Amatxo, noiz joango gara antzerkira?
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2002-02-24

      Antzerkia jolasa dela esan izan da askotan, irudimenaren bidez pertsonen sentimendu eta gogoeta ezkutukoenak azaleratzeko gai den adierazpen artistikoa. Haurrek, jolaserako helduek baino gaitasun handiagoa izaki, antzerkiaren munduan murgiltzeko muga gutxiago dutela esan daiteke, hortaz. Haurraren eta antzerkiaren arteko harremana, ordea, iraganean ez da hain erraza izan eta oraindik ere gure herrian gorabehera handiak dituen arloa da.

      Euskal Herrian haurrentzat eginiko antzerki profesionalak hogeita hamar urte baino ez dituenez oraindik etengabe hazten ari den adierazpide gaztea da, ia eredurik gabe ekinaz ikasi duen antzerkia, alegia.

      Haurrei zuzendutako antzerkiak helduenaren baliabide berak erabiltzen ditu. Honetan ere, lan bakoitzaren xedeen arabera genero ezberdinak lantzen dira: kale antzerkia, aretokoa, musikalak, txotxongiloak, pailazoak eta abar. Txotxongillo Taldean 32 urte lanean daramatzan Enkarni Genuaren aburuz, maiz kontrakoa pentsatu izan bada ere, haurrekin edozein gaiez hitz egin daiteke: “Kontuan hartu beharreko bakarra gaia komunikatzeko duzun modua da, eta hein handi batean ikuskizunaren iraupena ere bai, ordu betetik gora haurrak aspertzen hasten baitira”. Gijonen otsailaren 24tik aurrera burutuko den FETEN 2002an —Europa mailako haur antzerki azoka garrantzitsuenetakoan— parte hartuko duen Gasteizko Panta Rhei taldekoen iritziz, drama beraren baitan ere badago ezberdintasunik haur eta helduen antzerkiaren artean: “Helduentzako ikuskizunetan dramaren oinarria ekintza izaten da, akzioa. Haurrentzat, aldiz, ekintzaz gain irudimena ere oinarrizkoa da”. Kukubiltxokoentzat, berriz, haurrentzat aproposa den antzerkia publiko zabalarentzat ere egokia den hura da: “Haurrentzako antzerkiak ez du izan behar eurentzat soilik egindako lana, eta are gutxiago hizkuntza degradatua erabiltzen duena”.

      Haurrentzat eginiko antzerkia helduenaren alboan gutxietsia dela ere esan ohi da maiz. “Mambrú” edo “Kartoibiraka” bezalako lanengatik Euskal Herritik kanpo sari mordoa jaso duen Markeliñe taldeko Jon Kepa Zumaldek, esaterako, gutxiespen hori nabaritu du, baina batez ere ikuslearen eta kultura arduradunen aldetik: “Batzuetan haurrentzat edozer gauzak balio duela uste izaten da. Hala ere, talde gehienok oso serio hartzen ditugu beraientzako egiten ditugun lanak”. Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo taldeko Joxe Mari Agirretxek gutxiespena baino arazoa beste bat dela iritzi dio: “Oro har, egungo gizartean haurrekin lotura zuzena ez duenak hauen munduari ez dio kasu handirik egiten, edozein arlotan. Ez dut uste bereziki haur antzerkia gutxietsita dagoenik”.

 

      Antzokira helduen eskutik

      Haurrei zuzendutako antzerkiak badu beste ezaugarri berezi bat: haurrak antzerkira joateko heldu baten laguntza behar izaten du eta, beraz, gehienetan bigarren honek erabakitzen du noiz eta zer ikustera joan. Eskoletan ere hezitzaileen esku gelditzen da aukera hau. Enkarni Genuaren hitzetan gurasoek askotan ez dute benetako ahaleginik egiten haurrak antzerkira eramateko: “Herri oso folklorista gara. Azken batean gehien gustatzen zaiguna ibiltzea da: Kilometroak-en, Nafarroa Oinezen... denok euskal kulturaren alde! Baina gerta daiteke hurrengo igandean herrian euskaraz antzerki lan bat antolatzea eta inortxo ere ez joatea”.

      Haur antzerkian ere administrazioaren aldetik hutsune handia dagoela uste du talde askok, batez ere adierazpide honekiko politika kultural zehatz bat falta dela argudiatuz. Oso gutxi omen dira haurrentzako programaketa berezia duten herriak. Ez dira egiten ez eskolara begira, ezta herriari zabalduta ere. “Honek, oso garrantzitsua den adierazpen kulturala baztertzeaz gain, antzerkiaren zaletasuna desagertzeko arriskua ekarriko du”, dio Markeliñeko Jon Kepa Zumaldek. Helduentzat antzerki eskolen eskasia dagoen bezala haurrek ere ez dute antzerki eta gorputz espresioa bezalako gaiak lantzeko apenas aukerarik euren herrietan, ezta eskolan ere. Hala, haurrek antzerkiaren munduarekin duten harremana hutsaren hurrena da sarritan.

      Euskal Herrian egiten den haur antzerkiak diru laguntza publikoaren beharra izaten du, helduentzako antzerkiak bezalaxe. Diru laguntzak batez ere taldea sortzeko garaian behar direla azpimarratu nahi izan du Joxe Mari Agirretxe pailazoak: “Guk ere, duela hamabost urte sortu ginenean, arazoak izan genituen: ez genuen inongo diru laguntzarik jasotzen eta irabazitako guztia materiala erosten erabiltzen genuen. Horregatik uste dugu proiektuak hasieran babestu behar direla batez ere, talde berriak sor daitezen”. Diru laguntzen ordez haur antzerkian jarduten duten taldeei bestelako erraztasunak eman behar zaizkiela iritzi dio Panta Rhei taldeko Emilio Fernandezek: “Diru laguntzak politika kulturalak jarritako partxe batzuk besterik ez dira. Ikuskizunak egiteko zirkuitu berriak sortu beharko lirateke eta gaur egun daudenak hobetu”.

      Heldu zein haur antzerkiaren ekoizpenean esperientzia duten Markeliñe taldeko kideentzat haurrentzako antzerkia, oro har, formatu txikian ekoizten delako merkeago kontratatzen da. Taldeek ba omen dakite produkzio handientzako diru laguntzak lortzea oso zaila dela. Ondorioz, haur antzerki munduan produkzio txikiak egiteko joera nagusitu da. Eta era berean, programatzaileek kalitatearen arabera egin ordez formatuaren tamainaren arabera egiten omen dituzte ordainketak. Kukubiltxokoek ere antzerki mota honetan inbertsioak orokorrean baxuagoak direla aitortzen dute: “Orokorrean ez autoreek, ez ekoizpen konpainiek, ezta programatzaileek ere ez dugu inbertsio bera egiten haurrentzat diren lanetan eta nagusientzat direnetan”.

 

      Ereindakoaren uzta

      Hobetu beharreko gauza mordoa badago ere, euskal haur antzerkiak etengabeko hazkundea bizi du. Kasik haur antzerki talderik existitzen ez zen basamortuan Txotxongillo Taldea, Txirri, Mirri eta Txiribiton edo Eterno Paraiso bezalako taldeak izan ziren jardun honetan aitzindari. Gaur egun, berriz, antzez teknika eta adierazpide askotarikoak darabiltzaten taldeak daude. Ugalketarekin lanen kalitateak ere gora egin du Jon Kepa Zumalderen aburuz: “Orain arte Euskal Herrian haur antzerkiko ikuskizunen estetika, gaiak eta tratamendu orokorra nahiko sinpleak ziren, haurrak inozoak balira bezala tratatzen ziren. Egoera hori erabat aldatuz doa, eta ikusleari garrantzia emateaz gain antzezteko era berriak ikertzen dira eta betiko topikoetatik aldentzen saiatzen ari gara”. Panta Rheiko Emilio Fernandezek dioenez, dena den, azken urteetan sortutako taldeen artean kalitate ezberdineko lanak daude. Haur antzerkiak eskari handia du, eta ondorioz “kalitate txarreko ikuskizunak ere onartzen dira”.

      Antzerkiak berak aurrera egiteko dituen zailtasunen gainetik, euskal haur antzerkiaren etorkizuna “korapilotsua baina itxaropentsua” dela uste dute Markeliñeko kideek: “Gure erronka nagusia taldeek haur antzerkia maila txikiagokoa denaren ideia desager araztea da. Goi mailako produkzioak gero eta ohikoagoak izatea nahi dugu, haurra ikusle duen kalitatezko antzerkia eginaz”. Panta Rheikoak haruntzago doaz: “Gure lana duin dadin europar kultur korronteak gure herrira sartzen joan daitezen nahiko genuke”.

      2002. urtean Euskal Herriko labean egositako antzerki ekoizpen berriak ikusgai izango dituzte bertako haurrek eta hain haurrak ez direnek. Urte hasieran estreinatuko diren lanen artean dira Txamuskinaren “Txintxa Rapiña”, Kukubiltxoren “Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen”, Dar Dar-en “Eta Zer?”, eta Txotxongillo Taldeak uda baino lehen taularatuko duen “Kuku, aitonaren erlojua”

 

      Hamaika pertsonaia autore bila

      Beste literatur generoekin alderatuz antzerki testu gutxi idazten bada, esan daiteke egun Euskal Herrian ia ez dela haur antzerki testurik argitaratzen. Hori dela-eta, antzerki taldeek batez ere euskal kondairetan, ipuin klasikoetan, literatura unibertsalean edo taldean bertan sortutako testuetan oinarritutako lanak taularatzen dituzte. Testuak idazteko joera sustatu nahian, Nafarroako Antzerki Eskolak haur antzerki testuen lehiaketa antolatzen du urtero, euskaraz eta gazteleraz idatzitako lanentzat. Lehiaketak gero eta arrakasta handiagoa badu ere, oraindik partehartze kopurua oso baxua da (hamar testu baino gutxiago).

      Egungo testuen artean aipatzekoak dira Alfonso Sastre antzerkigileak idatzitako “Teatro para niños” (“Haurrentzako antzerkia”) eta “Muñeca 88” (“88 panpina”) antzezlanak. Hiru argitaletxeak plazaratutako bi liburu hauetan, gainera, Sastrek haurrei zuzendutako antzerkiari buruzko gogoetak idatzi zituen.