Mixel Etxekopar: “Sentitzen dut gure euskal mundu txikian tabu bat badela tziganoekiko”
Unai Brea
Argia, 2013-03-24

      Xiru jaialdiaren antolakuntzan murgilduta aurkitu dugu Mixel Etxekopar (Irabarne, Zuberoa, 1963). Martxoaren 22tik 24ra egingo da Xiru, Gotaine-Irabarnen. Azken egunean Etxekoparrek berak idatzitako Ederlezi pastoral ez-ohikoa jokatuko da, eta hori izan dugu harekin solasteko aitzakia nagusia. Nicole Lougarotek, Etxekoparren bikotekideak, ijitoen eta maskaraden arteko harreman zuzenaz 2009an plazaratutako Bohémiens ikerlanean oinarritzen da Ederlezi.

 

      Ederlezi. Eman lezake, baina ez da euskal hitza.

      Ederlezi tziganoen festa bat da, udaberriko festa, maiatzaren 6an Balkanetan egiten dutena. Guk izen hori hartu dugu metafora gisa, udaberriko pastorala baita gurea. Badakigu pastorala udan dela mementoan, baina denboran anitz aldiz egin izan da udaberrian ere. Guk hala eginen dugu, pastoral bat formatu txikian. Ederlezi-ren gaia eta mamia tziganoak dira, eta forma pastorala izanen da.

      Agian “alternatibo” da Ederlezi izenaren ondoan gehien erabili den adjektiboa. Bat zatoz?

      Erabili da, eta erabil bezate. Nik ez dakit zer den ortodoxia eta zer den alternatiboa. Niretzat pastorala bera da alternatiba mundu uniformizatu honetan, historien kontatzeko manera desberdin bat, aspergarria batzuentzat, oso garaikidea besteentzat eta zaharkitua hirugarrenentzat. Pastoralak hartu du forma bat orain, eta maite dut. Baina Patri Urkizuk bildu zuen liburu batean XVIII. mendeko pastoralen berri, eta aipatzen den lehen pastoralak 700 bertset edo kopla ditu, eta bederatzi aktore. Orduan, zer zen pastoral ortodoxoa edo alternatiboa? Egia erran, Xiru festibalean maite dugu tradizioa begiratzea, ez errepikatzen den gauza bat bezala, baina beti birsortzen den gauza baten gisa.

      Ederlezi-ra itzuliz. Tziganoak dira protagonista.

      Bai. Euskal Herrian buhameak deitzen dira, eta hortxe da kosketarik bat, zeren buhame, batzuentzat, klase sozial bat da, pobreena. Baina ez, populu bat da, Euskal Herritik pasatu eta hemen kokatu direnak XVI. eta XVII. mendeetatik. Halere, irudimen hori geratu da zeren batzuk ez baitira integratu, eta beti egon da halako bereizketa. Populu gisa bizi direno izanen da bereizketa hori. 1969an, uste dut, egin zuten tziganoen lehen munduko biltzarra, eta kontzientzia hori piztu zen. Nik hori euskaldun gisa maite dut. Euskal kontzientzia ere noizbait —beharrik— piztu zuten Campionek, Sabino Aranak...

      Populu horren arrastorik bada Zuberoan? Esango didazu, noski, maskarada dela arrastoetako bat, edo nabarmenena behintzat.

      Lausotua da baina Euskal Herrian badaude komunitateak, hemendik hurbilen Garazi aldean. Sozialki integratuak ez direlako da zailena aipatzea agian, Frantzian izugarrizko eztabaidak izan dira horregatik. Zuberoan oso berria da afera. Oraindik bizi eta zahar direnetan izugarrizko iraina da “buhamea”. Badakite nori erraten duten, badakite nori min ematen duten. Belaunaldi batentzat buhame erratea oso gauza mingarria da, barregarria maskaradetan, eta hori da koska txiki bat. Nola izan daiteke barregarria maskaradetan, eta hain baztertua gizartean?

      Barregarri, diozu. Baina hori baino gehiago direla esango nuke. Buhameak protagonista handiak dira maskaradetan, eta kauterak zer esanik ez: Pitxu eta Kabana protagonista nagusietarik dira, nagusiak ez badira, eta Kabanaren eta Buhame Gehienaren ahotik mintzatzen da herria. Beraz, maskaradetan bederen, buhameei, kauterei, zerbait aitortze zaie, ezta?

      Hori aski berria da, bihurgunetxo bat izan zen 1982ko maskaradetan. Predikuak estudiatu zituen batek eta ikusi zuen euskal kontzientziaren ahots bilakatu zela Kabana. Orain ez dut ikusten buhamerik edo Kabanarik euskararen kontra mintzatzen. Gertatu zen urte batzuetan eta izugarrizko kalapita sortu zen. “Ezin daiteke euskara gutxietsi maskaradetan!”. Kontua da zuk diozun bezala protagonismo handia badutela, baina zergatik zaie hain zail ikerlariei eta gizarteari publikoki aitortzea buhame eta kauterei, tzigano, rom, ijitoei, populu bat direla eta agian zerbait ikusteko badutela gure maskaradetan? Ez dut erantzunik galdera horrentzat. Errumanian izan naiz Nicolekin, bere ikerketarako, eta han ikusi ditugu, beste izen batzuekin, Kabana, Pitxu, Jauna eta Anderia... Zergatik da hain zaila Euskal Herrian aitortzea usantza horiek tzigano populutik heldu direla? Iduri luke horren aitortzea, nonbait, euskal kulturaren ahultzea dela. “Zuberoako maskaradak dira gure ikurra, eta aitortzen badugu buhameek-eta zerikusia badutela, ai, ai, ai...”. Ni horretaz harro nago. Pirinioetan jendeak pasatu eta joan dira, eta eskerrak, kutsatze baikor horrek egin du gu garena. Sentitzen dut gure euskal mundu txikian tabu bat badela.

      Zer ikusiko du Ederlezi ikusten duenak?

      Fikzio bat da, nahiz eta gertakariak denak diren historikoak. Ama batek, Ederlezik, zeharkatzen ditu Euskal Herriak, eta mendeak ere bai, bere zazpi alabekin. Gipuzkoatik Zuberoaraino Euskal Herria zeharkatzen dute. XVII. mendean hasten da haien ibilaldia, eta beren bizi denboran pasatuko dira lau mende, XXI. mendean bukatzen baita. Ama hori, pastoral guztietan bezala, hiltzen da, badu halako bukaera triste bat, hiltzen baita presondegian, baina ez da bukaeran hiltzen, hiltzen da pastoral erditan, eta gero zazpi alabek jarraitzen dute bizitzen eta beren ohiturak kantatzen, eta maskaradak egiten, eta haiek jasaten dituzte oldartzeak eta bazterketak.

      Oso parte hartzaile gutxi edukiko du Ederlezi-k. Nahita?

      Bai. Pastoralak orain oso handiak dira, eta iduri luke jende gutxirekin egitea alternatiboa dela baina duela 50 urte pastorala jendeen erdia baino gutxiagorekin egiten zen. Nioen bezala, Urkizuk bildu izkribuetan aipatzen dira bederatzi aktoreko pastoralak.

      Zergatik dira hain handiak gaur egungoak?

      Orain zerbait handia egiten dugu edo hilak gara. Horrek badu bere alde ona, ikusgai izateko, bereziki euskaldunok bezalako gutxiengo batentzat, baina badu alde txarra ere, zeren alderdi soziala bada azkar pastoral handi batean, alderdi artistikoa ez da derrigorrez handiagoa.