan datzala lan honen balio nagusia, sinesgarri bihurtzean fantasia hutsa dena. Irakurraldiaren laztasuna zertxobait leuntzeko, diapositiba gutxi batzuk proiektatu ziren eta musika hirukote bat ere aritu zen hasieran eta amaieran, Anakab kapitaina beste antzezle batek gorpuztu zuenean, elizako korutik. Emaitza, oro har, onargarria izan zen, batez ere kontuan izanda dena prestatzeko izan duten denbora laburra.Bazen behin Ilotopie izeneko frantziar konpainia bat, denok aho zabalik utzi gintuena portuko ur gainean antzeztu zutenean. Gure amets absurdoenetan ager litezkeen irudirik harrigarrienak azaleratu zituzten, abiadura geldoan eta oso era poetikoan. Emaitza zertxobait lausotu zen soinu-banda eskasarengatik eta aktoreak bozgorailurik gabe aritzeagatik, baina irudi batzuk ur azpitik agertu zen oturuntza mahaia, ur gainetik zihoan ziklista, arraun-ohe erraldoia... betiko geratuko dira askoren oroimenean.Baziren behin euskal konpainia bi, TEN-Pinpilinpauxa eta Hortzmuga deitzen zirenak. Nafarroakoak aspaldiko lagunak dira Lekeitioko jaialdian eta aukera honetan piratak ekarri zituzten, itsasontzi gainean eta guzti, herriko kale estuetan, umeak eskifaia zirela. Ederrak, benetan, nafarren kontakizuna, girotzea eta umeak poltsikoratzeko era. Bizkaikoek, aldiz, munta handiko tramankulu sorta jarri zuten martxan kaietatik bufoien mundua irudikatzeko. Ordubeteko kalejira erritmo, koloretasun eta sorpresa ugarirekin apaindu zuten, talde koordinazio itzela erakutsiz eta argi baino argiago utziz kale-animazioan hartu duten trebezia.Bazen behin Frantziatik telefono kabinarekin eta guzti etorritako gizon bat, bereak eta bost egin behar izan zituena kabinan sartu eta dei bat egin ahal izateko. Bera eta orain arte komentatutako besteak izan dira Lekeitioko onenak aurten ikusi ditudanen artean. Eta hala zan ez bazan, sar dadila kalabazan eta ager dadila Lekeitioko plazan!