liburu kritikak
< Aurpegien dantza | Idazle ahaztua >
Esaerak antzerkian
Javier Rojo
El Correo, 2002-10-16

Liburua: Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin

Egilea: Alaitz Olaizola

Argitaletxea: Euskaltzaindia-BBK

Urtea: 2002

      Ez dut uste oso ezkorra naizenik euskal antzerkiaren egoera ez dela batere ona esaten badut. Hau, begibistan dugunaren konstatazioa baino ez da. Testu gutxi argitaratzen dira, poesia baino gutxiago, eta antzerkigileek nekez izaten dute beren lanak eszenario batean antzeztuta ikusteko aukera. Antzerkiaz hitz egiten denean, beraz, ezin dira inola ere egoera honek planteatzen dituen mugak ahaztu.

      Alaitz Olaizola Borda antzerkia idazten ausartu da, eta lan horren emaitza “Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin” izenburu korapilatsua duen idazlana dugu. Antzerki honetan mosaiko moduan agertzen da aurkezten zaigun istorioa. Hasieran elkarren artean harremanik gabeko istorio desberdinak balira bezala agertzen direnak, poliki-poliki, istorio bakarraren atalak direla ikusiko dugu. Alde honetatik, idazleak koherentzia gordetzeko egin behar izan duen ahalegina aipagarria da, nahiz eta noizean behin koherentzia horrek ere huts egin dion, hari batzuk solte samar geratu baitira. Antzerki lan honen beste alderdi aipagarri bat esaeren inguruan egiten den jokua da. Niri, ordea, hauxe da gutxien gustatu zaidana, euskarazko ikastaroaren itxura handiegia eman baitio antzerkiari. Eta honen funtzioa ez da hizkuntza irakastea.