antzezpen kritikak
< Tonu kontua | Petra von Kanten bidaia >
Arrosak inausten
Agus Perez
Berria, 2007-11-18
“Amamaren memoria”

Zuzendaria: Jean-Marie Broucaret. Zuzendari laguntzailea: Txomin Heguy. Aktoreak: Axen Egaņa, Olatz Beobide, Joxelu Berasategi, Lierni Fresnedo, Mikel Laskurain, Yannic Vergara, Kepa Errasti. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Azaroak 16.

      Arrosak inausten dago amama, edo bestela, fruta-arbolak ureztatzen, eta bitartean etxea suak hartuta dago, prestatzen ari zen janaria su gainean ahaztu duelako. Lehenago ere hozkailu barruan gorde du egunkaria, eta horrek guztiak burutik sano ez dagoela adierazten digu.

      Alzheimerra da Amamaren memoria antzezlaneko gai nagusia, eta, bide batez esanda, pozgarria da jakitea antzerkiak gaurkotasun handiko gaiak aztertu ahal dituela, betiko tragedia klasikoak eta komedia arinak plazaratzeaz gain. Chimeres konpainiak eta Pok ekoizpen etxeak elkarlanean sortutako bigarren lan honetan ondo baino hobeto islatzen dira eritasunaren prozesua eta haren inguruan sortzen diren ondorioak. Izan ere, senide bakoitzak bere jarrera zehaztu beharko du arazoaren aurrean, gizatasunez jokatuz edo berekoikeria muturreraino eramanez. Gainera, Herve Jaouen-en testuak aukera politak ematen ditu amamak bizi izandako momentuak gogoratzeko, eta horrela, oroimen kolektiboaren une garrantzitsu batzuk --Parisen liberazioa, kasu-- eta pertsonalagoak diren beste batzuk gogoratuko ditugu emanaldian zehar. Haien artean bereziki polita da amamak Espainiako torero batekin izandako amodioa.

      Jean-Marie Broucareten muntaian garrantzi handia hartzen dute agertoki eskematikoak, objektuen erabilera zehatzak eta erritmoaren bizkortasunak, eta hiru elementuon arteko harreman sakona ezinbestekoa da antzezlanaren sendotasuna eta bizia ziurtatzeko. Annie Onchalok diseinatutako eszenografiak irudiak proiektatzeko pantaila eta egur beltzeko mailak besterik ez ditu, baina guztiz eraginkorra da testuak eskatutako egoera guztiak di-da batean gauzatzeko. Aldi berean, eszena bakoitzean erabiliko diren objektuak ezustean agertzen dira testuak aipatu ahala, eta bistatik desagertu behar diren gauzak jardunean ez dauden aktoreek beraiek kentzen dituzte.

      Horrek guztiak oso kutsu jostagarria ematen dio lanari, nolabaiteko kontrastea sortuz gaiaren larritasunaren aurrean. Horretan ere asko laguntzen du biloba gaztearen pertsonaiak, baikortasunetik eta samurtasunetik ikusten duelako amamaren egoera. Alde horretatik, azpimarratzeko modukoa da Yannick Vergararen rola, bere gainean dagoelako kontakizunaren pisu nagusia. Berarekin batera, betiko efikaziarekin jokatu dute beste guztiek, eta haien artean sorpresa polita eman digu Axen Egaņak bere pertsonaia maitagarriaren interpretazioarekin.