Ez “manexa”, ez “zuberotarra”
Leire Casamajou Elkegarai / Joanes Etxebarria
Berria, 2024-01-09

Euskalduna izanen da Pagolako maskarada, kritika eta aurreiritziak bazter utzirik. Urtarrilaren 21ean izanen dute lehena, igandez, Pagolan.

      Zuberoaren eta Nafarroa Beherearen artean dago Beltxu, eta zuritu zaio gaina asteburuan. Apala du gailurra, alta, baina oso hotz egin du asteburuan. Muskilditik (Zuberoa) Pagolarako (Baxenabarre) bidean ageri da mendia, elurturik. Oskaxeko patarrean zinez atakatu aitzin, eskuinera bide bihurritik gora, eta gero beheiti, Pagolara iristen da. Han ere hotza bortitz sentitzen da igande arratsaldez; herritarrak plazara hurbiltzen ausartu dira, hala ere. Bi asteren buruan abiatuko dute maskarada gazteek; lehen aldia izanen du Pagolak maskarada emanen duena.

      Plaza inguruan, herriko zaharrek, besteak beste, lekua hartu dute. Berokiz, esku larruz eta lepokoz jantzirik hurbildu dira. Erdian, gazteak dira: dantzariak, kauterak, buhameak, kerestuak, xorrotxak, jauna eta anderea, laboraria eta laborarisa... Azken mustrakak dituzte, azken errepikak, orduan egiazko baldintzetara usatzeko pausua egin dute: plazan, eta hotzean.

      Betiko martxan, barrikada hautsi dute aitzindariek; xorrotxek bi kobla eman; marexalek zamaltzaina ferratu; xorrotxek beste bi kobla; gabota dantza, eta sartu dira buhameak. “Zer dira pagolarrak? Manexez egiten duten zuberotarrak, ala zuberotarrez egiten duten manexak?”, galdegin du buhame jaunak; tarte bat itxoin, erantzuna zuen papera ipurdi zulora sartu, eta oihukatu du: “Biba euskal buhameak!”.

 

      Maskarada hausnartzen

      Pagolako gazteek euskara kurtsoak egiteko erabakia hartu zuten maskarada errepikak hasi aitzineko urtean; sekula ez da horrelako dinamikarik eraman orain arteko maskaradetan. Galdera gazteek helarazi zioten Oskaxe Zolan elkarteari, hura baita herriko kultur elkartea, 2019an Domingo Garat pastorala eraman zuena. Xiberoko Gau Eskolarekin harremanetan sartu, eta bi talde sortu ziren, irakasle banarekin: Didier Agerre, euskaraz jadanik zekitenentzat baina zuberera hobetu nahi zutenentzat; eta Mirentxu Lako, hitzik ere ez zekitenentzat. Lakok ihauteriak dakarren hizkuntza errealitatea azaldu du: “Maskarada egiten da herrian dituzun gazteekin; pastorala egiten den bezala herritar ororekin: euskaltzale, euskaldun ez direnak, euskaldun ez-euskaltzale... denekin. Hor izan den funtsezko jestu salbagarria izan duzu bi urte lehenago aurreikusirik, besta komitean egin dela eskaera hori eta hasi dela euskaltzaletasunari indarra ematen maskaradan aritzea baino lehen. Horrek dena aldatu dizu”. Gisa horretan, maskarada euskaraz emateaz at, euskaraz eramana izan da, mustrakaz mustraka, eta mustraka ondoko gaualdiz gaualdi.

      Euskaraz jadanik zekitenei dagokienez, zubereraren hobetzeko aukera eman zaie pagolar gazteei; mugako herria izanik, Pagolak errealitate soziolinguistikoa Zuberoako beste herriez desberdina baitu. Baina helburua ez da izan pagolarrak zuberotartzea; hori garbi utzi nahi izan du Lakok: “Bere garaian aipatu zen Koldo Zuazok Pagolako eüskara terminoa agerrarazi zuela liburu batean. Hatsarretik, Didierrek erran zizun: ‘Ez dugu eginen zubereraz: eginen dugu Pagolako euskaran’. Orain ez dakizut batere zer bilakatu den eta zer ematen dugun. Baina bost axola: euskaraz den ber!”. Xabi Etxart maskaradako antolatzaile taldean da, eta Lakorekin bat agertu da: “Ez da zuberotar puru-purua, ez da arrunt manexa ere. Badugu zinez identitate hori, eta, ene ustez, ez dugu gure hizkuntzatik atera behar ere. Gure euskara da”.

      Antolaketaz bestalde, entseinaria karguan arituko da dantzari Etxart. Zuberotar dantzena 2019ko pastoraleko erronka ukan zuten; lau urte aitzin hasi ziren trebatzen, 2015ean. Hamasei satan ziren garai hartan, eta aurten, zortzi aitzindari arituko dira entrexat eta frijatez Zuberoako eta Baxenabarreko plazak zeharkatzen. “Pastorala eman dugularik, maila hein bat txar genuen halarik ere; denbora guti genuen. Bistan dena kritika batzuk ukan ditugu, baina kunplimendu anitz ere bai: erraten zuten denbora gutiz egin genuela behar zen lana. Orain, pentsatzen dut gainditu ditugula zuberotarrengandik heldu ziren komentarioak”.

 

      Lehen emanaldira bidean

      Bi aste besterik ez zaie geratzen orain. Azken bizpahiru errepika egitekoak dituzte, Unai Phagaburu buhameak azaldu duenaz. Lehen aldia zuten igandekoa buhameen antzerkia osorik ematen zutena; nahiko kontent agertu da. “Hastapena ontsa; gehiago landu dugu, aspaldirago idatzia baitugu. Bukaera, aldiz, zailago, ez baikenuen bortxaz egina aldi bakarrean. Baina, ene ustez, ez da hain gaizki atera. Hobetzen ahal da; baditugu beste bizpahiru errepika dena finkatzeko, eta ikusiko nola hartua izanen den”.

      Bunuzekoa (Nafarroa Beherea) da Phagaburu, baina familia badu Pagolan, eta ttipitatik laguna da herriko gazteekin. “Jinak gara bestan, egun-pasa Pagolan, betidanik. Hortik geroztik ezagutu ditugu pagolarrak, komitekoak, eta biziki ontsa moldatzen gara”. Duela urtebete, Pagolatik deitu zituzten bera eta bere anaia: “Maskarada egiteko proposatu ziguten. Esperientzia bat zen; antzerkia maite dut, eta nahi nuen deskubritu zer zen maskarada bat; kanpotik ezagutzen bainuen baina barnetik ez baita ber gauza. Orain berantzen zait hastea!”. Errepika hilabete luzeak izan dituzte, eta abiatzea berantzen zaie gehienei. Etxartek ere erran du: “Orain has dadin, eta ikusiko!”.

 

Ainara Agerre Lako: “Ez dugu nehor herrian errateko 'maskarada hola egin behar da'“

      Urtarrilean herriz herri ibiliko da pagolarren maskarada; kauter taldearen buru izanen da Agerre Lako, Kabana Handiaren rolean. Lehen aldiz izanen da emazte bat kargu horretan.

      Jutsin sortu zen Ainara Agerre Lako (Jutsi, 2001), amaren herrian. 2012an jin zen Pagolara familiarekin, Bordaia etxerat, aitaren herrira. Agerrek dioenez, erritmo problema bat badu dantzatzeko, eta kantatzeko ere ez da on, haren erranetan. Hura izanen da heldu den urtarriletik goiti herriz herri predikuak erranen dituen Kabana Handia, Pagolako maskaradan. 2019an pastoralak herrian piztu zuen dinamika biziak ez du etenik ukan, geroztik elkarte ostatu bat sortu baitute, eta orain gazteen maskarada abiatzekotan da. “Kasik naturalki” egin da dena. Alta, lehen aldia da pagolarrek maskarada bat emanen dutena. Eta, maskarada misto batean lehen aldiz, Kabana emaztea izanen da.

      Zer dinamika duzue Pagolan azken urte hauetan?

      Azken urteetako dinamika guztia pastoraletik [2019an] hasia da, Oskaxe Zolan herriko kultur elkartea sortu baitzen. Pastoralean dantzatu ahal izateko gazteak mugitu ginen, dantza eskola bat sortuz eta denak dantzan hutsetik hasiz, Pette eta Jakes Jaragoihenekin. Pastoralean sosa bildu zen, eta pentsatu genuen zer egiten ahal genuen herria oraino gehiago bultzatzeko: herriko elkarte ostatu baten ideia agertu zen, eta beste elkarte bat sortu zen herriko bost elkarteak biltzen dituena. Dinamika hori ez da sekula lasaitu, eta, beti-beti arituz, kronologia hori errazki gertatu da. Ostatua sortu eta dantza eskolak atxikirik, Oskaxe Zolan elkarteak izena eman zuen maskarada egiteko 2024an. Gazteek bagenekien bagenuela data hori helburu gisa. Joan den urtean, Xiberoko Gaü Eskolaren antena bat sortu genuen Pagolan, talde dinamiko euskaldun bat sortzeko. Nahi genuen maskarada ahal bezainbat euskaraz egin. Bi talde dira: bat zuberotarra lantzeko, ni bezala Oztibarreko ikastolatik edo beste ikastola eta eskoletatik jinik direnendako; beste taldea, batere entelegatzen ez zutenendako. Ostiral oroz biltzen ginen bi orenez, Didier Agerre eta Mirentxu Lako irakasleekin.

      Noiz hartu zenuten 2024a maskarada egiteko? Ez da konplikatua aitzinetik hitzartzea?

      Pastorala egin eta gero aski fite, 2019an edo 2020an, nik uste. Oskaxe Zola zen horretaz okupatu. Gehienek kalkulatzen genuen lau urteren buruan behar genuela hemen izan maskarada bazelako. Egiteko manera kanbiatu dugu batzuek: batek, bi asteburuetatik batean laneko izan beharko zenez, urte bateko formakuntza hartu du hor izateko. 20 urtetan anitz gauza pasatzen ahal dira, baina hemen izan behar genuen. Bagara anitz, baina ez sobera. Konplikatua zen, baina buruan sartua genuen eginen genuela eta ezin zela huts egin.

      Pagola bidegurutzean da, Amikuze, Oztibarre eta Zuberoa artean.

      Pette Basabürü pastorala izan baitzen 1982an, behin egin baitzen, ari zara Pagola Zuberoan dela. Gero beste pastoral bat egitea errazago zen, eta pastoralaren ondotik maskarada bati lotzea pixka bat errazago. Maskarada bati lotu behar balitz hutsetik hasiz, konplikatua litzateke erratea Pagola legitimoa dela Zuberoako parte izateko edo. Baina usatuak gara bazter orotarik entzutea alde onak hartzen ditugula denetarik. Nik lau urtez egin dut libertimendua Amikuzen, Oztibarren izan nintzen ikastolan, eta Oztibarreko Egunean laguntzaile izan naiz... Batzuk sentitzen dira arras zuberotar, besteak zuberotar eta amikuztar, batzuk zuberotar eta oztibartar... baina gehienak zuberotar, halere.

      Zuena izanen da Pagolako lehen maskarada. Nola egiten da belaunaldiz belaunaldi transmisiorik izan ez delarik?

      Ene ustez, badu alde ona: ez dugu nehor herrian errateko “maskarada hola egin behar da”, eta, orduan, gazteek gure artean hartzen ditugu deliberoak, arrunt libre gara.

      Erran nahi du kodeak hautsiko dituzuela?

      Ez da gure helburua kodeak haustea. Bada ikusten duzun maskarada, bada imajinatzen duzuna, eta bada nahi duzun maskarada ere. Uste dut hiruren arteko zerbait sortuko dugula.

      Nola antolatu duzue maskarada? Nor da gidari?

      Taldean antolatu gara. Oskaxe Zolan elkartea hor da, baina arrunt garbiki erran digute herriko gazteen proiektua, dela eta gu gara eramaile, baina hor dira laguntzeko. Badugu alimaleko elkartasuna gure inguruan, baina luxu bat da, nahi duguna egiteko xantza baitugu. Guk eramaten dugu, baina laguntza galdegin diegu Armand Elgoihen, Dominique Bentaber, Nicolas Lekarrotz, Julie Ahaspe eta Mirentxu Lakori gure segitzeko eta rolen banatzeko.

      Zuri Kabanaren kargua eman dizute. Entzunen duzu lehen emaztea izanen zarela.

      Entzuten dut jadanik. Karguak atera diren ber, neskak heldu ziren erratera bikaina zela, eta mutil batzuk ere bai. Entzun ditudan ohar txar edo arrunt positiboak ez zirenak mutikoek eginak ziren. Ez dut oraino ohar negatiborik ukan nesken partetik horri buruz. Kabana neska izatea ez zen gure erronka bat, ez dugu hori pentsatu. Baina, halere, horrek hainbeste polemika pizteak erakusten du badela problema zerbait Zuberoan. Estonatzen nau jendea estona dadin rolak osoki partekatu ahal izateaz. Eskiulan izan zen emazteen maskarada bat, ene ustez erakusteko bazela desoreka arazo bat maskaradetan, eta edozein gai dela edozein kargu egiteko. Zuberoan bada arazo hori, ene ustez: pentsatzea zinezko berrikuntza dela hori gertatzea.

      Ez zoaz bandera batekin plazara?

      Ez, batere. Ez naiz heldu kausa batekin buru gibelean; heldu naiz ene lagunekin maskarada bat emateko eta bizitzeko. Ni arituko naiz Kabana karguan, beste batzuek andere izanen diren bezala, edo buhame, edo gathuzain...; beste edozein kargu bezala.

      Nola izaten ahal dira ohar negatiboak hasi aitzin ere?

      Batzuek erran dute ontsa zela neskak sartzea maskaradetan baina Kabanak mutiko egon behar duela halere. Rol hori pixka bat gogor dela aldatzeko. Enetako neska ala mutiko, Kabana entzun behar da. Hori lehen gauza, prediku bat egitekotan behar da entzun, eta neska entzuten bada hobe neska entzutea, besterik ez.

      Presioa handia da?

      Jendea hasten delarik horri buruz hainbeste eleka, pentsatzen duzu jinen direlarik maskarada ikustera kasu eginen diotela pasaia horri. Beraz, beharbada presio handiagoa da, baina niri presioak ez dit on egiten, entseatzen naiz ez anitz pentsatzen. Baina bai, beldurgarria da. Zuberoan bada pentsatzeko manera elitista bat, halere: hobe da ona izatea; bestela, ez da pasatzen. Eta berriak fite abian dira Zuberoan. Badakit jendea mintzatuko dela, baina erran dezatela nahi dutena. Ahal dudan hoberena eginen dut.

      Euskalkian ere berritasuna ekarriko duzu.

      Horrek beldur handiagoa egiten dit, bai baitakit zuberotarra ez dudala ontsa ematen. Pentsatzen dut paperarekin eta usatuz testuarekin errazago dela. Pagolarrak gara, eta bidegurutzean garenez, bortxaz euskalkietan ere nahas-mahasa nabari da. Pagolan entzuten dugularik jendea zuberotarrez mintzo, usu xuka ari dira, eta ez zuka. Xuka eta zuberotarra, nahas-mahas bat da, eta hori da etxean entzun dugun lehen zuberotarra. Enetako inportanteena euskaraz mintzatzea da, frantsesa baino ederrago izanen da beti. Ahalaz zuberotarrez, eta bestela, gure maneran.

      Libertimenduetan parte hartu izan duzu. Esperientziak balio du maskaradarendako?

      Ez dut esperientzia handirik oraino, aski gazte bainaiz, baina iruditzen zait azken urte hauetan jokoak edo esketxak geroz eta gehiago agertzen direla kauteren partean. Horretan, libertimendua gauza bertsua da: zerbait salatzea, umorez eta norbaiten rolean sartuz. Ez da hainbeste Kabana bakarrik, bere papera irakurtzen, eta kauterak erdian. Pixka bat gehiago mugitzen dira, eszenan ematen, eta horretan pixka bat hurbiltzen zaio libertimenduari.

      Taldea abiatzeko prest da?

      Ene ustez, lehena bizitu aitzin ezin gara biziki prest izan. Lehena egin eta aldaketa gehienak eginen ditugu, behar baldin bada. Espero azkenekoan prest izanen garela!