Itzultzen den denbora
Myriam Garzia
Argia, 2014-11-23

      Azaroaren 1ean Luhusoko (Lapurdi) Harri Xurin estreinatu zuten Arrastoak, Dejabu Panpin Laborategiaren antzezlan berria. Datozen hilabeteetan ia astebururo izango dira emanaldiak, eta Luhusoko estrenaldia ikusita —200tik gora lagun—, ArteDrama plataformako kide den taldeak bermatuta izango du obra berriarekiko harrera ona.

      Oreretako antzerki taldeak bidaia emozional bat proposatzen digu. Memoriaz, iraganeko gatazkek isildutako istorioez, belaunaldiak lotzen dituzten hariez, galderak egitearen garrantziaz mintzo da Arrastoak. Narrazioa nagusi, antzezlanak Lur protagonistaren istorioa kontatzen digu, ama ezagutu ez duen gaztea, halako batean ama hilik agertu eta erantzunen bila hasiko da. Bere mamuen kontra egin beharko du Lurrek.

      Antzezlana Oier Guillanek idatzia bada ere, oinarrian sormen prozesu kolektiboa du antzezlanak. Zerotik abiatu dira Dejabuko lagunak, gaiaren inguruko liburuak irakurriz, filmeak ikusiz eta horren gaineko materiala bilduz.

      Gure bide galduak obran edo Errautsak antzezlanean bezala, eszena ilun eta sotil batean gertatzen da ekintza dramatikoa. Elementu bakan batzuek lagunduko dute.

      Ainara Gurrutxaga antzezle eta Dejabuko sortzaileak eman die erantzuna gure galderei.

 

      Nola sortu zen Arrastoak?

      Alde batetik, gai baten inguruan hitz egiteko beharretik, baina bestetik, estetikoki urrats bat emateko beharrak bultzatuta. Bi ildo hoiek daude gure lanaren oinarrian. Ez gara hasten testu jakin batetik edota gauzak nora joango diren jakinda. Oso esperimentalak gara. Estetikoki beste era bateko lana egin nahi genuen, errealitatea eta ametsa nahastuz, amets giro horren inguruan lan egin eta hori nola eraman taulara modu jakin batean. Lan asko egiten dugu inprobisatuz, gai horren inguruko liburuak irakurtzen ditugu, pelikulak ikusi, musika entzun eta, batez ere, inguruko jendeari galdetzen diogu gaiaren inguruan. Eta zer den magia hori, galdetzen hasi eta askok bat egiten dute istorioarekin.

      Antzezlana narratiboa da, istorio bat kontatzen du. Nola uztartzen dira errealitatea eta aipatzen duzun amets giro hori?

      Mesede egiten digu linea narratibo garbia izateak, harago joatea ahalbidetzen dizu, gauza surrealistagoetara jotzea edo, kasu honetan, amets giro horretara.

      Hala ere, antzerkia berez ekintza poetikoa da, errealitatetik harago eramaten zaituen espresioa da. Poetikotasun horrek beste sakontasun bat ematen dio antzezlanari. Errealitatea hartu, sintetizatu eta trasformatzen duzunean, hor agertzen da artea, kasu honetan antzerkia. Ikuslea antzokira sartu den bezala ez dadila atera, horixe da gure asmoa. Hori gustatuko litzaiguke.

      Oier Guillanek idatzi du testua, baina Dejaburen ezaugarrietako bat sormen kolektiboa da.

      Guk taldean egiten dugu lan beti, hau da, antzezleak gara baina erabat inplikatzen gara zuzendaritzan, pertsonaien sorkuntzan eta gainerakoetan. Kolaboratzaile asko dugu inguruan, baina gure prozesua erabat kolektibo eta parte-hartzailea da. Antzerkigilea bezala, musikaria edota jantzigilea sormen prozesu horretan murgiltzen dira gurekin batera. Kolektiboa gara, eta horrela jarduten dugu, lanak garatu ahala, materiala eskaintzen, desegiten edota berriz ere, sortzen.

      Hala ere, eszenan oso elementu gutxi dago.

      Gure ezaugarrietako bat da hori, oraingoz. Saiatzen gara ahalik eta espazio hutsena bilatzen, horrek mesede egiten digu. Ikusleak ere, bere begiez eta irudimenaz hustasun hori bete dezan, antzezpena esperientzia kolektiboa izan dadin, ikusleak horren parte ere badira eta.