Pailazoak publiko txikiari adi
Onintza Irureta Azkune
Argia, 2012-06-17

      Mirri, Porrotx eta Poxpolo pailazoek eta Txan magoak beti egin dituzte umeentzako ikuskizunak euskaraz. Laurak ados dira: gaur egun ia haur guztiek arazorik gabe segitzen dituzte saioak. Beste kontu bat da euskara mihira ekartzen duten.

      Ez dira soziolinguistak, pailazo eta mago dira Mirri, Porrotx, Poxpolo eta Txan, baina haien belarri linguistikoari kasu egiteak merezi du. Mirrik, oholtza gainean urte gehien daramatzanak, 40 urte bete ditu aurten pailazo lanetan; lau hauen artean haurrekin esperientzia gutxien duenak hamar urtetik gorako bizipenak dauzka.

      Laurak ados dira gauza batean: gero eta haur gehiagok ezagutzen du euskara, gehienek ez dute arazorik saioak jarraitzeko. Modu soziolinguistikoagoan esanda, gure solaskideek azpimarratu dute umeen artean euskararen ezagutzak gora egin duela nabarmen. Ordea, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea sarri sumatu dute; pailazoak zer esan duen ulertu bai, baina agertokira atera eta mikrofonoa hurreratutakoan lanak euskaraz egiteko. Zailtasun horiek, beti ere, eremu erdaldunetan, hala nola, Nafarroa behealdean, Bizkaiko mendebaldean eta Ipar Euskal Herrian.

 

      Poliki eta garbi, denek uler dezaten

      Pailazoak bezala magoak, konturatzen dira haurrak ikuskizuna jarraitu ezinik baldin badabiltza, hizkuntza menperatzen ez dutelako. Orduan neurriak hartzen dituzte: “Nafarroa behealdera joatea egokitu zaigu eta batzuetan konturatu izan gara halako batean ez dutela haria jarraitzen. Horrelakoetan elkarri esaten diogu, ‘Hi, poliki eta garbi, denek ulertzeko moduan’. Batzuetan saioak luzexeagoak ateratzen dira, ez da gauza bera Amezketan ala Balmasedan aritu”, dio Poxpolok. Ulermen kontuak direla-eta, Porrotx Bilboko Otxarkoaga auzoko ijitoen eskolako haurrekin akordatu da: “Izeba Maritxuren esketxean, Maritxu izebatzat hartu beharrean nobiatzat hartu zuten, eta azkenean guk gure jarduna moldatu behar izan genuen”.

      Txan magoak ohituraz azkar hitz egiten du. Euskaraz erraztasunik ez duten umeen aurrean dagoenean ordea, frenoari ematen dio. Dena dela, ederki daki magiaren efektua unibertsala dela eta hainbat magiatan hizkuntzak berak baino garrantzi handiagoa dutela keinuek. Heldu batek baino gehiagok esan izan dio: “Ez dut euskara ulertzen, baina oso ondo pasa dut”. Komunikatzeko, hizkuntza baino zerbait gehiago erabili duen seinale.

      Mago donostiarraren ustez, nabarmena da guraso euskaldunak dituzten eta etxean euskaraz egiteko ohitura duten familietako haurrak hobeto moldatzen direla. Eskolan euskaraz ikasi eta kalean zein etxean gaztelaniaz egiten duten haur asko izan ditu saioetan eta aldea nabaritzen dela dio.

 

      Haurren mihi euskalduna askatzen

      Giro erdaldunean ohikoa da antzeztokira ateratako haurrak gaztelaniaz egitea. Horrelakoetan, Txan magoak euskaraz segitzen du (ulertzen baitute) eta hizkuntza ikuspegi didaktikotik lantzen du: “Adibidez, haurra atzerritik etorritakoa baldin bada galdetzen diot ea bere herrian nola esaten den halako hitz eta nik euskaraz nola den esaten diot. Nirekin gaztelaniaz hasi arren, saioa aurrera doan neurrian euskararako bidea egiten dute”. Txanek etorkizuna ilun ikusten du, bai behintzat hiriburuetan, umeak gaztelaniara lerratzen direlako eta euskal eredurik ez dutelako. Dena dela, batzuetan saioak oso pozik bukatzen ditu: “Gehienetan giro euskalduna sortzen da, hasieran erdaraz ari zena saio bukaeran hurbiltzen zaizu eta euskara kaskarrean esaten dizu: ‘Txan, asko gustatu zait’. Konturatu da badaukala euskara bere barnean eta gai dela emozioak euskaraz aitortzeko. Oso polita da”. Porrotxek hiru maila aipatu dizkigu: umeak saioa ulertzeko gai izatea, hitz egiteko kapaz izatea, eta azkenik, besteei adierazi nahi dietena esateko gai direla konturatzea.

      Mirriri behin baino gehiagotan pasa zaio musuak emateko garaian, umeak pailazoari euskaraz egitea eta burua jiratu eta gurasoei gaztelaniaz egitea. Hogei ume gerturatu eta haien artean denak gaztelaniaz, Mirriri berriz euskaraz. Ohikoa da eremu erdaldunetan. Askotan badute euskaraz hitz egiteko gaitasuna, baina hala egiteko ohiturarik ez. Hala ere, erdal giroan egindako saioek xarma badutela uste du, eta Bizkaiko Igorreko eta Santurtziko ikuskizunekin gogoratu da: “Igorrekoa saio zoragarria izan zen, herri osoa joan zen, publiko oso euskalduna. Igartzen da bestelako tentsioa, den-dena harrapatzen dutelako, ñabardura txikiena ere bai. Eguberriko bira Santurtzin bukatu behar genuen eta penatuta geunden Igorren ez zelako amaituko. Ordea, Santurtzikoa erabat desberdina, baina zoragarria izan zen. Ijito koadrila grazioso, bizi eta zirikatzailea izan genuen. Euskaraz segitzen gintuzten, nahiz eta hitz egiteko ohiturarik ez izan”.

 

      Astoen pelukeroa ala ile-apaintzailea?

      Mirrik 40 urteko ibilbidean argi ikusi du bilakaera: ezagutza izugarri zabaldu da, “lehen publikoa oso-oso leiala zen, baina txiki samarra. Orain publiko handia dago euskaraz ulertzen duena, nahiz eta oso euskalduna ez izan”. Alegia, ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituzte. Dena dela, urtetako bizipenek erakutsitakoa esaldi batean jasoko luke: Euskara ez da inoiz oztopo izan komunikaziorako. Mirrik dioenez, Txirri, Mirri eta Txiribitonen saioek kontzentrazioa eskatzen diote haurrari eta horrek ulermen maila handi samarra eskatzen du. “Ulermen arazorik ez dugu izan egia esan, umeek funtzioak jarraitu ahal izan dituzte bestelako adierazpideak badituelako ikuskizunak”. Duela ia mende erdi, hiru pailazoek nolako euskara erabili hausnartu behar izan zuten. “Garai bereziak ziren, batuaren erronka eta liskarra zegoen”. Bi fronteren aurrean aurkitu ziren. Batetik, gazteak ziren eta puri-purian zegoen euskara batuaren aldeko hautua egin nahi zuten. Alabaina, zuzeneko ikuskizunak egin behar zituzten eta batuak horretarako akatsak zituela uste zuten. Bat-bateko ulermena, intelektuala eta emozionala behar ziren. Bestetik, Nemesio Etxanizek gerraurrean haurrekin egindako abesti, antzerkitxo eta abarrak erakutsi zizkien, eta pailazo gaiei gustatu. Etxanizek transmititutako hizkuntzaren samurtasuna landu nahi zuten. Horregatik erabaki zuten adibidez, hika egitea. Bazekiten ordea, Euskal Herri osoko haurrak bisitatuko zituztela eta denek ulertu behar zutenez euskara batua aukeratu zuten.

      Takolo, Pirritx eta Porrotxek, pailazo lanetan hasi zirenean, oinarrizko hizkuntza erabiltzen zuten eta esketxak zirkoko esketx klasikoak ziren. Urteak aurrera egin ahala hiru ardatz hartu zituzten: euskara, alaitasuna eta baloreak. Hau da, esketxak landuagoak ziren, helburu zehatzekoak; beraz, euskara ere gehiago lantzen hasi ziren, aberatsago egiten, nola idatzi, nola ahoskatu... hausnartu zuten.

      Gipuzkeraren zipriztinak dituen euskara batuan aritzen dira eta “borroka”n ibiltzen dira hiztegiaren zuzentasuna eta naturaltasuna. Adibide batekin esplikatu digu zertaz egin duten eztabaida pailazoek eta euskara aholkulariek: “Anakleto ijitoa astoen pelukeroa ala ile-apaintzailea dela, zer esan behar duzu? Nire aitak astoen pelukeroa esango luke, baina egia da hitz hori euskaraz ez dagoela”.

      Patata tortilla ere hizpide izan dugu: “Maite zaitut / pila pila pila patata tortilla. Zalantzak izan genituen, euskaraz ondo dagoen esanda ala ez... baina umeei gustatzen zaie! Arrakasta du absurdoaren umoreak. Agian, ez dago zuzen esanda, baina zentzurik gabeko hitz jokoek badute tira”.

 

      Gurasoak ere entzuten ari dira

      Haurrentzako saioak prestatu arren, Poxpolo, Mokolo ta konpainiak, beste pailazoek bezala, entzuleen artean gurasoak izaten dituzte. Haiekin ere akordatzen dira ikuskizunetan, ez zaizkie gustatzen atean geratzen diren horietakoak. Etengabe egiten dituzte gurasoentzako keinuak, txisteak, abestiak. Gaztelaniara egiten dute jauzi: “Herri batzuetan gurasoen euskara maila kaskarra da. Adibidez, boluntario gurasoa ateratzen bada eta jolasa egiteko euskaraz ez bada ondo moldatzen erdaraz egiten dugu eta ez da ezer pasatzen”. Amentzat eta aitentzat “pikante” izaten saiatzen dira, eta euskaraz umeentzat barra-barra ari direla, tartean, horrelakoak botatzen dituzte: “Coge la radio que nos vamos pal otro barrio”, “Mona Lisa / amona Maria Luisa / goazen hemendik que tengo prisa”. Ohikoa da Julio Iglesias edo Dúo Dinámicoren abestiak entzutea. Jakinaren gainean daude parentesi horiek umeek ez dituztela ulertzen, batzuek gaztelaniaz ulertzen ez dutelako, eta sarritan helduen garaiko erreferentziak erabiltzen dituztelako.

      Porrotxek gurasoak, gazteak, aiton-amonak eta txikitako lagunak ikusten ditu entzule txikienen artean. Pailazo hauek ere, haurrek beti ulertzen ez dituzten keinuak egiten dituzte: absurdoarekin jokatuz tarteka botatako erdarakadak, esate baterako, katxislasopavieja.