Donostia Antzerki Saria, “Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi”
Iraitz Mateo
Gara, 2023-02-22

      Iraia Eliasek, Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak osatutako obra izan da Donostia Antzerki Sariaren irabazlea: “Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi”, Kamikaze kolektiboak eta Ttak teatroak elkarlanean sortutako lana. Sorkuntza propioa eta antzezleek beraiek prozesuan eta azken emaitzan betetako papera nabarmendu du epaimahaiak. Irudimena eta umorea estuki lotuta ageri dira antzezlanean. 2023an ere ikusteko aukera izango da.

      Ez zuten kortse batean saria jaso izanaren poza ezkutatu nahi izan Iraia Eliasek, Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak, atzo goizean Donostiako Victoria Eugenia antzokian egindako agerraldian. Beraiek irabazi dute XXIII. Donostia Antzerki Saria “Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi” lanarekin. Epaimahaiaren iritziz “sortze lan biribila” izan da. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean jasoko dute Ramon Zuriarrainen artelana sari gisa, Victoria Eugenian egingo den emanaldian.

      Eliasek abiatu zituen eskertze hitzak eta prozesua jarri zuen erdigunean: “Prozesu osoa euskaraz egin izana, zerotik hastea oso polita izan da; bidea dibertigarria eta jolastia izan da, eta hori saritzea izugarrizko aitortza da guretzat”. Gaztañagaren hitzetan “kreazioa oso kolektiboa” izan zen, beraiek erabaki baitzuten zer esan eta nola esan, beraiek izan baitira taula gainean. “Bakoitzak nahi zuenean ekarpena egiteko aukera izan du eta zaintza erdigunean jarri dugun sorkuntza bat izan da”. Epaimahaiak ere prozesua bera eta hiru antzezleek egindako lana goraipatu zituen.

      Olaizolak adierazi zuen sarritan horrelako sari banaketetara “baimena eskatuz bezala” joaten direla, baina atzoko saria “merezimenduz” jaso dutela eta beraien buruaz harro sentitzeko unea dela. Beste bi kideek bezala prozesua aipatu bazuen ere, Kamikaz kolektiboaren ibilbidea nabarmendu zuen. “‘Zer kontatu nahi dugu?’ galderari umoretik erantzuten uzten digu kolektiboak, eta hori da gustatzen zaiguna”. Sariarekin batera jasotako 12.000 euroko laguntzari esker sortzen jarraitzeko aukera izango dutela esan zuten.

      Norka Chiapusso Donostia Kulturako Antzerkia eta Dantza ataleko zuzendariak irakurri zuen epaimahaiaren balorazioa, eta adierazi zuen “sorkuntza propioa izateari” garrantzia handia eman diotela. Taula gainean, testua idaztera eraman dituzten galderek, eztabaidek eta hausnarketek indar handia hartzen dutela adierazi zuen. Antzezlanaren “umorea eta irudimena” nabarmendu zituen.

 

      Kortse, azukre eta brandyak

      Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak elkarlanean taularatu dute saritutako obra. “Noraino eramaten gaitu fikzioak?” galderari tiraka abiatu zuten obra, Gaztañagak kontatu zuenez. Batez ere, fikzioak zer kontatzen duen, eta emakumeek zein paper hartzen duten islatzen saiatu dira, “gizonezkoen baitako fikzioa bada %92, zein da imajinario unibertsala? Nola eragiten digu horrek emakumeoi? Nola lotzen da errealitatearekin?”. Galderak “airera botatzen” dituzte.

      Gozamenez eta jolasti osatutako obra da, antzezleen arabera. Eta beraientzat “libreak diren tokiak” sortu dituztela azpimarratu zuten, “umore femeninoak” leku bat izan dezan.