Bizikidetzaz filoSOFAtzen
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2004-06-13

      Manuel Hidalgoren “La guerra del sofá” liburuan oinarritu du Maskaradak “A ze parea!” antzezlan berria. Bikotekideen etxeko liskarrak dira protagonista maiatzaren 8an, Pasaian, estreinatu zuen komedian.

      Hasieran barre egiten zenuen zure bikoteari, bazkaltzeko orduan, makarroiak ahora ailegatu aurretik mahai gainera erortzen zitzaizkionean. Orain, ordea, ez dizu batere graziarik egiten. Lehen elkarrekin ikusten zenituzten telebistako filmak, eta orain borrokan aritzen zarete mandoa nork eskuratuko. Lasai hartu, ohikoa da eta “ez omen gara horretan ere batere originalak”. Bizikidetzak txikikeriak arazo bilakatzeko kapritxoa izaten du.

      Lau hormen artean gertatzen diren guda txiki horien inguruan mintzatzeko asmoz idatzi zuen, hain zuzen, Manuel Hidalgok La guerra del sofa, 2000. urtean. Ironia eta umore handiz bizikidetzan sortzen diren liskarrak paperean jarri zituen.

      Karlos Panerak kasualitatez egin zuen topo eleberri honekin, Euskal Herriko Unibertsitateko antzerki ikasleekin muntatzeko testu baten bila zebilela. Ikasleen lanak ikusleen aldetik harrera bikaina izan zuela-eta, Maskarada taldearekin ekoizpen profesional bat egitea erabaki zuen, antzezlanari A ze parea! izenburua jarrita. Egoera bitxietan oinarritutako komedia honekin konpainia bizkaitarrak orain arte jorratu ez zuen estilo bati heldu dio, aurreko Konbat antzezlan konplexuarekin guztiz apurtuz.

      A ze parea! eszenaratzeko Maskaradak lau aktore gazte igo ditu oholtza gainera: Asier Hormaza, Katrin Schlegel, Andoni Agirregomezkorta eta Maria Dondiz. Lauen artean bikote ezberdinak osatzen dituzte, beti ere eszena gainean jarritako laranja koloreko sofaren inguruan. Komenitakoaren arabera, zati ezberdinetan banatzen den sofa mugituz, etxeko gela ezberdinak irudikatzen dira eszenan: komuna, egongela, logela...

      Taula gainean esketx bidez azaldutako egoerak nahiko topikoak dira, eta bertan azaltzen diren pertsonaiak nahiko estereotipatutakoak: telebista aurrean eguna etzanda igarotzen duen gizona, kirioak dantzan bizi den emakumea... “Esketxetako batzuk topiko hutsak dira dudarik gabe, baina topiko horiez mintzatzeko oso modu berezia duela uste dut”, dio lanaren zuzendariak.

 

      Bideko oztopoak

      Panerak aitortzen duenez oholtzara igotzeko zailtasun ugari izan ditu ikuskizunak, hasieratik finantzatzeko zailtasunak izan baititu: “Bi aldiz aurkeztu genuen lana Jaurlaritzaren laguntzetara eta ez digute subentziorik eman. Madrilen modu komertzialagoan saltzeko aukerak ere aztertu genituen baina bide hori ere baztertu egin genuen. Azkenean era honetan muntatzea erabaki nuen, modu sinplean, alegia”.

      Dena den, uste baino konplexuagoa izan da A ze parea! taula gainean jartzea, komedia egitea ez baita batere erraza. Eszenatoki gainean sofa da aktoreek babesteko duten elementu bakarra eta, hortaz, euren vis komikoaz gain, erritmoa eta intentsitatea ere eurek neurtu beharrean daude lan honetan. Pasaian eginiko emanaldian gabezia nabariak izan ziren alde horretatik.

      Euskarazko bertsioa Karlos Panera eta Patxi Ugalderen artean prestatu dute. Horretan ere ez da makala izan egitekoa: “Batzuetan uste duzu Oscar Wilde bat muntatzean euskararekin zailtasun handiagoak izango dituzula. Gero, ordea, uste ez duzun lekuan topatzen dituzu zailtasunak”.

      Itzulpenak berak sortzen dituen gorabeherez gain, jatorrizko testuak berak ere ez die bidea samurtu Maskaradakoei. Hidalgoren testua paperen irakurria izateko sortua da eta, hortaz, antzerkiaren arauetara egokitzeak buruhauste bat baino gehiago eragin ditu lantaldean “oraindik ere ia arnasarik gabe uzten ditu aktoreak tarte batzuetan”. “Eszena bat kendu behar izan genuen estreinaldiaren aurretik”, gaineratzen du Panerak, “Teknologia berriei buruzko kapitulua zen, terminologia gogorregia zuela-eta baztertu genuen. Jendeari gehiegi kostatzen zitzaion istorioan sartzea”. Testuaren konplexutasunak badu, ordea, zuzendariarentzat balio erantsi bat: “Hizkuntza kultua erabilita ere, sekulako astakeriak esan daitezkeela frogatzen du. Hori da, dudarik gabe, obra honek duen xarma”.

 

      Aktoreen apartekoak

      “Erretzeak kalte egiten dio bikoteari. Nahiz eta zigarroaren kea beste alde batera botatzen saiatu, beti zure bikotearen aurpegira helduko da zuzen-zuzenean”, halaxe dio Asier Hormazaren pertsonaiak, Maria Dondizenak sofan aldizkari bat irakurtzen duen bitartean. Izan ere, antzezlan honetan bi plano bereizten dira: batetik pertsonaiek euren artean dituzten elkarrizketen planoa, eta bestetik publikoarekin dituzten aitortzena. Horregatik, tarteka antzezlanak Stand up comedy estiloa hartzen du, azken boladan modan dauden umorezko bakarrizketena, alegia. Aktorea, gertuko tonuan, hizketan hasten da, bere bertsio partikularra eskaintzeko. Panerak Hidalgoren liburuko kapituluen sarreratxoak erabili ditu bakarrizketa horiek osatzeko: “Nire asmoa aspaldian oso gutxi erabiltzen diren aparte izenekoak erabiltzea zen. Kontua da, norbanakoak bere barruan dituen hainbat pentsamendu linea taula gainean jartzea. Hots, pertsonaia bere kontraesan guztiekin azaltzea. Ikusleak in situ bizitzen du pertsonaia horrek momentuan pentsatzen duena”.

      Estreinatu berritan herriz herri emanaldi mordoa eskaintzea espero dute, nahiz eta oraindik agenda zehaztu gabe egon. Udan gaztelerazko bertsioa prestatzeari ekingo diote, irailean Bilboko Arriaga Antzokian aurkezteko. Estreinaldiaren zurrunbiloa igarota, Karlos Panerak beste bi proiekturi helduko die: “Batetik Gonzalez de Duranaren testu bat muntatu nahi dut, eta datorren urterako Ingalaterran arrakasta handiz ematen ari diren Stones obra ere egin nahiko nuke”.

 

 

Manuel Hidalgo, idazlea:
“Umorezko antzerkian, hutsune handia dago”

 

      Kazetari lanagatik ezagunagoa bada ere, Manuel Hidalgo iruindarrak liburu mordoxka idatzia du. Zineari buruzko liburuen artean dira El último austrohúngaro. Conversaciones con Berlanga eta Francisco Rabal. El pecador impecable izan zen bere lehen eleberria eta ondotik Azuzena, que juega al tenis, Ole eta La infanta baila idatzi zituen. La guerra del sofa 2000. urtean argitaratu zuen arrakasta handiarekin. Filmetako gidoigile aritu bada ere, bere testu bat oholtza gainean ikusten duen lehen aldia da.

      Zure testua eszenan ikusi zenuenean zer sentitu zenuen?

      Oso sentsazio ona eman zidan. Lehenagotik antzeko sentsazioa bizi izan dut, zinerako gidoiren bat areto batean eta ikuslez inguraturik ikusi dudanean. Nik gehienetan umorea erabiltzen dut nire testuetan eta, beraz, garrantzitsua da filma ikustean jendeak dituen erreakzioak ezagutzea. Antzerkia, hala ere, askoz beroagoa da, zuzen-zuzeneko zera hori dauka. Efikazia handiko artea iruditzen zait antzerkia.

      Zutabe egile zara. Antzerkiak zirikatzeko ahalmenik ba al du gaur egun?

      Badira errealitatea modu kritiko, satiriko eta dibertigarrian islatzen duten talde independenteak. Baina talde horiez gain Espainian ez dago umorea modu horretan lantzen duenik. Azken aldian ez da “komediograforik” sortzen. Itzal handiko autore horiez ari naiz, gizartearekin guztiz konektatuz errealitatea ikuspegi dibertigarri batekin itzultzen zuten horietaz. Gaur egun badira idazle gazteak baina ez dute behar adinako zabalkunderik, Jose Luis Alonso de Santosen belaunalditik ez da halako idazlerik sortu. Arlo honetan hutsune bat dagoela uste dut.

      Azken esperientzia honekin, antzerkiaren arra nabaritu al duzu dagoeneko?

      Behin baino gehiagotan esan didate nire idazle balioa dialogoetan dagoela. Egia esan, elkarrizketetan iaioa izatea baldintza ona da antzerkia idazten saiatzeko; ez hori bakarrik, noski. Hala ere, ez dut inoiz antzerkia idazteko beharrik sentitu. Lan mordoarekin nabil azken boladan atzera eta aurrera, badut nahiko buruhauste. Dena den, etorkizunean, nork daki.