antzezpen kritikak
< Lubaki lainotsua | Biba teatroa! >
Ostrukaren B plana
Agus Perez
Berria, 2021-12-08
“Album”

Konpainia: Formol Laborategia. Zuzendaritza: Edurne Azkarate. Dramaturgia: Formol Laborategia eta ITU banda. Bideo proiekzioak: Bideolan eta Formol Laborategia. Antzezleak: Intza Alkain, Mikel Ibarguren. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Abenduak 6.

      Ba al dute ostrukek B planik? Egia ote da arriskuaren aurrean burua lurreko zulo batean sartzen dutela? Hegaztiak baldin badira, zergatik ez dute hegan egiten? Orain galdera berberak, baina gazteei aplikatuta: Ba al dute millenial-ek B planik, planen bat, edozelako planik? Egia ote da bizitzaren aurrean beren burua bakarrik kontuan hartzen dutela? Gazteak baldin badira, zergatik ez dute hegan egiten?

      Horrelako galderak planteatzen dizkiete beren buruari gure atzetik datozen belaunaldikoek. Orain Formol Laborategia talde ia sortu berriak ostrukaren irudia hartu du kontuari ekiteko, eta taula gaineko bi antzezleek beren bizitzak berrikusteari ekin diote, album bateko orriak erausiko balizkigute bezala. Talde ia sortu berria dela esan dut, nik dakidala hauxe dutelako estreinako lana, kontuan izanda haiengandik jaso genuen aurrekoa Maketa oraingo proposamenaren work in progress bat izan zelako, Oreretako Eztena jaialdian aurkeztu zena. Orain, Zu-bi izeneko beka eskuratu ostean, Durangon izan dugu ikusteko aukera, DA! azokako Szenatokiaren programazioan.

      Argi marra finek definitutako lauki baten barruan jardun dute bi antzezleek, atzean eta bertikalean neurri bereko pantaila zuri bat zeukatela. Esanguratsua iruditu zait horrelako disposizioa, nahi gabe-edo ordenagailu eramangarriaren irudia sortu duelako, batez ere testuak eta irudiak pantailan proiektatu direnean. Beraz, baliteke antzezleak zoruko tekla ikusezinen gainean ibili eta haiei ekinez errealitatea azaldu edota bertan eragin izana, baina metafora bisuala ez da hain era esplizituan gauzatu eta plano subliminalean geratu da.

      Hasierako atal batean iruditu zaigu azalpen-testuak idatzi ahala irakurtzen genituela, baina pantaila gaineko proiekzioak literaltasun handikoak izan dira bai testuei dagokienez bai protagonistek haurtzaroan jasotako irudien elikadura emozionalari begira. Une batetik aurrera, ordea, eskuko kamera batekin hartutakoak proiektatu dira, angeluhandi formatuan, bien aurpegiak horrela deformatuz, fisikoki zein metaforikoki. Beren bizitzen parte izan den soinu-paisaia aberatsak inguratu ditu bien ekintza fisiko zentzugabeak, bizitzaren zentzugabetasunari zentzua eman nahian, eta —ostrukaren irudia hobetuz— bereziki interesgarria iruditu zait Mikel Ibargurenek bota duen diskurtso azeleratua burua plastiko gardenezko motxila baten barruan zuela eta Intza Alkain airean flotatzearen irudia ematen zigula.

      Denak emanda ibili dira biak ala biak emanaldian zehar, eta San Agustin aretoa ondo betetzen zuten ikusleek gogoz eskertu dute proposamenaren kemena eta aurrerakuntza.