liburu kritikak
< Desioaren ibilerak | Taula gainean >
Abertzaletasun azkona
Karlos Del Olmo
Berria, 2005-10-18

Liburua: Wilhelm Tell

Egilea: Friedrich Schiller

Euskaratzailea: Iņaki Goenaga

Argitaletxea: EIZIE

Urtea: 2004

      Mende oso bat oparo beteta, aurten bertan zendutako Iņaki Goenagaren itzulpena ez da izan Schillerren obra erromantiko ezagunak euskaraz izaniko argitaraldi bakarra. Beste hiru ere plazaratu zituzten XX. mendean: Jaxinto Fernandorena (1976, Gero argitaletxea), Iņaki Zubeldiarena (1984, Elkar) eta Migel Anjel Unanuak komiki edizio moduan 1989an Kriselu etxean argitara emanikoa. Zer edo zer berezia izan behar horrelako idazlan batek bertsioen aldetik hain urri izan ohi den euskal produkzio itzuliaren baranoan lan berberak, gutxienez, lau aldaera izateko mende bakarrean. Ia-ia, itzulpen teorilari batzuek gomendatzen dutena, alegia, klasikoei dagokienez, ahal dela, belaunaldi bakoitzak klasikoak berriro itzultzea, garaian garaiko irakurleei ulergarriago egitearren. Euskal literatura itzuliari doakiola, ondo gauza jakina da helburu hori nekez lortuko dela ekimen pribatuaren esku utziz gero.

      Zein da lan honen dena delako berezitasun hori? Irakurleak zuzen oso itaundu lezake zertan datorren euskal itzultzaileen bilgune izan gura duen elkarteak lan hura atzera ere plazaratzea, 1934. eta 1935. urteotan zatika argitaratu zutenez gero. Zioari dagokionez, noraezekoa da adieraztea behin-behingo zurigarria begi bistakoa dela, eta, hark, berez, bestelako barik funtsatzen duela plazaratze hau: Inazio Mujika Iraolak paraturiko edizioa da Goenagaren itzulpenak lan oso moduan argia ikusitako lehenengoa. Gainera, Yakintza aldizkarian publikaturiko bertsioa eman du prestatzaileak, baina egungo irakurleek hobeto leitzearren, huts nabarmen batzuen zuzenketak eta bestelako gaurkotze grafiko ia ezinbestekoren bat edo beste emendatuta. Eta ezaugarri horiek, honenbestez, edizio txukun eta elebidun hau oinarritzeko behar beste indarra dute. Ez da ahaztu behar, osterantzean, helburu didaktikoa, ikasmaterial moduan lanabes ezinago egokia gertatzen da eta. Egun hitzetik hortzera dabilen esakune bat ezin egokiago dator harira, hain suertez, balio erantsia izatearena. Halaxe gertatzen da-eta, izan ere. Goenagaren gerra osteko idazlanen albisterik ez dugu, beraz, gertaera lazgarri hark muga nabarmena ezarri zuen haren lanari doakienez. Eta, hala, garai baten lekuko eta ikur da itzulpen hau. Beste itzul eta euskara molde batzuen erakusgarria ere delarik.

      Testigu da literatura erromantikoaren mugarri antzerki honek mende hasierako euskaltzale eta abertzaleen artean izandako sonagatik. Erromantizismoa nagusi izan zen europar literaturan XVIII. eta XIX. mendeetan. Ezaugarri nagusitzat irudimena, subjektibotasuna, pentsamendu askea, natura idealizatzea eta, frantziar iraultzaren ondorioz, askatasuna eta abertzaletasuna zituen. Erromantikoek mundua errotik aldatu gura zuten, XX. mende hasierako abertzale batzuen antzera. Erdi Aroko basarteko menditar bat, Wilhelm, tiraniaren eta atzerritarren gobernu inposatuaren aurkako borrokaren ikur hilezkor eginda geratu zen antzezlan hau bitarte. Gerokoan, Rossinik musika erantsita, burgesen opera sala handietara heldu zen matxinoa, heldu ere.

      Von Schiller alemaniar poeten artean gorenetako bat izanda, antzerki bidea aukeratu zuen aberria edo hil tema klasikoa hobeto irudikatuko bazuen. Abertzaletasunaren erroak ez ezik, batzuek anarkismoaren harroinak ere ikusi gura izan dituzte egile erromantikook ordezkatzen zuten gizarte sentipen hartan. Idazleak ez ei ziren oso eroso egoten garai hartako gizarte antolamenduaren barruan. Beraz, harritzekorik ez suitzar independentziaren heroi mitiko batekiko miresmenak halako erakarmen indar handia izatean. Mitoa Aegiidius Tschudi kroniketan agertu arren, balizko jazoeratik 200 bat urtera, ustez, ez dago lekukotasun historikorik Tell edo tiranoa benetan izan ote ziren frogatzeko. Antzeko legendak direlako beste toki eta denboretan ere. Bazuen, edozelan ere, egia puntu bat, Uri kantonamenduaren jaikialdia irudikatzen zuelako.

      Urruna dirudien mende baten oihartzuna dakar itzulpen honek, Goenagak esan moduan, “zuen elkartasunean hartu ezazue Askatasun Aberrian laguntza aurkitu duen lehenengo emakumea”. Edozer ere irudikatzen duela harako emakume hark.