Elkano Ilargian
Agus Perez
Berria, 2019-07-09
“Mundubira. Elkano, primus”

Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Elena Bezanilla. Antzezleak: Aitor Borobia, Xabier Ortuzar, Amaia Arkotxa. Lekua: Lekeitioko Ikusgarri aretoa. Eguna: Uztailak 5.

      Lehen Mundu Biraren 500. urtemuga betetzen da aurten, eta Lekeitioko Atabaka elkarteak Elkanoren inguruko aste bat antolatu du, erakusketa, mahai inguru, film, kale-ekitaldi eta antzerki formatuak erabiliz, espedizio hartako itsasontzi bat Lekeition egina zelako eta hango marinel bat —Domingo Barruti— herriko semea zela gogoratuz. Elkartearen esanetan, proiektu honekin “ez dute omenaldirik egin nahi, memoria astindu baino ez”. Izan ere, kolonialismoaren osteko gaurko ikuspegitik, beste era batean ikusten dira gauzak, eta horren adibide dugu Domingo Barrutiarena: bera ez zen inoiz bere jaioterrira bueltatu, Borneon laga zutelako, eta hori itsas-zeharkaldi hartako izugarrikeria bat baino ez da, dokumentatuta dauden edo inoiz jakingo ez diren beste askoren artean.

      Astearen harira antzerki formatuan etorri den antzezlana Loraldia jaialdian estreinatu zen martxoan, baina harrezkeroztik zeharo aldatuta etorri da ekoizpena, hasierako produktutik soilik Patxo Telleriaren testua geratu delako. Telleriaren planteamenduan, bigarren bidaia batean dago Getariako kapitaina eta haren alboan Juan de Zubilleta barakaldarra dago, txo baten rolean, benetan gertatu bezala. Hirugarren pertsonaia ere badago —itsaslamina itxurako lamia—, eta Elkano eldarnio betean dago, Zipango —oraingo Japonia— zeruko izarretan deskubritu nahian eta Ilargiko Baretasunaren itsasoan lehorreratu ezinik. Itsaslaminak lan bikoitza edukiko du, marinel gaztetxoa bere kantu ederrekin konkistatzen eta kapitain zoroaren ilargiratzea Houstongo kontrol-zentrotik ingelesez gidatzen.

      Bide horretatik, handia izan da hizkuntz-aberastasuna, ingelesaz aparte, euskara, gaztelania, portugesa eta italiera —azken hori justifikazio handirik gabe— erabili direlako unean uneko egoeren arabera. Euskarari dagokionez, bizkaiera polita erabili du Barakaldoko txoak, eta Elkano orainean bezala ari izan da batuaz, bien artean hika eta berorika ganoraz baliatuta, aginte-obedientzia kokapenei zegokien legez.

      Elena Bezanillaren zuzendaritzapean, oso eremu eszeniko soilduan agertu dira hiru antzezleak, taula gainean hiruzpalau objektu besterik ez zegoelarik. Antzezleek beren baitako guztia jarri dute biluztasun eszeniko horretan, eta Juan de Zubilletaren pertsonaiari esker etorri dira emanaldiko pasarte bizigarriak. Bide horretatik, testuak garrantzi handia irabazi du eta harekin batera etorri diren musikak eta abestiek nolabaiteko gozotasuna eman diete gertaera historiko latz haiei.