antzezpen kritikak
< Isabelen korapiloa | Berbak euria lez >
Hiru obra labur
Agus Perez
Berria, 2008-08-24
“Otsoko” + “Ezker-eskuma” + “El concursazo”

Konpainiak: Gaitzerdi, Glu-glu eta Trapu Zaharra. Lekuak: Bilboko Arriaga plaza eta Bilborock aretoa. Egunak: Abuztuak 21 eta 22.

      Bilboko Aste Nagusian antzerki emanaldi asko eskaintzen dira eta lerrootan haietariko hiru komentatuko ditugu.

      Gaitzerdi taldeak Arriaga plazan aurkeztutako Otsoko pieza Txano Gorritxo-ren ipuinean oinarritzen da fabula berritzaile bat sortzeko. Lan honekin Euskal Ikuskizun Onenaren saria lortu du konpainiak Leioako Umore azokan, baina egiatan badirudi kontakizun ilun eta transzendentala eratu nahi izan dutela. Helburu horri begira, abilezia nabariarekin konbinatu dituzte jantzi beltz luzeak, borroka-arteak, akrobazia ariketa sinpleak eta elementu eszenikoak. Emaitza, ordea, nahasia izan da, eta hasi eta ordu erdira argi zegoen agortuta zegoela proposamena eta off ahotseko narrazioak ez zela nahikoa balizko istorioa bideratzeko.

      Nagusientzat, Bilborocken egondako Ezker-Eskuma izan da euskarazko antzezlan bakarra. Glu-glu ekoizpen etxearen lan honetan Loli Astoreka eta Iņake Irastorza ditugu taula gainean, bi emakume bakartiren laguntasun korapilatsua antzezten, eta benetan ez dakigu zer dugun gustukoen: pertsonaia bakoitzak bestearengana hurbiltzeko duen modu berezia ala antzezle bakoitzak duen nortasuna. Zeren eta Loli animalia eszeniko indiziplinatua da, nahi gabe ateratzen zaiolako bere bizkaiera jator-jatorra, eta horrexek egiten du berezi eta maitagarri bere pertsonaia. Iņake, berriz, hor dago, sendotasunez interpretatzen emakume gogortuaren rola eta Lolirekin duen harreman eszenikoa portu onera eroaten. Bide batez esanda, asko gozatu genuen bien lanarekin, eta ikusleek berotasun handiz eskertu zuten muntaiaren gozotasuna.

      Berriz ere Arriaga plazan, ondo baino hobeto eman dugu eguerdi euritsu bat Trapu Zaharra konpainiaren El concursazo-rekin. Izan ere, lan hau taldearen onenetariko bat da eta ikusleak zintzo-zintzo sartu dira lehiaketaren gidariak proposatutako erokerietan. Gauzak horrela, hozkailu zatar bat garraiatu dute Bidebarrieta kaletik, atari bateko txirrinak jo eta handik irten den emakume umoretsua ekintzan integratu dute, ikusleen zapatak eskatu eta lortu ere egin dituzte eta beste hainbeste gauza zoro, ero eta ganorabako burutu dituzte. Gainera, betiko lez, kontrolpean eduki dituzte kale-antzerkian sortu ahal diren ateraldi guztiak eta gure miserien gaineko gogoeta planteatu dute egoera barregarrien artean.