Zazpi urtez praktiketan
Agus Perez
Berria, 2018-05-19
“Morbus operandi”

Konpainia: Gilkitxaro. Egilea eta zuzendaria: Galder Perez. Antzezleak: Aiora Sedano, Ane Zabala. Lekua: Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea. Eguna: Maiatzak 17.

      Zazpi urte darama praktikak egiten antzezlaneko protagonistak, gaurko kapitalismo basatiaren atzaparretan preso, baina gaur egin dioten enkargua berezia da: munduko burtsetan igoera meteorikoa izan duen euskal enpresa bateko ugazaba elkarrizketatzea. Kazetari herabea jostailu erraza bihurtuko da enpresari harrapariaren eskuetan, eta bien artean sortutako harremanak asko edukiko du masokismotik alde batetik, eta sadismotik bestetik, horrela ezin hobeto parodiatuz eredu neoliberalaren eskema.

      Denboraldi honetan estreinatu den Morbus operandi honek bere jatorria dauka Bilboko P6k urtero antolatzen duen Antzerki arina izeneko zikloan, eta han ikusi genuen oraingo obraren prototipoa, 2015ean hain zuzen ere. Orduko hark —Off the record deitu zen— orain arte azaldutakoa biltzen zuen eta hogei minutu inguru irauten zuen. Emaitza hain izan zen borobila eta sarkorra, askok uste genuen polita izango zela haren jarraipena ikustea. Eta hala izan da: bizpahiru urte igaro ostean kazetari herabe hura enpresari putrearen prentsa-burua da, eta orduan hasi zen harreman jatorriz ustelak bere garapen naturala edukiko du, euskal thriller baten parametroetan barrena.

      Thriller politikoa da, ordea, eta umoretsua zinez, Galder Perezengan ezinbestekoa den legez, eta testuan parte hartze argia izan dute taula gaineko antzezle biek. Ene uste apalean, gainera, proposamen honetarako prestatu den dramaturgia eta planteamendu eszenikoa bat datoz erabat helarazi nahi den mezuarekin, eta horretan datza harribitxi txiki honen sekretua: dena gertatzen da lau metroko diametroko zirkulu batean, barruan egondako elementuak ahalik eta gutxienak izan dira eta haietariko bakoitzak bere rol eszeniko zehatza jokatu du, dela tabako paketea dela garai bateko grabagailua. Iraganeko objektuen desagerpenarekin —telefono kableduna, adibidez— eta protagonisten arropa-aldaketa sotilarekin ganoraz irudikatu da denboraren iragatea, eta ikusleok eszenaren inguruan kokatu gara, gure begiradarekin sinbolismo handia emanez boteretsuek ezkutatu nahi dizkiguten joko zikinei.

      Oihaneder jauregiko patio dotoreak esangura estetiko eta semantiko berezia eman dio lan ausart, fresko eta independente honi, eta argi dago bi pertsonaia enblematikoak aurrera eramateko arduradunak —Aiora Sedano enpresariaren rolean eta Ane Zabala kazetariarenean— denak emanda ibili direla emanaldi osoan zehar, bakoitza bere lanaren esanguraz kontziente izanik eta, aldi berean, esku artean zuten opari eszenikoaz sano disfrutatzen.