antzezpen kritikak
< Heriotza eredugarria | Gure antzerkia >
Azkena eta lehena
Agus Perez
Berria, 2017-01-04
“Maluta II”

Konpainia: Ganso & Cia. Musikariak: Iņaki Santos, Ebi Soria. Pailazoa: Gorka Ganso. Zirku artistak: Maria Villate, Lucas Locus, Izaskun Agirresarobe, J. Margallo, Ruben Martin, Laos bikotea. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Abenduak 30.

      Joan den urteko azken emanaldiarekin egokitu zait 2017ko lehen kritika egitea, eta gustura idazten ari naiz, cava kopa esku-eskura, bolbora usaina sudurrean gordeta eta emankizunak utzitako zapore onaz oraindik ere gozatzen.

      Zuriz jantzitako musikari bik egin diete harrera aretoa azken besaulkiraino bete duten ume eta helduei. Batek klarinetea jo du, besteak lepotik eskegitako orkestra txiki bat maneiatu du, eta Gorka Ganso pailazo garaikidea giro egokiaren sortzailea izan da, bai ikuskizuna hasi aurretik bai emanaldian zehar, bere bihurrikeria samurrak han-hemenka barreiatuz eta esku artean zerabilen urrutiko aginteari era guztietako txorakeriak aginduz, ume zein helduon gozamenerako.

      Bere dohain naturalen gainean bermatuta eta bai gorputza bai eszena menperatzeko tekniken jabe izanik, hainbat pasarte gogoangarri eskaini dizkigu batere sudur gorririk jantzi gabe. Mila esker, bide batez esanda. Haien artean barrez lehertzeko modukoa izan da bizikleta estatikoan egin duen ekilibristaren imitazioa, eta eredugarriak iruditu zaizkit ikusle bat eszenara ateratzeko modua eta harekin egin duen numeroa, edozein ikuslek egin zezakeelako baina, oinarri horretatik abiatuta, oso gauza txukuna eraiki duelako.

      Bitartean, sei artistak eman diote bizia arratsaldeari, haietariko bakoitzak beraren espezialitateko saio bana eskainiz. Maria Villate euskal herritarrak txinatar itzalen bidez aurkeztu dizkigu bihurrikatze arloan dauzkan gaitasuna eta prestakuntza fisikoa, gure irudimena piztuz berak sortzen zituen animalia-silueten bila. Alacantetik (Herrialde Katalanak) etorri da Lucas Locus malabarista, eta maila ona emateaz gain, arloa berriztatzeko grina erakutsi du bi plano diagonal zeuzkan mahaia erreboterako tresnatzat erabiliz. Suhar Prest neska bizkaitarra soka bertikalean aritu da, bere teknika orbangabea eta estilo pertsonala lagun eta dramaturgia arin bezain trufarian bilduta, sokari emandako ustezko nortasun matxinoari esker.

      Ordea, Extremaduratik (Espainia) etorritako J. Margallok ez du bere egunik onena izan onddo-sonbreiruen saioetan: ez du bat bera ere ganoraz osatu eta musika ere ez du ondo dimentsionatu. Eskerrak Ruben Martinek (Valladolid, Espainia) trebezia handia eta sormen polita erakutsi dituela bizikleta gainean, ariketa distiratsuak eta sinpatia eskuzabal banatuta. Baina duda barik, Argentinako Laos bikotearen esku etorri da kalitate goreneko ekitaldia: mutila oinarri eta neska ultra-arina airean, akrobazia-ariketa harrigarriak egin dituzte, bihurritzeak eta oreka arriskatuak etengabe konbinatuz eta grabitatearen legeekin nahierara jolastuz.

      Maluta deitu diote Basaurin egun batez eta Durangon hiru egunez programatu den ikuskizun honi, eta eguberri hauetako edizioa bigarrena izan da. Espero dezagun datorren abenduan eta hurrengoetan ere formula polit honetaz gozatu ahal izatea!