Morroi normal bat
Agus Perez
Berria, 2018-05-30
“Tomiris”

Konpainia: Atx teatroa. Testua, zuzendaritza eta antzezpena: Iņaki Ziarrusta. Musika: Palanka kolektiboa. Lekua: Bilboko La Fundicion aretoa. Eguna: Maiatzak 27.

      Tomiris deitzen omen da Edinburgoko night-club famatu bat, eta eszenario hartan gauzatuko du gure protagonistak aspalditik prestatzen dabilen mendekua. Txikitan arreba bortxatu zuenaren kontrako mendekua hain zuzen ere. Bortxatzailea hango delegaziora bidali zuen hemengo enpresak, ez bereziki kasu harengatik, baizik eta ordurako bere desmasiak ezagunegiak zirelako herrian. Gurean ere ezagutu dugu Britainiar Irletara bidalitako bat, pederastia kasu batean nahastuta agertu ostean.

      Antzezlaneko bortxatzailea ere morroi normala zen: lana, familia, onarpen soziala…, eta ezaugarri horiek ere baliatzen ditu testuak, gizon jaio ala emakume jaio, horrek ezinbestean dakartzan ondorio ia ikusezinei buruz berba egiteko. Fin gogoetatu ere, haietan hainbat kritika potolo txertatuta, hala nola estetika hiperfeminizatuaren ezaugarriak, bortxaketarik larrienak abusu soiltzat hartzeko joera eta biktima arruntak —biktima normala ote?—justiziarengan duen konfiantza falta.

      Pole dance-rako jantzita agertu zaigu protagonista, eta agertoki erdiko barra bertikalean burutu ditu gizonentzako klub horietan aritzen diren emakume gazteen eboluzio ustez probokatzaileak, abilezia handiz, ke zurian bilduta, musika elektrikoa lagun eta artistak duen prestakuntza fisiko nabarmenean oinarrituta. Eszenako albo batean makillatzeko mahaitxoa eta ispilu faltsua eduki ditu — bonbillaz inguraturiko markoa besterik ez—, eta beste aldean arropa-esekitoki bat eta aretoko atea zarratzeko kate luzea. Dena prest, beraz, mendeku eguna etortzen denerako. Bakarrik falta da erasotzailea bere gustuko klubean agertzea.

      Egileak eraikitako diskurtsoak lau plano nagusi eduki ditu: jatorrizko gertaera errealak eta haien ondorio psikologikoak, genero-arloko gogoetak, thriller eszenikoaren garapena eta pertsonaiaren beraren bilakaera, transgenero-eremuan kokatu dezakeguna. Izan ere, antzezleak etengabe jokatu du emakume zein gizon irudiarekin, bere gizon izaera emakumezkoarekin kontrastatuz eta dialektika horretatik urrats aberasgarriak emanez nortasun antimatxistaren bidean. Eboluzio horren misterioan eta antzezpenaren sendotasunean oinarritu da lanaren inpaktua, gu guztiok harrituta utzi gaituena, emaitza eszenikoan zirrikiturik gabe elkartu direlako Ziarrustaren bizkaiera jasoa, deklamazio perfektua, dekoratuaren zein janzkeraren irudi indartsua, argiak, musika, erritmo sostengatua eta, horren guztiaren ardatz, lan eredugarri honek helarazi digun mezu trinkoa.