antzezpen kritikak
< Hareazko hormak | Rolak trukatuz >
Rolak trukatuz
Agus Perez
Berria, 2015-02-28
“Arren ganbara eta emeen sotoa”

Egilea: Luis Riaza. Moldaketa, itzulpena eta zuzendaritza: Iņaki Ziarrusta. Aktoreak: Eņaut Gantxegi, Florentino Badiola, Eneko Sagardoi, Marina Aparicio. Lekua: Kultur Leioa aretoa. Eguna: Otsailak 26.

      Makineria eszeniko enigmatiko baten erdian agertu dira lehen antzezleak, Atx Teatroaren azken muntaian. Arren ganbara eta emeen sotoa izenburu luze eta berezia ederto dagokio Luis Riazak (Madril, 1925) idatzitako obra konplexuari, eta bere lerroetan rol aldaketa esanguratsu batzuk gertatzen dira —emeak eta arrak, jauntxoak eta bufoiak, errealitatea eta antzezpena...—, frankismo garaiko zentsura saihestu nahian, agian. Egiatan, ordea, boterearen gaineko gogoeta jasoa da, eta distantziamendu abstraktu horrek eman dio denboraren higadura gainditzeko indarra.

      Riaza egile isilarazia da Espainian, baina nahiko ezaguna gertatzen da Europako zenbait herritan, eta Iņaki Ziarrustaren euskaratze finari esker Euskal Herriak ere jasoko du haren testigantza baliotsua. Testuak, zelan ez, garai haietako existentzialismo berantiarraren aztarnak gordetzen ditu bere baitan, eta argi dago europar korronte batzuen eragina jaso zuela; hala nola, krudeltasunaren teatroarena, edota absurduarena. Ziarrustak egindako lana, beraz, merezimendu handikoa da, ez bakarrik kanpoko obra handi bat geure moldeetara ekartzeagatik, baizik eta testuaren maila literario itzela dotoreziaz eta jariotasunez etorrarazi duelako.

      Osterantzean, beste kontu bat da testua egokiena ote den antzezleen ahotan eta ikusleen belarrietan ibiltzeko, baina alde horretatik ere argia bezain ausarta izan da Atx Teatroaren hautua: euren ustez —eta neurean ere bai— ikusleak trebatu egin behar dira kalitatezko testuak entzuten eta prozesatzen, eta arlo horretan eredugarria izan da ahotsen tratamendu landua, modulazio, proiekzio, ahoskera eta intonazioari begira.

      Proposamen eszenikoari dagokionez, lehen esandako makineriak protagonismo sinbolikoa hartu, eta nolabaiteko kutsu liturgikoa eman dio muntaiari, izenburuko ganbara eta sotoa irudikatzeaz gain, boterearen mekanismo itsuak eta naturaren indar ilunak sinbolizatu dituelako. Gainera, estetika bortitz eta artegagarri horretan bat egin dute argien diseinu erdi tenebristak, musikaren hautapen egokiak eta jantzien itxura groteskoak.

      Aktoreak, azkenik, zeharo integratu dira proposamenaren osotasunean. Elkarren arteko kohesio handia erakutsi dute denbora guztian, eta beren jarrerak, ahotsak eta keinuak taldearen planteamenduen erakusle izan dira, norberaren jarrera dramatikoa anplifikatuz eta ikusleak goragoko esangura maila batera eramanez. Sendotu da, beraz, bide berri bat euskarazko errotiko antzerkigintzan. Ongi etorria eta urte askotarako izan dadila.