Duintasun irakaspena
Agus Perez
Berria, 2016-10-04
“Treblinkara azken trena”

Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Jatorrizko ideia eta argumentua: Ana Pimenta, Fernando Bernues. Testua: Patxo Telleria. Eremu eszenikoa: Fernando Bernues. Jatorrizko musika eta soinu-espazioa: Iņaki Salvador. Jantziak: Ana Turrillas. Attrezzoa eta tresneria: Julitxu Gysling. Antzezleak: Jose Ramon Soroiz, Maiken Beitia, Eneko Sagardoi, Gorka Martin, Jon Casamayor, Kepa Errasti, Mikel Laskurain, Nerea Elizalde, Tania Fornieles. Lekua: Donostiako Larratxo Kultur Gunea. Eguna: Irailak 30.

      Ideia batengatik hiltzea erraza dela zioen Janusz Korczak-ek: askoz zailagoa dela ideia baten alde bizitzea. Varsoviako ghettoan umezurztegi bat antolatu zuen mediku eta pedagogoak eta Stefania Wilczynska haren lankide nekaezinak gizatasun eta duintasun irakaspen itzela eman zuten nazien krudelkeriaren aurrean. Haien figurak eta eredua deskubritzeak piztu zuen Ana Pimentarengan antzezlan hau taularatzeko gogoa.

      Berrehun ume omen zeukan umezurztegi hark eta berrehun bat leku bete ditugu ikusleok leku hartako gela nagusian, ohatzetan etzanda edo egurrezko mahaien aurrean eserita. Gelako mutur bakoitzean ekintzarako beste leku esanguratsu batzuk atondu dira, hala nola sendagilearen kontsulta eta bulegoa, antzerki emanaldiak emateko lekua eta musika gela, Eneko Sagardoik estilo finez jo duen piano zahar batez hornitua. Antzezleak ikusleon artean ibili dira gu geu gertakizun haien parte izan garelako, eta lekuak ematen zuen azken aukera ere baliatu da, kanpoalderako atea ganoraz baliatuta, bisitan etorri direnak —naziak zein juduak— handik sartu direlako, eta bertatik irten direlako umeak eta bi helduak Treblinkarako trenera joateko, holokaustorako bidean.

      Jatorrizko pertsonaiei zor zaien begirunea dela medio, ez da Ana Pimenta eta Fernando Bernuesen argumentuan izugarrikeria nagusitu. Nahikoa zuten protagonistek Varsovian zeukaten panoramarekin eta kanpotik etorritako injerentziekin! Gainera, euste bide horretatik askoz argiagoak eta eredugarriagoak iruditu zaizkigu Korczak eta Wilczynskaren jarrerak, adibidez estoiko eta harro esan dutenean baldintza ikaragarri haietan umeen alde jardutea ez zela sakrifiziotzat hartu behar, beren bizitza-proiektuaren errealizazio pozgarritzat baizik.

      Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean eta attrezzo zein jantzi egokiek lagunduta, jatorrizko pertsonaiak bezain eredugarri ibili dira antzezle guzti-guztiak, arlo profesionalean eta haiekiko distantziak gordeta, noski. Are gehiago kontuan izanda antzezleak albo-alboan eduki ditugula behin baino gehiagotan, urruntasunak emandako edozein artifizio ezabatuta eta horrek dakarren inplikazio mailarekin. Izen guztiak nabarmenduko nituzke hemen, baina Soroiz maisuarena azpimarratuko dut berriz ere, zortekoak garelako herri honetan bera bezalako aktore handia edukitzeagatik, bera ikusi eta antzezlea ez ikusteagatik, antzezten duen pertsonaia eredugarria baizik.