Herrenka, baina korrika egiten du Nikolak
Katixa Garate
Argia, 2003-03-16

      Korrika Kulturalaren baitan, “Metxa” antzezlana estreinatu zuen Tentazioak taldeak euskara hutsean, otsailaren 21ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Biran da Koldo Izagirrek sortutako pertsonaia maitagarria Euskal Herrian barna.

      Ba al dakizue nor diren agirretarrak? Seguru zuetako batzuek haien berri duzuela, beste batzuek ez duzue jakingo agian, baina zuengandik uste baino gertuago daude. Sudur eta belarri handiak izan ohi dituzte, horra hor pista bat. Haiek ondo arraio ezagutzen dituena Agirre’tar Nikola dugu, lagunen artean “Metxa” deitua (su erraz hartzen duena, metxa motzekoa izaki), Tentazioak taldearen azken antzezlanaren protagonista. Metxa agure erretiratua da, baina ez du bizitzatik dimititu, adarjolea eta erretxina da, gerran ibilia, gogor itxurakoa baina minbera du barrena; memoria pertsonal ahulekoa da, baina memoria historiko handia du. Agirretarra dugu; izan ere, beti erorian dabiltzan gizarajoak dira agirretarrak. Eta oraindik ere min hartzeko prest da Metxa egoskor maitagarria. Haren bizipenak, gezurrak, tramankuluak ikusi ahal izango ditugu jokaleku gainean; hala nola, boza ematera doanekoa, euskaltegian izena ematen duenekoa, herriko ilunpe orokorra saboteatzen duenekoa... Ikuskizuna aurrera egin ahala, gero eta gertuago sentituko dugu Metxa, eta irribarrea aterako digu behin baino gehiagotan.

      Koldo Izagirrek 1991n sortutako “Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak” narrazio liburuko protagonista dugu Agirre’tar Nikola. Tentazioak taldeko kide eta obraren zuzendari den Eneko Olasagastiri asko gustatu zitzaion Metxaren istorioa liburua irakurri zuenean eta AEK-k eta Korrikak deitutako bekara aurkeztu zuen. “‘Metxa’ euskaldunei buruzko gogoeta da, ironia handiarekin egina, guretik egina eta autokonplazentzian erori gabe. Gainera, nahiko antzezgarria iruditu zitzaidan. Antzerkitik asko du liburuak, Izagirrek gezurrarekin jokatzen baitu. Agirretarren herriak badu alegitik eta fabulatik. Distantzia hartzen du hainbat gauza kontatu ahal izateko eta esateko”.

      Liburua egokitzerakoan, Izagirreren ahotsa mantentzea kosta egin zitzaion Olasagastiri; autorearen ahotsak, izan ere, badu garrantziarik istorioan eta horrek ekarri zion buruhauste gehien. Horri irteera emateko, agirretarrak asmatu zituen pertsonaia gisa. Eta agirretar horiek izango dira hain zuzen istorioa kokatzen, Metxarekiko distantzia eta hurbiltasuna jartzen lagunduko dutenak.

      Jose Ramon Soroizek jokatzen du Metxaren rola. Harekin taula gainean izango diren adin guztietako agirretarrak, aldiz, honako aktoreek gorpuzten dituzte: Ramon Agirrek, Aitzpea Goenagak, Jose Cruz Gurrutxagak, antzerki kontuen berri orri hauetan idazten duen Ainara Gurrutxagak eta Xabier Sarasola gazteak. Aktoreei buruz zera esan digu Olasagastik: “Ainara eta Xabier izan ezik, beste aktoreak ezagunak dira. Xabier lau urtez Zurriola ikastolako antzerki taldean ibili da, zortzi urte zituenetik. Ez zuen oraino testu antzerkirik egin. Natural eta aske agertu da taula gainean eta oso irakurketa zentzuzkoa egin du; harrituta utzi nau. Ainara ikusita neukan Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean eta zuzenean frogarik egin gabe deitu nion”.

 

      Peto-petoak

      Pertsonaiak herrenka ibiltzen dira; euskaldunen topikoei jarraiki, sudur eta belarri luzeak dituzte. Exageratu egin dituzte pertsonaien ezaugarri fisikoak, distantzia lortze aldera. Arropak, aldiz, gaur egungoak dira, gertutasuna islatu nahian. Liburua 80ko hamarkadan kokatua badago ere, gaur egunera ekarri dute lana.

      Hainbat elementu oso garrantzitsuak dira ikuskarian: musika, txotxongiloak... Musikari dagokionez, Joseba Tapiak zuzenean jotzen ditu sei kantu eta aktoreek abestu egiten dituzte. Horietatik lau kanta Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek apailatutako “Agur Intxorta Maite”diskokoak dira. Iaz kaleratu zen disko horretan Gerra Zibileko hainbat kantu bildu zituzten eta musikatu. Metxarengan gerrak eragin handia izan duenez, abestiok bere bizipenen oihartzuna direla esan daiteke. Ikuskizunaren hasierako eta bukaerako abestia, “Agirretarren Bandera”, Koldo Izagirrek idatzi zuen eta Oskorrik musikatu zuen duela urte batzuk. Okasiorako, musika berria jarri dio Tapiak.

      Agirretarren mundu imaginarioa islatze aldera, modulo tolesgarriak dituen eszenografia osatu du Iñigo Altolagirrek. Metxaren gela urdinetik, haren mundu partikularretik miniaturazko agirretarren herria, Casablanca baserria... sortuko dira. Eskuinaldean Metxaren mundua daukagu, mundu onirikoa, urdinarekin sinbolizatua. Eta ezkerrean, mundu publikoa dago, eta hori gorriak irudikatzen du. Pastoraletik hartutako sinbolo horiekin jokatu dute, nahiz eta eszenaratzeak pastoralekin zerikusirik ez izan.

 

      “Euskaldunon Egunkaria” erosten du metxak

      “Egunkaria” itxi eta hamar kulturgile atxilotu ondorengo egunean estreinatu zen “Metxa”. Gertakari hori antzezlanean islatu nahi izan dute eta “Euskaldunon Egunkaria” bera fisikoki bi pasartetan gehitu zuten. Metxak ere egiten du komentario agirretarrik auziaren inguruan: “Debekatzen gaituzten bitartean libreak gaituk”. Horrez gain, emanaldi bakoitza bukatu ostean, “Egunkaria”rekiko elkartasuna adierazten duen pankarta ateratzen dute taldekideek.

      Mementoz, euskaraz ikus daiteke bakarrik antzezlana. Oraindik erabaki gabe du taldeak gaztelaniazko bertsioa prestatuko duen. Gainera, liburua bera gaztelaniara itzulita dago jada. Olasagastik adierazi digunez, “interesgarria litzateke euskaldunak ez direnak hor kontatzen dena eta ematen den ikuspegia ikusi eta entzutea. Hala ere, itzulpenarekin gauza gehiegi galduko direla uste dut. Alegia, oso euskalduna dela eta oso guretzat egina. Gainera, erdaldunontzat gauza erakargarriak euskaraz egitea lortu beharko genuke. Ikus dezaten zirikatu beharko genituzke”.

      Agirretarrak bertatik bertara ezagutzeko jakin-mina izanez gero, bada aukera franko. Besteak beste, martxoaren 13an Gasteizen izango dira, 14an Tolosan, 20an Iruñean eta 23an Bilbon.

 

 

Eneko Olasagasti: “Beharbada idazleek gehiago asmatzen dute interesatzen, hunkitzen gaituzten gaiak idazterakoan, antzerki autoreek baino”

 

      Antzezle, zuzendari, gidoilari... gisa urte andana jardun du Eneko Olasgasti donostiarrak antzerkian, zineman nahiz telebistan. Korrika Kulturalaren habeetako bat den “Metxa” antzezlanean zuzendari lanetan aritu da.

      Korrika-AEK bekari esker egin du “Metxa” Tentazioak taldeak. Ez da ohikoa Euskal Herrian halako sorkuntza bekarik egotea, ordea.

      AEK-k adierazi izan du Korrika egiten denean, herriari asko eskatzen zaiola, eta nolabait itzuli egin nahi zitzaiola hori, kultur produktu baten bidez. Ohikotik kanpo eta egunero egin ezin den zerbait kaleratuz, alegia. Filosofia hori gustuko genuen eta horregatik aurkeztu ginen beka deialdira. Gainera, aurretik ere, nahiz eta enkarguzkoa izan, “Komeriaka” egin genuen AEKrentzat eta oso gustura aritu ginen. “Metxa” moduko espektakulo bat euskara hutsean eta euskaldunontzat planteatzea ezinezkoa litzateke erabat, halako bekarik gabe. Diru publiko pila bat beharko litzateke. Azken finean hori da AEK-k egin duena: dirua jarri. Ez da nahikoa izan hala ere, AEK-k 60.000 euro jarri baititu produkziorako eta 10 emanalditarako eta ekoizpena 85.000 euro ingurukoa izan da. Alabaina, errazagoa izan da lau horiek lortzea eta egin ahal izatea.

      Badirudi azkenaldian euskal antzerki taldeek batik bat nobelak aukeratzen dituztela eszenaratzeko: “Kutxidazu bidea, Ixabel”, “Metxa” bera, “Ai ama!”… Bertako antzerki autoreen lanek ez dute zuen arreta pizten?

      Hori ez da hemen bakarrik gertatzen, nahiko orokorra da. Dramaturgia klasikoarekin edo egitura klasikoarekin du zerikusia beste ezerekin baino. 70eko hamarkadan iraultza bat egon zen eszenan, eta hor beste modu batera sortzen hasi zen. Ez zeuden, ordura arte bezala, autorea, zuzendaria eta abar, lan egiteko modu libreagoak, zabalagoak sortu ziren. Gaur egun testu bat edozein lekutan bilatzen duzu; jakina irakurtzen ditugu ere antzerkiko testuak. Irakurzaletasunak berak ere beste gauzak irakurtzera eta antzezpen posibleak ikustera eramaten zaitu. Azkenean, guztiak iturriak dira. Beharbada idazleek gehiago asmatzen dute liburuetan, hunkitzen, interesatzen, emozionatzen gaituzten gaiak idazterakoan, antzerki autoreek baino.

      Zu kide zaren Tentazioak produkzio etxeak Komarekin batera Irrikitan telebista saioa egin du ETB1erako. Jarraituko du pantailan?

      Aste honetan bertan esango digute ea saioak jarraituko duen, audientziaren araberakoa izaten baita hori. Saio piloto bat eta sei atal grabatu genituen eta oraindik bi geratzen dira emititzeko.

      Kuriosoa izan zen, ez baitzen guk proposatutako proiektua. ETBtik esan ziguten produktora batzuk elkarlanean jarri nahi zituztela eta “stand up” saio bat nahi zutela. Argi genuen nahiz eta monologo saioa izan, ez genuela “El Club de la Comedia” edo “Más Humor”ren antzekorik nahi. Haiek eskatzen zituzten beste elementu batzuk sartu genituen: istorio laburragoak, bestelako pertsonaiak, baina batez ere Patxo Telleria eta Mikel Martinezen umorea. Umore mota asko sartzea bilatu dugu, barietatea, kritikotasuna lantzea, aktualitatetik gertu... “Irrikitan” aurkeztu genuen eta aurrera atera zen. Egia esan, telebistan bizi diren mementoak ikusita, pixka bat harrituta gaude programak jarraitu izanarekin. Programa ez da oraindik erabat erregularra, horrez gain izan ditugun baldintzak ez dira onak izan, beti presarekin egin behar duzu lan telebistan… Baina nahiko kontentu gaude emaitzarekin eta horrelako espazio bat izatearekin. Ez da programa erosoa, prime timerako eta zaila da astelehen gauetan dauden gauza guztiekin borrokatzea, baina ea eusten diogun