Bi antzerki labur
Mikel Mendizabal
Argia, 1987-09-20

Liburua: Bi antzerki labur

Egilea: Anton Txekhov

Euskaratzailea: Begoņa Lasa

Argitaletxea: Baroja

Urtea: 1987

      Jarraitzen dute Baroja argitaletxekoek liburu interesgarriak ateratzen, akaso besteak bezain komertzialak ez dira, baina pena merezi dute, hori bai. Oraingo honetan Anton Pavlovich Chejov-en bi antzerki obra eskeintzen dizkigute, Errusiako XIX. mendeko idazle nabaria. Bere garaiko behatzailea, ondo ezagutu zituen bere herrian izan ziren mugimendu nabarienak, iraultzaren ezaugarriak sentituz.

      Pertsonaia berezi hau, bere bizitzaren maitasuna antzerki obretik adierazi zuen batez ere, nahiz eta beste literatura motetan aritua izan.

      Bi obra osatzen dute argitaratu berri liburu hau: lehenengoa “Ezkontzarako baimena” umorea eta ironia dugu ezaugarri. Lomovek Natalaia gaztearekin ezkondu nahi du, horretarako neskarengana zuzen hurbildu ordez, honen aitarengana doa baimena eskatzera eta baietza jasan ondoren, neskarekin eztabaida zoro bezain gogorra du. Nataliak noski, ez daki Lomov aberatsa bere atzetik dabilenik eta gauzak erabat aldatuko dira berri honetaz jabetzean.

      “Basa piztia” dugu hurrengo obra eta hemen ere ezaugarri berdintsu batzuk topa ditzakegu lehenengo obrarekin konparatuz. Popova alargun tipikoa dugu, itxia eta bere senarraren oroimenetaz bizi dena; hau ordea ez zen leiala izan bere emaztearkin bizi zenean, baina tira, berdin da arau sozialak honela direlako. Behin batean, senarraren lagun bat etorriko zaio zor bat eskatuz, baina alargunak ez dio gizon honi dirua hain erraz eman nahi, egoera pixkana-pixkana estutuz.

      Obra entretenigarriak ditugu bi hauek, hizkuntza oso ulergarria izanik, egokia oso edozein motako irakurlerentzat. Barojaren liburu gehienetan bezalaxe, lan zehatza egin du oraingoan Begoņa Lasak liburuaren itzulpenarekin.