Loyola
Mikel Mendizabal
Argia, 1987-05-03

Liburua: Loyola

Egilea: Luis Haranburu Altuna

Argitaletxea: Kriselu

Urtea: 1986

      Hirugarren antzerki obra honekin amaitzen du Haranburu Altunak bere triologia, Sabino Arana eta Zumalakarregiren biografiak aurkeztu ondoren. Autoreak esaten digun bezala, oso berezia dugu biografia bat antzerkira eramatea, honek autorearen zerregina erabat murrizten duelako protagonistak bizitzan izan zituen gertakizunengatik, halaz guztiz beti dugu interesgarria gure zenbait pertsonaia historiko ezagutzea eta honek bultzatu zuen Haranburu Altuna bere triologia idaztera.

      Ez zen Loyola oso pertsonaia lasaia izan, ezta gutxiagorik ere. Gizon anbiziosoa, bortitza, ankerra eta abar luzea, bere bizitzan zehar aldaketa erabatekoak izan zituena. Liburuak hamairu jokaldi ditu hiru zati nagusitan banaturik, jokaldi bakoitza emakume batek bere bertso batzuk botatzen ditu sarrera gisa eta hiru zati desberdinetan bere bizitzako aldi desberdinak kontatzen dizkigu.

      Lehenengoan, bere gaztaro militarista agertzen da, Nafarroan izan zituen borrolaldietan kokaturik. Borrokalari kementsua eta amorratua, bere izenaren ospea historian zehar betirako jartzea espero zuena. Desberdin agertzen zaigu bigarren zatian. Hemen egin zituen pekatuengatik damutua, gizon ikaragarri fededun bezala agertzen zaigu, hori bai, bere ankerkeri eta izaera astakiloa alde batetara utzi gabe. Azkenik bere azken urteak agertzen zaizkigu. Hemen bere energiak baretu baziren, ez zen hala gertatu bere mistizismoarekin. Azken aldi honetan bere “euskaldun” kutsua agertzen da, bere bizitzako garai desberdinetan ukatu zuena, bere ustez erlijioaren garrantzia erabatekoa zelako, norberaren lurraldearen maitasuna erabat gaindituz. Hirugarren aldi honetan ba, urteen eraginarengatik edo, bere herriataz maiz gogoratzen da lehen arkitzen zuen aurkakotasuna baztertuz.

      Antzerki biografikoaren arrakasta, deskribatzen den pertsonaiarekin erabat ikusi behar.du dudarik gabe. Ez zuen Loyolak oso bizitza paketsua izan eta horregatik beharbada gauzak asko erraztu zaizkio Aranburu Altunari obraren interesa mantentzean. Honela azken obrak honek badu ondo pasatzeko aukera, abentura batetik bestera doalako, autoreak Loyolaren biografiak eskeintzen zituen aukerak ondo aprobetxatuz.

      Gogor ari da euskal antzerkia eraikitzen. Honela, gure helburua oraindik lortu ez denean badugu ondare bikaina, Xiberuko pastoralak eskeintzen digutena hain zuzen, eta hauetan inspiratu da batez ere Haranburu Altuna. Autoreak berak esaten digunez, “aitzitik pastoralak izan behar dute euskal antzerkiaren ernalgarri, izan ere non lotu eta uzkaltzen dira hain grazios eta maisuki, dantza, kanta, musika eta jokoa, antzerki total bat osatuaz Xuberoko pastoraletan baino?”. Ez da ba susma daitekenez, edozein egoeran aurkitzen gure antzerkia. Oinarrizko garai honetan aurkitzen duelarik bere burua, zenbait urte pasa beharko dira gaur egun ematen ari diren urratsak objetiboki aztertzeko.