Heriotzari barre
Jaime Valverde
Gara, 2016-05-16
“Zerura Eroria”

Laudio, 2016-05-25. Taldea: Anodino Teatroa. Zuzendaria: Pablo Ibarluzea. Aktoreak: Aiora Sedano, Aitor Fernandino, Josu Florentino.

      Aste honetan zehar Aiaraldean ospatzen ari den Jalgi ekimenean asko izan dira antzerkiaz gozatzeko aukerak: besteak beste, Nomofobikak taldearen antzerki labur dibertigarria edota Hika Teatroren azken proiektu handia. Ordea, guztiak komentatzeko lekurik ez daukagunez, Anodino Teatroaren estreinako lanaren berri emango dut.

      Eskarmentu handiko partaideak batzen dituen talde honek Mikel Fernandinoren testu originala hartzen du oinarritzat Armandoren istorioa kontatzeko. Bere bizitza ezdeusa galdu ondoren, zerura heltzen da Armando gizajoa baina ez du agindutako paradisua topatuko, baizik eta arimei egoitza emanez izugarri hazi den negozio erraldoi bat. Kontua da kapitalismoak haraindiko dimentsioa ere konkistatu duela eta dena hankaz gora jarri.

      Izpiritu lotsagabe batekin Mendebaldeak beste munduaz eraiki duen imajinarioa berrikusten du Anodinok, funtsezko ikonoez gupidagabeki barre eginez. Karon, Virgilio, Heriotza edo Jaungoikoa bera irudikatzen dituzte, zein baino zein itxura barregarriagoaz.

      Taularatzea sinplea da eta aukera ematen die aktoreei beren gaitasun komikoa muturrera eramateko. Bai egoera dramatikoetan bai publikoarekiko harremanean nabaria da clown teknikaren eragina. Izan ere, horrek egundoko askatasuna eta freskotasuna ematen dio lanari.

      Inteligentea eta bihurria izateaz gain, originaltasun handikoa iruditu zait obraren ikuspegia. Atsedenik gabe egingo du barre zuzentasun politikorik eza maite duen ikusleak. Zalantzarik gabe, obra honen mailari eusten badio, Anodino Teatroa oso kontuan hartzekoa izango da.