antzezpen kritikak
< Berbak euria lez | Patsa da bidea >
Uretako eraztuna
Agus Perez
Berria, 2008-07-09
“Putzuak lehortzen”

Egileak:Maite Agirre, Garbi Losada. b>Zuzendaritza:Garbi Losada. b>Lekua:Donostiako Antzoki Zaharra. b>Eguna:Uztailak 6./p>

      Bere bikotekideak ezkontzea proposatu ostean, uretara bota zuen eraztuna Ramonak eta, hala ere, harekin bizitzen jarraitu zuen, urte luzez. Kontraesan hori eta beste asko agertzen dira Putzuak lehortzen izeneko antzezlanean, bikote bizitza -benetakoa baldin bada- kontraesanez betea delako. Horrek, baina, hurrengo puntura eramaten gaitu, kontraesanak bizitzaren ezinbesteko baldintza direlako baina, aldi berean, haietatik askatu behar dugulako geure burua, norabide jakin batean aurrera egin nahi badugu behintzat.

      Garbi Losada eta Maite Agirreren artean idatzitako testuak giza kondizio hori jasotzen du, nahiko era poetikoan, bikote barruko txikikerietan gehiegi jausi gabe eta pertsonaien pentsamenduen ildotik ibiliz. Pentsamenduaren dibagazio-kutsu hori lortze aldera zenbait errekurtso estilistiko erabili dituzte eta haien artean esaldien errepikapenak eta denboran zehar egindako jauziak dira nagusiak. Muntaiaren dramaturgia ere bide beretik doa, eta bikote helduarekin batera -Maite Agirre eta Ander Lipus- Ines Martinez de Iturratek eta Joseba Usabiagak osatzen dutena dago, bi protagonisten gaztaroa irudikatuz eta denboraren eremuan aurrera eta atzera joatea ahalbidetuz.

      Aktore taldeari dagokionez, aberasgarria da paralelismo hori eta, gainera, beste dimentsio batean erakusten dizkigu Maite Agirre eta, batez ere, Ander Lipus, oraingo antzezlana berak interpretatutako beste guztiak baino askoz konbentzionalagoa delako, ohiko eskemetatik urruntzen den arren. Ines Martinez de Iturrateren rola, berriz, garrantzi handikoa da, berak konposatu eta jokatutako musikak jokoan dauden elementuak lotu eta intentsitate dramatikoa ematen dielako. Joseba Usabiaga, ordea, ez da besteen mailara iritsi, nahiz eta bere aurreko antzezlanean -Bota patsa!- aktore-sen nabaria erakutsi zuen.

      Gauzak horrela, nik esango nuke ariketa dramatiko estimagarri baten aurrean gaudela eta testuak bilatzen duen poetikotasuna dramaturgiarekin eta eszena gaineko elementuekin eraiki dela.