Aitziber Garmendia: “Gaia umoretik lantzeko modurik onena da hori bizitzen ari den norbait gurekin izatea taldean”
Iñigo Satrustegi
Deia, 2023-02-18

      “Kanpora sartzen” izeneko antzezlana estreinatuko dute martxoaren 11n Legorretan. GIBaren esperientzietatik abiatuta, Xabin Fernandez eta Intza Albain izango dira oholtzan, Aitziber Garmendia, berriz, zuzendari lanetan aritu da.

      Orain hilabete gutxi batzuk adierazi zuen publikoki Xabin Fernandez kazetariak GIBa zuela. Isilpean eraman du denbora luzez. Hamar urtez hain justu. Bere esperientzian oinarritutako testu bat idatzi du orain, eta Kanpora sartzen izeneko antzezlana prestatzen ari dira testu horretan oinarrituta.

      Martxoaren 11n estreinatuko dute Aitziber Garmendiak (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982) zuzendutako eta Fernandezek eta Intza Alkainek taularatuko duten obra Legorretan (Gipuzkoa). Fernandezi bizitza aldatuko zion deiaren 10. urteurrenarekin batera. Garmendiaren lehendabiziko zuzendari lana izan da eta adierazi du tabuak hautsi nahi dituen obra dela, umoretik egingo dutela ere aurreratuz.

      Nola sortu zen “Kanpora sartzen” antzezlanean parte hartzeko aukera?

      Xabier Agirrek deitu zidan eta komentatu zidan proiektu berezi bat zeukala niretzako, Xabin Fernandezek idatzitako testu bat. Nigan pentsatu omen zuten obra hori zuzentzeko. Testua bidaltzeko eskatu nien, Xabinek idatzitakoa irakurtzeko eta esan beharra daukat, asko gustatu zitzaidala, oso ausarta iruditu zitzaidan. Gainera, nik egin nahi dudan antzerkitik oso gertii sentitu nuen. Hala ba, ni neu ere ausartu egin nintzen zuzentzera. Eta egia esan, talde-lana izaten ari da, eta lankidetza horretan oso eroso sentitzen naiz.

      Nola heldu diozue lanari? Zer aurkituko du ikusleak?

      Testu horretan Xabin Fernandezek bere bizipenak kontatu ditu, nolabait esateko. Antzerki itxurako forma bazuen testuak, bi aktorerekin egiteko idatzi baitzuen. Xabinen barruko istorio horiek umoretik landuko ditugu. Egia da aurretik ere umore asko bazuela, baina komedia gehiago atera nahi genion, umore zorrotzago bat eginez, eta batez ere, komedia ausarta landuta. Hor lan ederra egiten ari dira bai Xabin, eta baita Intza ere, ez delako batere erraza horrelako planteamendu baten aurrean ausardia hori adieraztea.

      Xabinek GIBaren inguruan bizitako esperientzietatik abiatzen da lana. Zer helburu ezarri duzue?

      Beste askotan bezala, antzerkiak duen berezko ezaugarri hori nahi dugu: tabuak apurtzea eta besteen azalean jartzen ikastea. Era berean, nahi dugu Xabinek bere egoeraz lasai hitz egitea, kontatu ditzala dituen beldurrak, arazoak... Baina ez alde txarrak bakarrik, badituelako bere ametsak eta lortu nahi dituen gauzak ere bai. Xabin izango da lehenengo ahotsean hitz egiten, baina beste ahots asko ere bilduko ditu bere errelatoan, zoritxarrez, jende asko dagoelako GIBaren inguruan afektatuta. Ez dakigu noraino helduko garen, asko dago oraindik egiteko, baina tabuak apurtzea izango da helburu nagusia.

      Gaiaren inguruan estigma handia dago gaur egun oraindik ere. Nola landu umoretik hain gai delikatua?

      Umore hori lantzeko modurik onena da, eta, aldi berean apusturik seguruena, taldean benetan hori bizitzen ari den norbait edukitzea gurekin. Kasu honetan gainera, protagonista dugu. Beti daukagu bere neurria eta bere oniritzia, eta etengabe galdetzen diogu: “Xabin, hau ongi iruditzen zaizu? Hau mingarria izan daiteke?”. Oso eskuzabal eta ausart jokatzen ari dela esango nuke. Kontua da batzuetan ez dela batere neurri erraza berarentzat ere. Baliteke bati grazia egitea eta baina beste bat, agian, iraindua sentituko da. Bide horretan, ordea, polita izan da Xabin entzutea eta jakitea zerk minduko lukeen bera eta zerk eragingo liokeen barrea. Hala ere, hasieratik badakigu gerta daitekeela norbait minduta sentitzea edo haserretzea, umorea egiten duzunean hala izaten delako beti.

      Zer iradoki nahi izan duzue “Kanpora sartzen” izenburuarekin?

      Kanpora sartzen da titulua azkenean Xabinek berak antzezlanean zehar kontatzen duelako. askotan etxe barruan edo kaiola barruan —armairu barruan ez esatearren, izan ere, armairuak leku ilunak dira eta hezetasun kiratsa darie askotan— egotean sentitzen zela babesean, gizartearen begiradatik kanpo zegoenean. Sentsazio bitxia da, aldi berean, kalera ateratzen zarenean eta gauza asko ezkutatzen dituzunean, ez soilik GIBa, homosexualitatea bera ere bai adibidez, kanpoan zaudelako baina itxita, eta ez zara gai zu zaren moduan adierazteko. Metafora horrekin eta hitz-joko horrekin jolastu gara, kanpoan eta barruan egotea zer den.

      Horrez gain, hitz-jokoa erabiltzen ari zarete #ZeharoPositibo traolarekin, lanaren promoziorako.

      Traola hori behin Twitter sare sozialean ikusi nion Xabini eta gure sareetan eta karteletan erabiltzeko ideia proposatu nion. Iruditzen zait sareak gaur egun oso garrantzitsuak direla promozioa egiterako garaian eta jendearengana heltzeko garaian. Oso pozik nago traola hori erabiltzen hasi ginelako, ideia ona iruditu zitzaidan.

      Zuzentzen duzun lehenengo lana da hau. Nola egin diozu aurre rol berri horri?

      Ilusio handiz hartu nuen. Egin izan ditut pieza txikiago batzuk baina antzezlan oso bat zuzentzen lehen aldia dut Oso ondo sentitzen naiz, asko ari naiz gozatzen. Pentsatzen nuen ez zegoela hainbeste gozatzeko. Nolabaiteko erronka bat zen, eta, ahal nuen neurrian, maila bat mantendu nahi nuen. “Saiatuko naiz ahalik eta hoberen egiten”, pentsatu nuen, testuak eta gaiak duen maila hori mantendu beharra neukan. Baina horrez guztiaz gain, asko gozatzen ari naiz. Xabi eta Intza ikaragarri eskuzabalak dira oholtza gainean daudenean. Konfiantza osoa dute eta oso esanekoak ere badira. Aldi berean, Sara Cozar zuzendari laguntzaile izateak ere sekulako konfiantza ematen dit, lankide izateaz gain, oso laguna dudalako. Niretzako oso garrantzitsua izan zen hasieratik talde sendoa eratzea, eta jolas baten modukoa izaten ari da. Egia da estreinaldiaren data gerturatzen ari den heinean, denok gabiltzala larritzen eta ipurdia estutzen. Baina entseguetan eta patxada horrekin gozatzen jarraitzen dugu.

      Xabinek lehen aldia du antzezle modura horrelako gisako lan batean. Testua, gainera, berea da. Zuk, zuzendari modura, nola ikusten duzu bera?

      Beldur gutxirekin ikusten dut. Berak esaten dit: “Momentu hau gehiago kostatzen zait beste momentu hau baino” edo “hemen gehiago beldurtzen naiz, edo hauskorrago nago”. Baina hori beste leku oso eder batetik eramatea lortzen du eta, lortzen du, era berean, erakustea humanitatea. Hain da benetakoa hitz egiten duenean eta kontatzen dituenean zeintzuk diren bere beldurrak... Lan egiteko gozada bat da.

      Dramaturgiaren aldetik, lan oso ona egin du. Oso zaila izaten da norberaren istorioa kontatzea eta pertsonaia gorpuztea. Oso ohiko akatsa izaten delako indar eta protagonismo guztia zure pertsonaiarengan jartzea. Oso eskuzabala izan da Intzak antzeztuko duen pertsonaiekiko. Pertsonaia ederrak idatzi dizkio, dirdira ateratzeko modukoak. Eta hori ez da askotan gertatzen. Esan behar da autore moduan oso lan ona egin duela.

      Bera kontziente da lehen aldia izango dela antzezle modura aterako dena jendaurrera, eta ez edozein antzezlanekin gainera. Ematen ari den lehen pausoa ez da nolanahikoa, oso handia da. Lehenengo partidua jokatuko balu bezala oso partidu inportante batean. Ez zaio tokatu pertsonaia txiki bat antzezlan koral batean. Ez, tokatu zaio bere bizitzako istoriotzar hori kontatzea, eta protagonistetako bat dela, oholtzan beste laguntzaile bakar batekin batera. Hori erronka kristorena da, erraldoia, ikaragarria. Baina, hala ere, ausart ikusten dut Urduritasun puntu horrek hartu du, jakina, normala den moduan. Oso eskuzabal izaten ari da, berekiko eta baita gurekiko. Oso talde polita osatzen dute biek.

      Estreinaldirako gutxi falta den honetan, zer momentutan zaudete antzezlanarekin?

      Orain arte mahaiko lana egin dugu, lan sakonena, eta jada oholtza gainean lantzen ari gara. Laster hasiko gara eszenak fintzen, trantsizioak jorratzen, batez ere komediara eramateko. Erritmoa oso garrantzitsua da umorean eta ez dugu oraindik nahi dugun erritmoa lortu. Joango gara zuzentzen eta espero dugu lortuko dugula.

      Lehen emanaldia eta gero, non izango da “Kanpora sartzen” ikusteko aukera?

      Bira hasiko dugu estreinaldiaren ostean. Legorretan martxoaren 11n hasiko da, 12an bi emanaldi emango ditugu eta hortik aurrera, 17an Zaldibian, Ordizian ere bai egongo gara, maiatz aldera. Uztailean zita garrantzitsu bat izango dugu, eta hau da urduritasun handiena sortzen diena. Uztailean Printzipal Antzokian hiru edo lau emanaldi izango dira. Beste emanaldi batzuk gehiago ateratzen badira ondo, baina momentuz ez da gutxi daukagunarekin.