Antzerki laburraren erakustaldia
Agus Perez
Berria, 2015-04-22
Antzerki Arina jardunaldiak

 

      Hirugarren aldiz antolatu ditu Bilboko P6ko kolektiboak Antzerki arina izeneko jardunaldiak, eta uste dut badela garaia ekimena komentatzeko.

      Jardunaldien ideia konplikatua bezain erakargarria da. Asteburu bateko hiru egunetan antzezlan labur batzuk ematen dira ordu erdiro, aldi berean eta txoko desberdinetan taularatuta: era horretan, ikusleek aukera dute arratsalde entretenigarri bat igarotzeko eta talde berrien proposamenak ezagutzeko. Martxoa eta apiril arteko bost asteburutan burutu da ekimena, Aste Santuan ere bai, eta ni oso eskertuta nago egun mortu horietan egitaraua ez eteteagatik, horixe baita Bilbok eskaintzen duen alternatiba laiko bakarra prozesio katolikoen irudi beldurgarritik ihes egin nahi izanez gero.

      Eskaintza horrek, noski, antolakuntza ikaragarria eta lokal asko eskatzen du, eta espazio kontuan ganoraz baliatu dituzte hurbil dauden Caritas-Ibaia zentroko gelak. Gainera, esandako lokalen erabilerak balio erantsia eman dio pieza batzuen planteamendu eszenikoari, bertako sukaldea, ludoteka, bulegoak eta bilera gelak baliatuta. Beste kasu batzuetan inguruko orube industrial abandonatuetan edo itsasadarreko ertzetan gertatu dira emankizunak, beraien interesa eta girotzea neurri handian aberastuz. Nik, ordea, nahiago nukeen emanaldietariko batzuk P6ko instalazioetan ikusi eta gizarte-zentroko gelak kasurik egokienetarako utzi, era horretan proposamen batzuek zertxobait irabazi zuketelako beren eszenaratzeen planteamendu eskasean.

      Egia esan, nik espero nuen jardunaldietako lan gehienak nahiko maila apalekoak izatea, baina kontrakoa gertatu da: pare bat kenduta, egitarauan agertu diren beste guztiek —hamabost denera— gauza interesgarriak plazaratu dituzte, benetako auziei erantzuten saiatu dira —antzezpen bikainekin askotan— eta eszenaratzean probetxu ona atera diete errealitateak eskainitako posibilitateei.

      Ikusle taldeak antzezpen lekuetara bideratzerakoan eta girotze orokorrean askoz gehiago egin zitekeen euskararen presentzia hobetzeko —batez ere kontuan izanda ikusle gehienek euskaraz ere badakitela—, baina behintzat azken asteburuan hiru emanaldi programatu dira euskaraz eta haietaz mintzatuko gara jarraian. Voyeurs delako lana euskaraz ere eman dute, baina bazterrean utziko dugu bere kalitate txarra dela-eta, are txarragoa izan zena euskararen erabilerari dagokionez.

      Maila amateurrean geratu da, aldi berean, Azucena eta Violeta Trincadok idatzi eta zuzendu duten Ausartien bidaia, baina kasu honetan interpretazioek eta euskararen erabilerak aise bete dituzte duintasun eta adierazkortasunaren parametroak. Testuak Melillako hesiaren arazoa agertzen du, umore puntu batekin, bi etorkin afrikar Errege Magoen roletan sartuta, baina hortik aurrera ez du beste ezer planteatzen eta aukera politak galtzen ditu komikotasun errazaren bidetik. Aldiz, Saioa Iribarrenek eta Ander Basalduak sortu eta antzeztutako Beltxarga beltza-k askoz maila hobeagoa erakutsi du nork bere buruan dituen obsesioak ispilu joko baten bidez eszenaratzean. Bai Saioak bai Anderrek mugimendu kalitate ona erakutsi dute, batez ere aurpegiko keinuetan, eta testuak ere maila polita eduki du, baina filosofikoegia suertatu da eremu eszenikoaren pobreziarekin alderatuta.

      Dudarik gabe, Galder Perezek sortu eta zuzendutako pieza —Off the record— izan da hiruretan borobilena. Izan ere, zirkulu batean agertzen dira piezako bi aktoreak —Aiora Sedano eta Ane Zabala—, eta haien inguruan jesarri dira ikusleak, argiztapen egokiaren laguntzaz erabateko zentraltasuna emanez bertan gertatzen zenari. Perezen izaera jostagarria eta kolorista jantzien, atrezzoaren eta dialogoen diseinuan agertu da, eta egoeraren garapena denbora mugatuaren zorduna izan arren, bi antzezleek segurtasun osoz gorpuztu dituzte menperatzaile eta menperatuaren rolak, era zirkularrean ere bukatuz elkarri botatako dema.

      Jardunaldiok hartzen ari diren garrantziaz jabetzeko, jakin beharra dago aurtengo edizioan bost sari banatuko direla, eta Kriseilu Saria euskarazko lan onenarentzat izango dela. Txapeldunen zerrenda ekitaldi batean jakinaraziko dute larunbat gauean.