antzezpen kritikak
< Hirurak bat | Larzabal gaurkotua >
A ze parea!
Agus Perez
Berria, 2009-04-07
“Ate joka”

Konpainia: Txalo. Bertsioaren egilea: Ritxi Lizartza. Zuzendaria: Begoņa Bilbao. Antzezleak: Iker Galartza, Joseba Usabiaga, Sara Cozar. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Apirilaren 4a.

      Neil Simon iparramerikar gidoigilearen The Odd Couple (Bikote bitxia) ahaztezin hartan inspiratu dira Txaloko kideak Ate joka izeneko komedia eratzerakoan. 1968ko film hartan -aurretiaz antzezlana izan zen- Jack Lemmon eta Walter Matthau ziren protagonistak, eta bien artean sortutako bikote artistikoak komedia inteligentearen goia jo zuen. Lan haren arrakasta ulertzeko, kontuan hartu behar dugu Simonen gidoiaren bikaintasuna, noski, baina ezin dugu alboratu bi aktoreak ezin hobeto moldatu zirela jatorrizko gidoiaren gorabeheretara.

      Horrelako kasuetan baten batek pentsa lezake gidoia aktoreen neurrira eginda dagoela, baina ikusleengan benetako eragina duten lanetan gauzak ez dira horrela egiten, alderantziz baizik, eta antzezleak dira jatorrizko testuaren menpe daudenak.

      Begoņa Bilbaok zuzendutako Ate joka honetan nahita ezabatu dira orain arte aipatu ditugun erreferentzia guztiak, seguruenik konparazio ezinezkorik ez sortzearren. Baina nik uste dut bete-betean eta ia-ia nahi gabe asmatu dutela sorkuntza honekin, berriz ere suertatu delako gidoiaren eta antzezleen arteko sinbiosi miresgarri hura, oso gutxitan gertatzen dena eta, gertatzekotan, antzerkiaren magian zeharo murgiltzen gaituena.

      Gauzak horrela -eta Ritxi Lizartzaren bertsio bikainari jarraiki- bizitasun handiko pertsonaiak gorpuztu dituzte Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak, ņabardurez beteak eta maitagarriak bezain gorrotagarriak biak ala biak. Baina, beharbada, Usabiagaren pertsonaia egiten zaigu deigarriagoa, ikusle gehienok sufritu dugulako ate joka etorri zaigun arazoz eta ahuldadez beteriko lagun tamalgarri hori eta, horren ondorioz, luzaroan jasan ditugulako bere parasito-izaera eta txantaje emozionalak.

      Sara Cozar, berriz, bi gizonen osagarri eta kontrapuntua izan da berak egindako bi roletan, eta hiru antzezleen sendotasunari esker gustura baino gusturago sartu gara itxuraz arina baina egiatan mamitsua den komediaren zurrunbiloan. Izan ere, lehen hogei minutuetan etengabeak izan dira ikusleen barreak, eta gero zertxobait apaldu dira, argumentuak azaleratzen duen giza bilakaeragatik, baina, hala ere, goi mailako umoreak uneoro zipriztindu ditu elkarrizketa eta egoera guzti-guztiak.