Bi Ibsen baten prezioan
Agus Perez
Berria, 2018-12-04
“Garai zekenak”

'Garai zekenak': Bertsioa: Denise Despeyroux. Zuzendaritza: Raul Cancelo. Euskaratzea: Nerea Lorente. Jantziak: Oscar Armendariz. Antzezleak: Miren Gaztaņaga, Kepa Errasti, Gabriel Ocina, Arantza Goikoetxea, Aritza Rodriguez, Pako Revueltas. 'Un enemigo del pueblo': Bertsio librea eta zuzendaritza: Alex Rigola. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Egunak: Azaroak 29 eta abenduak 1.

      Egia esateko, ez dira bi Ibsen baten prezioan izan, baina haren bi obra data hurbiletan eta antzoki berean ikusi izanak eman dit izenbururako aitzakia.

      Garai zekenak izeneko lanak tanto guztiak ditu urteko antzerki-bizipen interesgarrietako bat izateko. Berez, Henrik Ibsenen testuek gaurkotasun handikoak izaten jarraitzen dute, idatzi zirenetik mende bat pasatxo igaro arren, eta ez bakarrik izaera luteranoko gizartearen disekzio zehatzak egiteagatik edo egile haren lanek erloju-makineria baten modura funtzionatzeagatik. Nik uste dut beren gaurkotasunaren sekretua emakumeengan zentraturiko ikuspegia dela. Azken finean, antzerkigile norvegiarrak zioenez, “emakumea ezin da gaurko gizartean benetan bera izan, gizonena bakarrik den gizartean, gizonenak bakarrik diren legeekin, soilik gizonen ikuspegitik epaitzen duten juje eta fiskalekin”.

      Ikusten denez, ez zaio gaurkotasunik falta, eta alde horretatik, ez dakit nik noraino zen beharrezkoa Denise Despeyroux uruguaiarraren moldaketa feminista. Dena den, ondo etorria izan dadila, ia oharkabean igaro den arren, zeren askotan klasikoen oso bertsio edulkoratuak ailegatzen zaizkigu, jatorrizko ertz zorrotzak kamustuta eta fokua alde anekdotikoetan jarrita, balizko arbuioak saihestu nahian. Ez da hori, ez, Garai zekenak honen kasua: Ibsenen Hedda Gabler hartu du Despeyrouxek bere testurako, eta Nerea Lorenteren euskaratze bikaina antzezpenen eta jariotasunaren alde kokatu da une oro. Jatorrizkoan bezala, mundu akademikoko lehia eta botere-borrokak agertzen dira oraingo bertsioan ere, baina orain ez dute zentraltasuna hartzen, eta Heddaren pertsonaia nabarmentzen da interes ilun eta azpijoko guztien erdigunean.

      Miren Gaztaņagak eraikitako pertsonaia enigmaz betea dago, eta artegagarria egiten zaigu bere kontraesanetan. Gizonen menpe bizi da, baina badaki bere botereaz baliatzen, gorroto ditu beren nagusikeria eta beste emakumeen jarrera otzana, baina harrapatuta dago gizonen sareetan. Gaztaņagak ņabardurez beteriko pertsonaia eskaini digu, neurrian beti eta distiratsua eszena guztietan —zenbat gauza gertatzen dira haren baitan!— Kepa Errasti eta Gabriel Ocinaren ezinbesteko laguntzarekin eta besteen antzezpen orbangabeekin. Gainera, esan beharra dago muntaiaren indarraren atzean Pako Revueltasen eskua ere egon dela, eta —argien diseinua lagun— Arriaga antzokiaren dotoreziak asko eman duela emanaldiak bere edertasun osoa lor zezan.

      Eta egunotan ikusitako beste lana Un enemigo del pueblo izan da (Herriaren etsai bat), Alex Rigolaren zuzendaritzapean. Agora jarri diote azpi-izenburu, eta ikusleei txartel berde eta gorri bana eman diete, emanaldian zehar izango ziren bozkatzeetan parte hartzeko. Hasierako minutuetan planteatu dute Espainian adierazpen-askatasunarekin dagoen arazoa, titiriteroak eta raperoak aipatuta —antza denez, demokraziaren erresuman ez dago ez preso politikorik ez erbesteraturik—, eta proposatu digute askatasunaren aldeko ekintza polita izan zitekeela emanaldia bertan behera uztea. Ni behintzat ekintza gauzatzearen aldekoa izan naiz, baina botoa eman ostean gutxigatik galdu du ideiak. Ai...!