Hain hurbil, hain urrun…
Agus Perez
Berria, 2017-04-13
“Ele, Lauaxeta - Lorca”

Gidoia: Jon Maia. Zuzendaria: Josu Kamara. Jantziak: Leire Santillan. Musikariak: Gorka Hermosa, Jesus Prieto. Dantzariak: Angela Carbajo de Lera, Arkaitz Pascuas. Interpreteak: Jon Maia, Ana Salazar. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Apirilak 8.

      Euskaltzaindiaren hiztegian ele hainbat gauza da, alfabetoko letra izateaz gain: hitza, hizkuntza, mintzaira, literatura —ele-eder neologismo ederrean— eta baita ere berriketa, alegia, ipuina… Aldiz, Andaluziako erdaraz ele! da abeslariari adorea emateko interjekzioa haien herri-adierazpen nagusian, hau da, cante flamenkoan. Bitxia bada ere, L letraz hasten dira gure Estepan Urkiaga “Lauaxeta” eta haien Lorca poeta gorenen izenak, eta adimen emozionalari kasu eginez, ezin dugu hori guztia kasualitatetzat hartu.

      Adimen emozionalaren bidetik sortu eta mamitu da sentikari sailkaezin hau, eta neuk ere lanak izan ditut fitxa teknikoa egiterakoan, ditxosozko etiketa —antzerkia, dantza, performancea, bertsolaritza, flamenkoa…— ebatzi behar izan dudanean. Gauza bera geratuko zitzaion Euskal Herriko programatzaile askori, zeren bestela ez da ulertzen martxoan izan diren urteko ekitaldi nagusietan —dFeria, Loraldia…— lan eder eta borobil hau kontuan hartu ez izana.

      Josu Kamara Larrabetzuarra iraupen-lasterkari horietako bat dugu, eta luzaroan isilean ibili ostean, hara non edozein gauzarekin konparaezina den proposamen honekin etorri zaigun, zentzumen oro gozatuz, enteleguari ate joka, egia historikoarekin ditugun zorrak kitatuz eta aurretiaz ezarritako eskema oro apurtuz, mailu eta fereka aldi berean.

      Aitor dezadan: Eako Poesia Egunek argitaraturiko Luzien Etxezaharretaren liburuxkari ostu diot mailu eta ferekaren ideia, iruditu zaidalako ezin hobeto irudikatzen duela lan honen muin poetikoa. Jon Maia bertsolariak eratu du gidoia Lorcaren poemak eta Lauaxetarenak uztartuta, eta zeregin horretan Gotzon Barandiaran eta Jon Kortazarren ezinbesteko laguntza eduki du, baina seguruenik Alba Carmona arduratu da Lorcaren testuen hautaketaz. Haietariko batzuk Lauaxetak euskaratu zituen, Lorcari zion mirespenak bultzatuta eta baten bat —Lauaxeta Lorcaren ilargiari so gutxienez— bi poeten olerki banaren uztarketa miresgarriaren fruitua izan da.

      Horren guztiaren planteamendu eszenikoa koherentzia handikoa izan da. Agertokiaren alde banatan kokatutako poeten irudiek eratu dute dekorazioa: Nikolas Lekuona ordiziarraren estilo abangoardistan inspiratuta daude —bere bando frankistaren bonbardaketa batean hil zen Fruizen— eta egurrezko xaflekin egindako aurpegiei sestra-kurba itxura metaforiko ederra eman diete. Olerkarien figurak aldi bereko bi planotan eratu dira, dantzari eta esatari-interprete banak jokatuta eta, horri guztiari zentzua, azpia eta esangura emanez, zuzenean jotako musika egon da, nazioarteko maila duten Gorka Hermosa akordeoilari eta Jesus Prieto “Pitti” gitarristari esker.

      Ederrak izan dira kantak, ederrak interprete guztien jantzi sofistikatuak, ederra planteamendua, ederrak dantza flamenkoaren molde koipetsuetatik urrun egon diren adierazpen eleganteak. Alde artistikotik ezin hobeak suertatu dira irudi proiektatuak, sakona eta zintzoa dokumentazio-lana, eta hunkigarria benetan azken atalean Jon Maiak izaera pluraleko Euskal Herriari egindako oda bikaina, beraren eta askoren arbaso etorkinei eskainia. Txaloen txandan lehen unetik bertatik altxatu dira ikusle asko, eta entusiasmoz txalotu dituzte proposamen eredugarri honen balio morala eta kalitate ukaezina.