liburu kritikak
< | Jaiotako haurrak >
Sare eskasdun ekilibristak
Amaia Alvarez Uria
Argia, 2023-12-17

Liburua: Ura jaten

Egilea: Maddi Goikoetxea Juanena

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2023

      Maddi Goikoetxeak hipotesi bat zeukan ikerketa abiatu aurretik: “Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekarietatera kondenatuta dago”. Horrela euskal antzerkiaren munduko hamahiru eragile elkarrizketatu zituen eta Ura jaten lanean bildu du emaitza.

      Besteak beste, Axut! kolektiboko Fuchs anaiekin hasiko da bidaia Behe Nafarroan eta Nafarroa Garaitik (Nafarroako Antzerki Eskolako Monika Torrerekin), Arabatik (Azala kreazioko Idoia Zabaletarekin) eta Bizkaitik (Artedramako Ander Lipusekin) pasa ondoren, Gipuzkoan amaituko da Dejabu Panpin Laborategiko Ainara Gurrutxagarekin.

      Atal bakoitzean elkarrizketatzaileak fokua gai berean kokatu arren, elkarrizketatu bakoitzak bere ezagutza eta esperientziatik argi eta itzal desberdinak emango ditu. Hala ere, zenbait gauza guztiek konpartituko dituzte: bizipen, asmo eta kezka batzuk errepikatuko dira.

      Sorkuntza prozesuaren garrantzia eta ikusezintasuna da horietako bat. Antzerkia ez da behar beste ezagutzen eta, beraz, baloratzen. Horregatik sortzaileek ibili behar dute haien lanaren prozesua eta horrek eskatzen dituen baliabideak azaltzen, justifikatzen eta eskatzen etengabe. Lan baldintzak oso prekarioak dira eta diru-laguntzen menpe bizi dira, udalekin eta kultur programatzaileekin negoziatzen.

      Beste kezka konpartitu bat euskara hutsean lan egiteko zailtasuna da. Alde batetik, Ipar Euskal Herrian Artista Estatutua dute eta antzerkigileek egoera ekonomiko hobeak dituzte Hego Euskal Herrian baino, baina euskara ez denez ofiziala euskaraz lan egitean oztopo gehigarriak dituzte.

      Komunitatea eta transmisioa dira han eta hemen aipatu diren bi kontzeptu. Batetik, hizkuntza lantzeko eta herria eraikitzeko bidea da antzerkia (eta artea edo kultura oro har), eta horrekin lotuta herri bakoitzean antzerki-talde egoiliar bat egotearen alde agertzen dira. Bestetik, hezkuntzan kalitatezko presentzia egotea defendatzen dute antzerkia ezagutzeko eta publikoa sortzeko.

      Gaur egun euskal antzerkian dabiltzan “ekilibrista” eta “pertsona-orkestrak” nortzuk diren eta zelan bizi diren jakiteko lan ederra da hau: antzokiaren oihala igo aurretik eta jaitsi ondoren gertatzen denaz jabetzeko eta euskal arte eszenikoak pixka bat hurbilago sentitzeko.