antzezpen kritikak
< Jakin mina | Izaki magikoak >
Fantasiazko izakiak gara
Agus Perez
Berria, 2016-04-08
“Uda gau bateko ametsa”

Zuzendaria: Pablo Viar. Eszenografia: Josep Simon, Eduardo Diaz. Jantziak: Jesus Ruiz. Argiak: Carmen Martinez. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 6.

      Atenas mitiko hartan kokatu zituen Shakespearek bere pertsonaiak uda gau bateko ametsak bete zitzaten, eta egilearen heriotzaren 400. urtemuga gogoratzeko, ekoizpen handi hau aurkeztu du Bilboko Arriaga antzokiak. Taula gainean maila eta jatorri profesional askotako hogeita bat aktore elkartu dira —Bilbokoak edo Bizkaikoak gehien-gehienak, Joseba Apaolaza eta Mikel Losada izan ezik—, baina beraien arteko desberdintasunak ikusita, zentzuzkoa dirudi galdetzea ea irizpide geografiko hori nagusitu behar ote zen kasu honetarako.

      Espero zen bezala, muntaiak kalitate nabarmena erakutsi du eta zuzendariak abileziaz jokatu du, batzuetan karta seguruak erakutsiz —Calixto Bieitoren ildoko hautu estetikoan adibidez— eta beste batzuetan arrisku jokaldiak eginez, hala nola hizkuntzen tratamenduan eta tempo lasaiaren alde egindako apustuan.

      Izan ere, eskertzekoa da azken erabaki hori, aukera eman digulako egileak planteaturiko endredo korapilatsuaz jabetzeko eta elementu eszenikoen erabilera preziatzeko. Elementuon artean kokatuko ditugu XX. mendearen hasierako estiloko jantziak, diseinu eta egikera bikainekoak izan baitira, inkoherentzia garaikide ulertezin batzuekin hornitu diren arren. Gainontzean, egitura eta pasarela handiekin eraiki dira eszena batzuetarako agertokiak eta goitik jaitsitako soka handiekin Atenasen inguruko baso magikoa. Ez dut ulertzen, ordea, Puck iratxoak eskalatzeko korda haiekin batera agertu ez izana eta aulkiak eskegitzeko soka berberak erabili ez izana. Bestalde, argien diseinuak iluntasunera jo du gehienbat, eta horrek sano eragotzi du fantasiazko izakien aurpegiak ikustea.

      Hizkuntzen tratamenduari dagokionez, ingelesa, euskara eta gaztelania erabili dira emanaldian zehar, alderantzizko ordenan. Egilearen hizkuntza hasieran eta amaieran bakarrik entzun da, Teseoren hitzetan, gainontzeko guztia gaztelaniaz izan da, eta euskaraz egin dute Oberonek, Titaniak, Puckek eta basoko beste izakiek. Hautu zalantzagarria iruditzen zait fantasiazko izakiak eta euskara elkartzearena, baina horrela ikusten omen gaituzte erdaldunek, eta bide horretatik geure hizkuntzan entzun ditugu pasarte mamitsu batzuk, gozatzeko modukoak izan direnak Apaolaza eta Aritza Rodriguezen arteko solasaldietan. Osterantzean, mikrofono bidez entzun ditugu antzezle guztien ahotsak, eta horrek bi arazo larri ekarri ditu: alde batetik, behin baino gehiagotan eragotzi du ahotsaren jatorria jakitea eta, bestetik, zapalak bihurtu ditu antzezpen gehienak, aktoreek entzuleengana iristeko egin beharko luketen ahalegina errotik moztuta.