antzezpen kritikak
< Kita bat Herioarekin | Iceberga >
Paristik datorren kantaria
Agus Perez
Berria, 2016-12-03
“Mami Lebrun”

Egilea: Kepa Errasti. Zuzendaria: Getari Etxegarai. Musika eta moldaketak: Pascal Gaigne. Antzezleak: Ane Pikaza, Ainara Ortega, Kepa Errasti. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Abenduak 1.

      Udazken honen hasieran estreinatu zuen Xake konpainia sortu berriak Mami Lebrun antzezlana eta orain eduki dut hura ikusteko parada, Gasteizko euskaltzaleek Principal antzokiko besaulki-patioa polito betetzen zutela, batez ere kontuan izanda lanegun batean programatu dela.

      Talde jaio berriaren lehen ekoizpen honetarako istorio gizatiar bat idatzi du Kepa Errasti aktoreak, eta gertakizunak ia linealki etorri dira denboran egindako jauzi batzuk kenduta, Mami Lebrun izeneko pertsonaia antzezlaneko elementuen arteko lotura izanik. Ez da, kantan bezala, Paristik zetorren artista bat izan, baina Parisen ibili omen zen kantari nazien okupazioaren garaian, eta orain haren bilobak omenaldi bat egin nahi dio ezohiko bizitza eraman zuen amamari.

      Ikusten denez, abiapuntu interesgarria hautatu dute hainbat gai probetxugarriri ekiteko. Haien artean aipatuko ditugu euskaldunok gerra hartan jokatu genuen rola —ez beti obrak nahi duen bezain erromantiko eta garbia—, belaunaldien arteko senidetasuna eta, atzeko oihal gisa, maitasunaren kontua, ezinbestekoa dena ikusleen bihotza konkistatzeko. Horrelakoa da betiko antzerkia eta horregatik joaten gara hura ikustera.

      Nik uste dut, ordea, konpainia gazte honen kideek ez dituztela ondo neurtu esku artean zituzten baliabideak, eta haietariko asko ondo jokatuak izan diren arren, gutxienez funtsezko bi makaltasun handikoak izan direla. Bietan pobreena enpresa batek —ez artista batek— diseinatu duen eremu eszeniko hotz eta eskasa izan da, erabat babesgabe utzi baititu antzezleak, argumentuak eskatzen zituen giroak eta egoerak ganoraz gauzatu ezinik.

      Testuari dagokionez, gidoi bezala sinatu du Errastik berak, eta hautu horrekin larregizko eskematizaziora kondenatu ditu gertaerak, baina ahalegin politak egin dituelako solasaldi biziak sortzen eta bizkaierari zein lapurterari tratamendu duina ematen. Azkenean, nik uste dut zuzendaritza lanaren bizkar dagoela proposamenaren indarra hainbeste apaldu izanaren ardura, telebistan bezalako presarekin eman direlako hitzaldiak, pausa estrategikorik gabe, eta antzezleek azaletik interpretatu baitituzte pertsonaiak, haien barne-garapenei batere aukerarik eman gabe.

      Kontrako platerean, antzezleen kemena eta dohain naturalak ditugu: euskara polita, gorputz-adierazpen freskoa eta —gauzarik behinena— lanean gozatzeko gaitasuna.

      Horrekin batera, David Alkortaren argiztapenak eta Pascal Gaigneren soinu-bandak presentzia handia hartu dute emanaldiaren eraketan, eta haiei esker samurtu da antzezlanak izan duen funtzionamendu mekanikoa.