antzezpen kritikak
< Iraganean arakatzen | Lar maitekorra >
Pantaila aurrean lo
Agus Perez
Berria, 2014-11-15
“Barealdi magikoa”

Egilea eta zuzendaria: Alfredo Sanzol. Antzezleak: Mireia Gabilondo, Jose Kruz Gurrutxaga, Aitziber Garmendia, Itziar Ituņo eta Martxelo Rubio. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Azaroak 12.

      Pantaila aurrean lo geratu da bulegaria, eta zurrungaka dagoela, bezero batek eskuko telefonoarekin grabatu du eszenan eta lagunen artean zabaldu.

      Aitzakia horretatik abiatuta, oso testu berezia idatzi du Alfredo Sanzol antzerkigileak, benetakoa zitekeena eta guztiz ezinezkoa dena elkarren alboan jarriz eta, bide batez, hainbat kontu interesgarriri ekinez. Horren guztiaren atzean, nola ez, giza-harremanak daude, ikuspegi nahiko surrealistatik hartuak, baina bidean sakoneko auzi batzuk ere aipatu dira; hala nola sare sozialen eragina, intimitate publikoaren kontua, norberaren obsesioen mugak eta semeak aitari dion miresmena.

      Eszenaratze honetarako Tanttaka konpainia Espainiako Centro Dramatico Nacional-ekin ibili da elkarlanean, eta seguruenik horrexegatik jardun du Sanzol egileak eszena zuzendari. Ostera, egile moduan erakutsi dituen bertuteak ez ditu erakutsi zuzendari legez, testu bikainari zegokion maila onirikoa estilorik gabeko estetika gogorrean eman baitu, erabateko naturalismoari men eginez eta ametsen mundura doazen bide guztiak konbentzimendu handiz oztopatuz.

      Zuzendariak arlo estetikoan ametsen munduari uko egitearen ondorioz, eszenografia estatiko eta itxia izan da argumentuko eszena guztien gertalekua nahiz eta, ene uste apalean, kontakizunaren giro onirikoak zerbait moldagarriagoa edo sotilagoa behar zuen naturalismoaren atzaparretatik ihes egiteko. Iradokitze lanaren beste arlo nagusietan, argiztapen kolorista eta musika funtzional polita eratu dute Xabier Lozanok eta Iņaki Salvadorrek, urrunegi joan gabe, hala ere. Seguru nago ez dela sormen faltagatik izan —biak dira maila altuko profesionalak—, eta orduan ulertu behar dut beren sen artistiko ukaezina proposamen naturalistaren zerbitzura jarri dutela.

      Beraz, horren guztiaren erdian geratu dira antzezleak, testu surrealista bati inguru desegokian bizia emanez. Eta esan beharra dago denek eman dutela beren baitako onena enpresa zail horretan, halako moldez non guztiz sinesgarriak egin zaizkigun egileak proposaturiko egoera absurduak eta pertsonaia erdi-patetiko, erdi-maitagarriak. Harkaitz Canoren euskaratzeak ere freskotasuna eta dotorezia eman dizkie dialogo eta bakarrizketa mamitsuei, baina hizkeraren abiadura ikaragarriak nabarmen zaildu du testuaz eta antzezpen bikainez gozatzea. Antza, Sanzolek berak eskatzen die antzezleei 1 Formulako abiadura ematea hitz egitean. Berak jakingo du zergatik, baina mortaloi modako zuzendarien beste burugogorkeria bat iruditzen zaigu.