liburu kritikak
< Idazle ahaztua | Absurdoaren lilura >
Candida edo olerkariaren bihotzeko sekretua
Karlos del Olmo
Euskaldunon Egunkaria, 2002-07-27

Liburua: Candida

Egilea: Bernard Shaw

Euskaratzailea: Jon Agirre Garai

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2002

      Ezer bada, eta Eusko Jaurlaritzak sustaturiko eta EIZIE elkarteak gobernatutako Literatura Unibertsala moduko bilduma bat lantzen irauteko behar besteko zio genuke egiaztatzea literatura dramatikoari gero eta garrantzi handiagoa emanez joan dela. Literatur ekimen pribatuaren antzerki basamortuan, bilduma babestu hau, laster, oasi izateko bidean jarriko da literatura nobela baino zer edo zer gehiago dela uste duenarentzat.

      Zer esan daiteke, dagoeneko jakina baino ezagunagoa ez dena, sozialista, antimilitarista, bakezalea, feminista, antinazionalista, antinperialista, tolerantziaren aldekoa, begetarianoa, sexualitate askearen zalea eta beste hainbat tasunen jabe zen Bernard Shaw idazle dublindarraren gainean? Familia burges protestantea zuen jatorri, baina diruz oso aberatsak ez zirenez gero, 16 urterekin behargin hasi behar izan zuen; ondorioz, autodidakta bihurtu zen hezkuntzaren eta prestakuntzaren aldetik. Lortuko zuen, geroago, ezkontza zorioneko bati esker, bizimodu nasaia, kezkarik gabea, letrei guztiz oratzeko modukoa. Nobel sariak lau haizeetara aldarrikatu zuen Shawk literatura dramatikoan ebaki zuen bide joriak merezi zuen loria.

      Shakespeareren osteko antzerki idazlerik ospetsuentzat dute letra britainiarretan, 40 antzerki lan baino gehiago sortu baitzituen. Kritika sozialak eta musikalak ere idatzi zituen erruz. Gutun idazle unibertsalik handienetakoa. (Ohar-iradokizuna: ez litzateke batere kaltegarri izango Literatura Unibertsalaren moduko bilduman gutunak, biografiak eta enparauak ere jasotzea, ez?).

      Jon Agirre Garaik Candida antzezlana dakarkigu euskaraturik. Itzultzaile ezaguna da, batez ere itzulpen administratiboaren alorrean, egun lanbide hori (aldi baterako?) utzia duen arren. Itzultzaile bizkaitarra lan handia egina da administrazio hizkera eta itzulpena euskara ulergarri eta jatorraren baranora ekartzen —garbitasuna eta jatortasuna direnak direla ere!—. Eta lanbidearen aipua ez da alfer lana, Joni igartzen zaio-eta gogotik ahalegindu dela itzulpen zuzena, arteza eta jatorria bestekoa egiten. Ahalegin literario eta zientifikoa uztartzen.

      Urrunago ere joan da: pertsonaietako batek behe mailako erregistroa darabil berba egitean. Estandarretik urruntzen den ahozko gertakari horien berri eman du Jon Agirrek mendebaldeko hiztunek erraz identifika dezaketen proposamen batez, nahiz eta, euskaraz oraindik sarritan jazotzen den legez, ahalegina ezin daitekeen jatorrizkoaren modu berean gauzatu, ingeles estandarretik hizkera markatuetara doan tartea ez delako batutik euskalki jakin edo aldaki sorta batera doan bidearen baliokidea. Erdal makuluren bat erabili izanak ere areagotzen du mendebal usain hori.

      Itzulpen zaindu honetan, guztiarekin ere, inoiz edo behin puntuazioak irakurlea harritu dezake, baita gidoi txundigarriren batek zalantza sortu ere, baina horiek guztiak ia ezari-ezarian gaindituko ditu irakurleak, konturatzeke. Gozamen zirrara hutsa delako irlandar begetarianoak landutako hizkera literarioan bere-bere horretan murgiltzea, aforismoak, hitz jokoak, berba bihurrituak mitxoleten antzera agertzen direlako leitu ahala, hitzezko bidaiaren atsegingarri. Zazpikia, batez aurrekoa, haizeak joa zen idazlea, gizarte arruntaren logika badaezpadakoa eta betiko lekuz josia etengabe hausten zuena.

      Zer da Candida? Emakume batek bi gizonen artean aukeratzerakoan darabilen irizpide harrigarriaren gaineko antzezlana. Gizon eredua bera da auzia, eta amaiera… irakurle-ikusleentzako ustekabe atsegina. Maitasuna erruki modura? Harrapa ezazu!

      Shawen antzezlanek, ezaugarri nabarmenen bat izanez gero, berba bera lukete. Hau da, elearen atsegina. Kritikari batzuek diote haren mezuek gaurko gizartean egunerokotasuna galdu dutela. Baina idazlearen hitzezko mundu aberatsek, argi hutsezko berbaldiek ez dute literatur indar apurrik ere bidean utzi gaurko irakurlearentzat. Estandarizazioaren, zuzeneko ereduaren, globalizazioaren garaian, lotsagabekeria eta ozarkeria tanta bat ez da batere kaltegarri gertatzen. Zenbaterainoko lotsabakoa zen ulertzeko, Shakespeare bera ere erabili zuen barregarri txotxongilo lan batean. Tradizioa desmuntatu zuen bera ere tradizio bihurtzeko. Horra hor kontraesana! Beste bat, zeren eta Nobela eman ziotenean, irakurle-ikusleek oso ezagun zuten arren, literatur olinpoek eta ganberatxoek ez zuten batere estimatzen, azpia jaten zioten. Kritikotasunak, halako gizalde batzuetan deseroso izateak, normalean, aste osteko palua baino ez du izaten saritzat.

      Bernard Shawen aipu bat, haren lanaren erakusgarri eta honako honen erramu: “Bakea gerra baino hobea ez ezik, hau baino ikaragarri zailagoa ere da”. On egin dizuela!