Bikotearen errautsak
Xole Aramendi
Gara, 2023-01-15

      “Toto” antzezlana estreinatuko du gaur Hika Teatroak Lezon. Antzerkiaren oinarrira jo nahi izan du Agurtzane Intxaurragak, biluztasunera. Bi aktore agertokian, Miren Gojenola eta Asier Hernandez. Bi galera. Bikotearen harremanarena eta haien txakur Totorena. Tragedia eta komedia eskuz esku. 34 urteko ibilbide luzea egin duen konpainiak uzta berria dakar negu honetan.

      Bikote baten -Mai eta Joxeluren- errautsak ikusiko ditugu antzezlanean. Bi galera; harremanarena, batetik, eta bikotekideek partekatzen duten txakurrarena, Totorena, bestetik.

      Hau dena “animaliak humanizatzen dituen eta gizakiok animalia izaera hartzen dugun gizartean”, Agurtzane Intxaurraga zuzendariaren esanetan.

      “Gure arteko harremanak nahiko basatiak bihurtzen dira indibidualismoaren eraginez. Maik berak onartzen du, ‘nahiago nuke animalia izaerara gehiago hurbildu. Baldintza gabe maitatzen zaitu, ez zaitu zalantzan jartzen’... eta gizakiok gero eta gehiago ika-mikan gabiltza edo ondokoa zalantzan jartzen. Hau da gaur egungo errealitatea gure herrietan, umeak ez dira jaiotzen egoera sozioekonomikoagatik eta batzuen aukera hutsunea animalia batekin betetzea da. Azkenean etxeko errege bihurtzen da. Hori guztia jartzen du obrak agerian”, esan du.

      Mafalda Bellidoren “Chucho” lana euskarara ekarri du Hikak. Kepa Errastik izan du itzulpena egiteko ardura.

      Tragikomedia da “Toto”. “Komedia metafisikoa da, hausnarketa sakonak egiten dituena. Metafora asko erabiltzen ditu eta aldendu egiten du komediatik, beste hausnarketa batzuetara eramaten zaitu”, argitu du Intxaurragak.

 

      Ikuspuntu berria

      “Bada antzerkira bere buruhausteak ahaztera joan nahi duenik, baina nik antzerkiari beste gauza bat ere eskatzen diot. Izan ere, entretenitzeaz gain, laguntzen dizu munduari beste ikuspuntu batetik begiratzen, modu artistikoagotik, kritikoagotik, eta batez ere laguntzen dizu enpatizatzen besteen arazoekin edo besteen munduekin. Kasu honetan neuk ere neure buruari erronka hori jarri nion, ‘ama izanda gai izango nintzateke txakur bat umea baino gehiago maitatzeko?’. Txakurrak karrotxoan paseatzen ikustean planteatzen dituzunak. Norberak egiten du hautua nola bizi emozioak”.

      Irakurri zuenean gatazka sortu zitzaion. “Gero eta gehiago animaliak gizakion ezinbesteko adiskide bihurtzen ari gara. Askotan gehiegi eta guzti, segun ze ikuspuntutik ikusten duzun, batez ere txakurrei dagokienez. Askok, umea ez, txakurra izateko hautua egiten du, oso zilegia izan daitekeena. Istorio hau gaur egungo gizarte modernoaren isla da”.

      “Kanpotik begiratuta barregarriak baina bikotearentzat tragedia hutsa diren egoerak jasotzen ditu. Bitxia iruditu zitzaidan obra; jendeak barre egingo du, jendea emozionatuko da... bakoitzak bere modura biziko du”, kontatu du.

      Antzerkiaren oinarrira jo nahi izan du. Istorio biluzira. “Istorio eta aktore onak edukitzea, hori da oinarria. Beste geruzak, eszenografia-eta, lagungarriak izango dira, baina ez beharrezkoak. Eszenografia oso sotila da lan honetan”.

      Mafaldaren testua oso zuzena da momentu batzuetan eta irudiz jositako uneak ere baditu. “Apustua izan da elkarrizketen abiadura aktoreentzat. Eztabaidaren beroan, pentsatu gabe datozkigunak botatzen dituzte. Esfortzu handia eskatu die aktoreei, testua metraileta bezala bota behar dutelako. Emakumea aztoratuta dago, filtrorik gabe ari da hizketan une batzuetan eta estilo hori topatzea erronka izan da. Gainera, publikoak biekin enpatizatzea bilatu dugu”.

      34 urte beteko ditu Hika Teatroak maiatzean. “Artistikoki oso momentu onean gaude, konpainiak prestigioa dauka. Azken ekoizpenak ondo joan dira publiko eta kritika aldetik. Baina konpainia baten egunerokotasuna zaila da, beti ezinegonean gaude. Gizarteak kultura non kokatzen duen, horrekin dago lotuta. Orain estreinaldi piloa dago eta, nahiz asko gustatu gure obra, horrek ez du esan nahi 60-100 emanaldi egingo ditugunik. Ez, aldiro emanaldi bakoitza lortzea lan izugarria da. Prekaritateak izugarrizko eskaintza ekarri du eta publikoak ezin du xurgatu ekoizten den guztia. Enpresarialki kostata ari gara aurrera egiten”, hausnartu du.

      “Nire asmoa beste hamar urte betetzea da, baina pandemiaren ondoren epe luzeko planak egitea zailagoa gertatzen zaigu. ‘Tarara’ oso ondo joan da hemen, baina Estatuan sartzea zaila egiten ari zait. Ikuskizun handia da, cachet altua, eta takilara joatea eskaintzen didate, baina ezin dut, ikusleriak behera egin du-eta”, gaineratu du.

 

      Emozioen kudeaketan lagun

      Ez da sektore erraza arte eszenikoena. Ez Euskal Herrian. “Beste sektore batzuk ere ez, baina kultura ez da zoritxarrez gure herri honetan lehen beharra; nonbaitetik kendu behar denean, gizarteak berak ere bai, zoritxarrez, aisialdiari kentzen dio, horri lotzen zaiolako kultura, entretenimenduari bakarrik, ez behar emozionalari. Kulturak asko laguntzen du emozioak kudeatzen, falta handia dugu horrena. Nahiago dugu psikologoarengana joan, ez diot ez denik behar, baina denok kontsumituko bagenu kultura gehiago gizarte sentsibleagoa eta enpatiko eta kolektiboagoa izango litzateke”, azpimarratu du zuzendariak.