Markeliñe Asiarako bidean da, “Euria” antzezlanarekin egingo duen birarako
Amaia Ereñaga
Gara, 2023-07-18

2017an, estreinatu zutenetik, “Euria” lanak pozak baino ez dizkio eman Markeliñe antzerki taldeari. Zornotzako konpainia beteranoa gaur bertan abiatuko da Asiarantz; lehenengo, Seulgo Assitej-eko Udako Jaialdian parte hartzeko eta, ondoren, Okinawako (Japonia) Ricca Ricca Fest-en aritzeko.

      Sei urteko ume batek, maite duen norbait hiltzen denean, pena hori nola kudea dezake? Heriotza bizitzaren alde bat dela erakuts daiteke antzerkiaren bidez, eta hori da “Euria” lanaren abiapuntua. Hitzik gabeko lan honetan, Markeliñek heriotzaren minaz dihardu, baita bizitzaren indarraz ere. Antzezleen keinuak, dantzak eta ikus-entzunezko proiekzio landuek egituratutako pieza delikatua eta testurik gabea da “Euria” eta 2017etik, estreinatu zenetik, antzezten jarraitzen dute eta onespenak jasotzen.

      Antzezlanak ikuskizun onenaren saria lortu zuen 2017ko Feten jaialdian (Gijongo Haurrentzako Arte Eszenikoen Europako Azoka), eta ikuskizun onenaren eta emakumezko antzezle onenaren sariak 2018an FITC jaialdian (familiari zuzendutako antzerkiaren Bukaresteko nazioarteko jaialdia). Besteak beste, Brasilgo, Frantziako, Portugaleko eta Arabiar Emirerri Batuetako eszenatokietan aritu da.

      Orain Asiarako bidea hartu du. Uztailaren 22an, 23an eta 24an Seulgo (Hego Korea) Assitej-eko Udako Jaialdian parte hartuko du; eta 28an, 29an eta 30ean, Okinawako (Japonia) Ricca Ricca Fest-en. Hego Koreako emanaldiari dagokionez, aipa daiteke Assitej Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Nazioarteko Elkartea dela, eta ehun herrialde baino gehiagotan dituela ordezkaritzak. 2020an, “Euria” beste 1.500 antzezlanen artean aukeratua izan zen kongresu horretan parte hartzeko, baina pandemia zela-eta, bertan behera gelditu zen hitzordua.

      Ricca Ricca Fest Japonian urte gehien indarrean daramatzan haurren nazioarteko jaialdia da.

 

      Unibertsaltasuna

      Joserra Martinez Markeliñeko kideak honakoa azaldu du: “Gure kasuan, nazioartekotzeak gero eta garrantzitsuagoa den merkatua izan nahi du. Gaien eta trataeraren ondorioz unibertsalak diren sorkuntza-lanen aintzatespena ere bada. Ikus-entzule desberdinekin, kasu honetan hain kultura desberdinekin, kontrastatzeak, gure ikuskizun berrietan haztea, eszenaratzeari beste ikuspegi batzuetatik aurre egitea, dakar”.

      Bere hitzetan, “gaiaren unibertsaltasuna” da, hain zuzen ere, bira honetarako “Euria” aukeratzera bultzatu dituen arrazoia. “Dolua haurrengan pentsatuz jorratzen dugu, ikuspegi poetiko eta batzuetan dibertigarritik. Heriotza bizitzaren amaieran dago, eta maite ditugunen galera bizitzaren parte dela onartu behar dugu. Hori da gure ikuskizunak erakutsi nahi duena. Imajinatzen dut hori dela jaialdi horiek erakarri dituena”.

      1984an sorturiko antzerki taldeak testua alde batera uzten duen lengoaia propioa aurkitu du. Uda honetan, Euskal Herrian eta Estatuan biran jarraitzen du, aretoko eta kaleko azken proposamenetako batzuekin; horien artean 2005ean estreinatu zen “Carbon Club” nabarmentzen da.

      National Theatre of London erakundeak hiru aldiz programatu duen “Carbon Club” lana bizitzaren metafora da, eta adiskidetasunaren balioari, patu tragikoari, bizi-adoreari, lur sakonari, hurbileko gerrei edo esplotazioaren aurkako borrokari buruzko gogoetak sortzen ditu.