antzezpen kritikak
< Gai tolesgarriak | Poesiaz birjabetuta >
Bizitzaren korapiloa
Agus Perez
Berria, 2012-08-11
“Bejondaigula!”

Lekua: Viktoria Eugeniako Club aretoa. Eguna: Abuztuak 9a.

      Bizitzaren korapiloan endredatuta dabiltza bi lagunak, aspaldiko elkar ezagutzak ematen dien giza aberastasunean murgilduta. Biak ala biak dira aktoreak eta gaurkoa izango omen da elkarrekin egingo duten azken emanaldia. Agertokira irten aurreko prestaketetan aurkituko ditugu, bien arteko funtzionamendu arruntean itxura guztien arabera. Hala ere, gauzak zer diren, zerbait gertatuko da eszenara irten aurretik, eta bizitzak paraturiko egoera berriari aurre egiten ikasi beharko dute, atoan, gu geu bihurtuta horren guztiaren lekuko.

      Carles Alberolak idatzitako komedia dramatiko honek maisuki konbinatzen ditu giza intereseko osagai ugari, eta hasiera batean argumentu zehatzik ez duela badirudi ere, horrek areagotu egiten du testuaren naturaltasuna. Izan ere, bizitzak berak ez dauka argumentu zehatzik, eta beharbada horrexegatik egiten zaigu aldian behin zoragarria. Bestalde, protagonistak bizi diren gizartearen elementu soziologikoak ere txertatu ditu egileak han-hemenka, umore onean bilduta, lagunarteko giroari dagokion bezala.

      Ramon Agirre eta Niko Lizeaga dira bizitzaren korapilo honen protagonistak —eszena teknikariaren unez uneko esku hartze txukunarekin—, eta bien artean bikote eszeniko gozagarria sortu dute egilearen beraren zuzendaritzapean, eta Aitziber Garmendiaren laguntzarekin. Ramon bere saltsan ibili da bere pertsonaia zirikatzaile, bakarti, eta, itxura batean, aldaezinean sartuta, eta Nikorengan, berriz, ñabardura askotariko sendotasun eszenikoa preziatu ahal izan dugu.

      Ulertzekoa denez, euskarari emandako tratamenduak garrantzi handia hartu du antzezlanaren funtzionamenduan, eta alde horretatik esan beharra dago bete-betean asmatu dutela itzultzaileek —Xabier Etxaniz Rojo eta Ramon Agirre bera— hizkera arina eta hizkuntzaren berezko dotorezia uztartzerakoan. Gainera, ulertu behar dugu jatorrizko testuak Valentziako gizarte eta pertsonaiei egiten ziela erreferentzia, eta alde horretatik ere, eredugarria izan da geure inguruari egindako egokitzapena. Esate baterako, egileak Ovidi Montllor poeta eta abeslaria aipatzen zuen, eta gurean Herrialde Katalanetan bezainbesteko estimazioa duen artista bat aipatzeko, Xabier Leteren figura hautatu dute, ezinbestean.