Heroiak eta munstroak beren bakardadean
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2002-03-31

      Xanti beste adimen urriko pertsona asko bezalakoa da, gizarteak “ezberdina” izateagatik erakunde berezietan edo familiaren barrukotasunean zokoratzen dituen horietakoa. Xantik, ordea, ez du onartzen berak hautatu ez duen patu hori. Zergatik da den bezalakoa? Nork egin du halakoa? Munstro bat al da?

      Egunerokotasuna bera abenturatzat duen Xantik bere bizitzako aldaketa sakonena biziko du Adosek proposatzen digun istorio honetan, ama zenduta anaia Karlosekin bizitzea egokituko baitzaio. Antzerki zuzendari den anaia, ordea, ez dago bere mementorik onenean, Frankenstein pertsonaian oinarritutako “Munstroaren bakardadea” muntaia estreinatzeko egun gutxi gelditzen direnean, arduratu behar baitu bere nebaz. Xanti Koldo Losadak gorpuzten du eta Karlos, berriz, Martxelo Rubiok.

      Antzezlan honetan, gainera, bada hezur-haragizkoa ez den beste pertsonaia garrantzitsu bat: John Wayne, alegia. Westernetako heroia beti alboan du Xantik, bizitzan aurrera egiteko aholkuak ematen dizkion laguna. Bere anaiak oparitutako irudia gainean darama beti. “Wayne bere buruaz oso ziur dagoen heroia da. Xantirentzat, beraz, munduan ibiltzeko erreferentea da. Dena den, nik uste dut antzezlanean zehar jazotzen den garapenari esker Wayne betirako desagertu egiten dela Xantiren bizitzatik”, dio Tessa Andonegi zuzendari laguntzaileak. Frankenstein-en irudiak ere —bakardadea pairatzera kondenatutako pertsonaiak— badu antzezlanean zehar islatzen den esanahi bikoitz bat, Xantiren moduan “anti-heroia” baita hau ere.

 

      Sentimenduen dantza

      Ados antzerki taldeak estreinatu berri duen lanak gizakion bakardadea du oinarrian. Azken batean denok bizitzako uneren batean bizitu dugun edo bizitzan dugun egoera da hauxe. Hala, sentimendu ezberdinen arteko bidaia egiteko gonbita luzatzen zaigu John Wayne-ren laguna ikuskizunean: “Bihotzera heltzen den istorio bat da. Malkotik irribarrera salto batean igarotzen zaren horietakoa”, dio gaztelerazko bertsioan Karlosen antzerki konpainiako aktore bat gorpuzten duen Javi Tolosak. Marga aktoresaren papera egiten duen Teresa Caloren aburuz, antzezlanak baditu errealitatearen printzak: “Azken batean denok erakusten dugu bizitzan besteen aurrean defendatuko gaituen aurpegi bat”.

      Garbi Losadak zuzendu eta idatzi duen antzezlanean Xanti da istorioaren ardatz. Pertsonaia konplexu hau sortzeko garaian azaletik mamira lan egin duela aitortu digu Koldo Losada aktoreak: “Batez ere behatze lana izan da. Halako jendeak fisikoki ezaugarri bereziak izaten ditu ia beti: ibiltzeko modua, tikak... Behin kanpokoa landuta barrura jo nuen. Egia esan testua oso ondo idatzita dago eta, horrek asko erraztu dit lana”. Publikoari berehala hunkigarria gertatzen zaion pertsonaia beste pertsonaien antzera landu du aktoreak: “Pertsonaia bat lantzen dudan bakoitzean erronka berri bat hasten da niretzat. Xanti adimen urrikoa izanagatik ez zait zailagoa egin”. Losadak, dena den, pertsonaia honen kontura behin baino gehiagotan egin behar izan dio bisita masajistari.

      “John Wayne-ren laguna” antzezlaneko beste pertsonaiak Xanti eta Karlosen inguruan dantzan dabiltza. Euskarazko bertsioan, Aintzane Gamizek eta gaztelerazkoan Mila Espigak jokatzen duten Sara pertsonaia Karlosen neskalaguna da. Bi protagonisten arteko ika-mikak leuntzen saiatuko da Sara obra guztian zehar, Javi Tolosak, Javi Barandiaranek, Teresa Calok eta Jon Ezkurdiak gorpuztutakoek narrazioari ukitu gazi-gozoa ematen dioten bitartean.

      “Berezia” izateagatik inguruak baztertzen duen pertsonaiaren errealitatea gordina baldin bada ere, Adosek aurkezten duen lanak ez du tragedia kutsurik: “Hau antzerkia da, eta hortaz, entretenitzeko eginda dago batez ere. Hunkigarria den istorio bat kontatu nahi izan dugu baina dramatikotasun handirik gabe”, dio Tessa Andonegik. Amaiera zoriontsua duten istorio horietakoa da Adosen azken antzezlana, nahiz eta aukeren atea zabalik uzten den pertsonaien etorkizuna zein izan daitekeen iragarri gabe.

 

      Eszenografia magikoa

      Hein handi batean arlo estetikoa ere protagonista bilakatzen da ikuskizun honetan. Jon Berrondok maisuki eratutako eszenografiak ikuslea berehala bereganatzea lortzen du. Hasieran oihal gardenez osatutako horma dena, ikuskizunean zehar lekutze ezberdinetan bilakatzen da bideo proiekzioen laguntzaz. Tessa Andonegiren hitzetan eszenografia guztia sinbolismoz beteta dago: “Ikuskizuna horma baten atzean hasten da, itxita, nolabait pertsonaia bakoitza bere munduan dagoela adieraziz. Gero, ordea, horma hori zabalduz joaten da poliki-poliki, bi protagonisten arteko munduak zabalduz doazen heinean”. Carlos Salaberriren argiztapenak eta Joxan Goikoetxearen musikak antzezlanaren estetika borobiltzen laguntzen dute.

      Behin estreinaldia eginda, Adosek euskaraz eta gazteleraz eskainiko du “John Wayne-ren laguna” ikuskizuna. Bi hizkuntzetan estreinatu beharra aktoreentzat lan handia dela dio Koldo Losadak: “Putakeria bat da, batez ere batera egiten denean. Nahi gabe aurretik egindakoa itzultzeko joera izaten da eta horrek sekulako tentsioa sortzen digu. Baina, tira, ohitzen zara azkenean”. Gaur egun muntaia gehienak gazteleraz egiten dira lehenik eta ondoren, oso denbora gutxian, euskarazko bertsioa lantzen da. Alde horretatik lan hau pribilegiatua dela uste du zuzendari laguntzaileak: “Ia hasieratik hasi baikinen euskarazko bertsioa lantzen”.

      Behin lana estreinatuta Euskal Herriko antzokietan ikusteko aukera izango da John Wayne eta Frankenstein hain ezberdinak ez direla iradokitzen duen ikuskizuna

 

 

Martxelo Rubio:
“Aktorea batez ere taula gainean hezten da”

 

      Euskal aktoreetan emankorrenen artean dago Martxelo Rubio. Montxo Armendarizen “27 horas” filmean parte hartu ostean ia etenik gabe aritu da lanean. Azken aldian Fernando Merinoren “Agujetas en el alma” eta Joseba Salegiren “Ione, igo zerura filmetan” aritu da. Telebistan ere badu esperientzia. Antzerkian, berriz, Tanttakaren “Errudun jaioak”en parte hartu du berriki.

      Profesionalki zein unetan zaude?

      Ondo sentitzen naiz, pausoak ematen ari naizela nabari baitut. Nire iritziz aktore bat benetan taula gainean hezten da eta, telebista nahiz zineman nahiko lan egin badut ere, antzerkian ez naiz gehiegi aritu. Urte honetan bi funtzio seriotan parte hartu dut eta niretzat sekulako erronka izan da. Lanbide honetan, bizitzan bezalaxe, ez da inoiz ikasteaz bukatzen, horregatik bide asko dago egiteko oraindik. Horretan dihardut.

      Egun euskal aktore eskarmentatuenek ere telesailetara jotzen dute...

      Jaten ematen diguna hein handi batean hori delako. Eta ez da askotan gustuko duguna, betetzen gaituena eta ondo sentiarazten diguna, baina tira, hobe zure arloko zerbaitetan lan egitea taberna batean kopak zerbitzatzea baino. Ni behintzat telebista egiten gero eta gehiago aspertzen naizela eta benetan barruak mugitzen dizkidaten gauzekin gozatzen dudala konturatu naiz. Berrogei urterekin, dena den, ez dakit zer egingo dudan.

      Ezagun izateak lagundu al dizu lan egiterako orduan?

      Ez. Ez dut uste salmentak handitzen dituztelako kontratatzen dituzten aktore tipiko horietakoa naizenik. Beno, nolabait ezaguna banaiz, telebistan lan egin dudalako, baina zuzendariek ez naute dudan izenagatik deitzen. Famak ez dizkit gauza txarrak ekarri baina onak ere ez. Uste dut fama besteen buruetan dagoen zerbait dela, eta norberarekin zerikusi gutxi duela.

      Zer eskatzen diozu etorkizunari?

      Oscar bat, Goya bat...(barrez). Beno, benetan, hazten eta ikasten jarraitzea. Oraingoz antzezteko gai sentitzen naiz, eta beste gauzetarako ez dakit, baina auskalo! Egia esan zerbait idaztea gustatuko litzaidake, baina benetan zaila iruditzen zait. Egun gauzatxoak idazten ditut baina ia ezer ez. Etorkizunean, baina, saiatzea gustatuko litzaidake.