Mikel Ayllon: “Sortu behar dugu, mundua jasangarriago egiteko”
Juanra Madariaga
Bilbao, 2024-03-01

Joan den urteko azaroan Piszifaktoria Ideien Laborategiaren azken lanaren estreinaldia gauzatu zen Bilboko Euskararen Etxean: Hau gerra bat da. Piezan antzerkia, dantza, musika eta hitza nahasten dira, eta tituluak dioen moduan, gerra da protagonista nagusia. Gerraren parametroetan murgiltzeko gonbita egiten zaio publikoari, eta publiko horrek, modu zuzenean partaidea izaten da, izan ere, kontakizunaren zenbait unetan, publikoak berak erabakiko du zein bide hartu. Irati Agirreazkuenaga, Iholdi Beristain, Mikel Ayllon eta Igor Arzuaga artistak aritu ziren antzezlanean. Mikel Ayllon bera arduratu da piezaren dramaturgiaz eta zuzendaritzaz, eta Igor Arzuagak sortu du musika. Lehenarekin izan gara antzezlan horretaz mintzatzen, eta hauxe da kontatu diguna.

      Piszifaktoria Ideien Laborategiak Hau gerra bat da ikuskizun berria estreinatu du. Zein mezu gordetzen du pieza berriak?

      Gerren inguruko hausnarketa bat da. Piezan esan dugun moduan, gure aurreko belaunaldi guztiek, nola edo hala, gerra bat bizi izan dute bertatik bertara. Pentsa genezake, beraz, gu ere ez garela basakeria horretaz libratuko. Aspalditik kezka handiz bizi dugun gaia da. Munduko hamaika txokotan daude gerrak piztuta, asko eta askoren oihartzunik iristen ez bazaigu ere. Guregandik urrun daudela ematen du, baina, funtsean, guk piztuak dira denak ala denak. Lurralde aberatsok hori egiten dugu, lurralde pobreetara joan gerra egitera, gure interesen alde, noski. Baina desmasia horien ondorioak gero eta gertuago daude: lurralde horietatik ihesi ate joka datozen errefuxiatuak, geuregandik gero eta gertuago entzuten diren bonbak edo Europa osoan eskuin muturrak bizi duen gorakada. Ezinbestekoa iruditzen zitzaigun hausnarketa artistiko bat egitea horri guztiari buruz, geure buruari galdetzea zer laztura ezkutatzen diren gerra baten barruan. Azken batean, 50 minutuz gerra bat bizitzea, gerra gehiagorik bizi behar ez izateko.

      Hori baino lehenago Hau ez da gerra bat ere ekoitzi duzue? Gaiaren aldetik berdintasunik al dago?

      Gerraren inguruko nolabaiteko diptiko bat osatzen dute bi ikuskizunok, izan ere, hausnarketa berean dute abiapuntua. Biak dira lan oso gordinak, zuzenak, matraileko gupidagabeak. Bietan da gerra protagonista, baina modu diferenteetan. Hau ez da gerra bat lanean gerrara hurbiltzeko modua soilagoa da, eguneroko keinu itxuraz txikietatik. Bikote batek harremanari amaiera emango dio taberna bateko terrazan, udako iluntze sargori batean. Horrekin abiatu ohi dira gerra asko eta asko. Bikotekide bakoitza gela batean sartuko da. Atea itxiko dute, bunker batean nola. Eta hizketan hasiko dira, argudio herrenak eta irain mingarriak desarratzen. Baina batak ez dio besteari entzungo. Ez dute elkar ulertzeko gogorik. Mina dago, besterik ez. Denok bizi izan dugun eguneroko koadro bat izan liteke erraz asko, baina bat-batean, nondik datorren oso argi ez dagoen soldadu bat agertuko da eszenan. Eta horrela sortuko dira geure ezin ulertuen eta gerretako kausa eta ondorioen arteko paralelismoak.

      Eta bi lan horien artean: Asfaltoaren azpian, euria murgiltze-esperientzia muntatu zenuten.

      Aspaldi da artearen munduan publikoa ez dela ikusle huts. Gure lanekin lortu nahi dugun helburu nagusia horixe da, hain zuzen, publiko aktibo bat, obra osatuko duena, emozionalki inplikatuko dena, prest dagoena gurekin bidaian etortzeko, bere burua aldatzeko, beste norbait izateko. Euskal Herriko kaleko arteen jaialdi nagusiak batzen dituen Karrikan elkarteak beka bat eman zigun lana aurrera ateratzeko, eta iragan udan Bilbon, Gasteizen, Hendaian, Leioan, Zarautzen, Antsoainen eta beste hainbat plazatan ibili ginen hori erakusten. Esperientzia zoragarria izan zen. Jendearekin herri horietako plazetan elkartu eta kaleetan barrena abiatzen ginen, belarrietan entzungailuak jarrita, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga denak ezabatuta. Hausnarketa, finean, oso sinplea da: ezagutzen al dugu benetan gure herria, gure hiria, gure auzoa? Eta gure hiriak gugan daukan eragina? Nork agintzen du nondik paseatu behar dugun eta nondik ez? Ba al dakigu nor den egunero kalean gurekin batera batetik bestera doan jende hori guztia?

      Zein asmorekin abiatu zenuten Piszifaktoria Ideien Laborategia? Nortzuek osatzen duzue?

      Igor Arzuaga musikaria eta ni neu elkartu ginen, duela ia hamarkada bat, kezka baten inguruan: mugak ikertzea, bai arte diziplinen artean dauden muga lausoak zein errealitatearen eta fikzioaren artekoak. Lengoaia desberdinak hibridatu eta munstro artistikoak sortzea zen gure asmoa, kosta egingo zaizkizunak sailkatzen. Gure obrak ez dira antzezlan huts bat edo musika pieza huts bat edo performance bat. Hori guztia dira, baina ez hori bakarrik, bizitza bera bezala. Bidean artista asko eta asko ezagutzen joan gara. Batzuk proiektu batean edo bitan hartu dute parte, eta besteren bat, Irati Agirreazkuenaga aktorea kasu, taldean geratu da gurekin, bidea urratzen.

      Zeu arduratu egiten zara piezaren dramaturgiaz eta zuzendaritzaz. Zer-nolako lana da zurea? Zeintzuk dira gainditu beharreko erronkak?

      Nahiko genuke lantalde erraldoi bat eduki, jende askoren ekarpenak jaso, bakoitza bere esparrutik. Baina errealitatea nahiko gordina da. Sektore hau oso prekarioa da eta denetarik egin behar duzu azkenean. Hartara, jende gutxirekin lan egin behar izaten dugu eta hamaika lan hartzen ditu bakoitzak. Beti esaten dut ez dela oso xamurra idazketa eta zuzendaritza uztartzea. Bi ikuspegi diferente dira. Paperean funtzionatzen duten gauza askok gero ez dute oso ondo ematen taula gainean, eta hortxe hasten da dramaturgoaren eta zuzendariaren arteko kalapita. Testu zati bat kendu, bestea moldatu... Idazleari idatzitako dena irudituko zaio ezinbesteko eta ez du ezer kendu edo moldatu nahi izango. Pentsa zer nolako gatazkak izaten ditudan buru barruan halakoetan. Nahiago nuke beste norbaitekin borrokan aritu, nire buruarekin baino.

      Zuek esana da: “Desoreka da gure oinarri nagusia. Desoreka delako mugimenduaren jatorri bakarra”.

      Proba egin dezakezu. Jarri zutik eta egon geldi-geldi. Giharrak uzkurtzen nabarituko dituzu. Ez da ezer gertatuko, denbora ere geratu dela emango du. Orain, askatu giharrak, utzi gorputzari joaten. Desorekak beldurra ematen du hasieran. Ate ireki bat da eta ez dakigu zer dagoen beste aldean. Erortzeko beldur gara, baina ez dago beste modurik. Oreka galdu behar da ibiltzen hasteko. Oreka galdu behar da sortu ahal izateko. Gero eta geldiago nahi gaituzte. Gero eta beldurtuago. Etxean itxita, pantaila baten aurrean. Horregatik egiten dugu desorekaren aldeko aldarria, ibili nahi dugulako.

      Eskuartean dituzuen obrez gain, bestelako ideiak badituzue bor-bor buruan, laster batean gorpuztuko dituzuenak?

      Gerraren inguruko gure lanak liburu batean jasoko dituzte eta udaberrian ikusiko dute argia. Testuak orrazten eta halako lanekin ari gara orain, ilusio handiz. Horrez gain, Loraldia Jaialdiak kultura digitala sustatzeko ematen duen beka irabazi dugu, Fikzio Fabrikako lagunekin batera, eta 2025eko jaialdian aurkeztuko dugun Hitzaurrea izeneko lana prestatzen ere hasi gara dagoeneko. Egia esan, ezin diogu sortzeari utzi. Munduan egoteko gure modua da. Edo hobeto: mundu hau jasangarriago egiteko daukagun modua da, eta nahiko genuke pentsatu, beste norbaiti ere laguntzen diogula gure lanarekin.