liburu kritikak
< Marinela | Dramak >
Kontrabajua
Dabid Zuazalde
Argia, 1988-10-16

Liburua: Kontrabajua

Egilea: Patrick Süskind

Argitaletxea: Susa

Urtea: 1988

      Patrick Süskind idazle germaniarra boom bat izan zen orain urte batzuk “Lurrina” izeneko nobelarekin; geroztik lan txikixeago batzuk ezagutu dizkiogu, beti ere gai monomaniako samarrekin, hala nola “Usoa” eta “Kontrabaxua”. Azken honek itzeleko teatralitatea omen duela eta, han eta hemen hainbat taldek ekin dio antzerkirako egokipenari, “Berliner Ensemble”k esaterako, eta bide beretik jo zuen Bilboko Maskaradak, euskara hutsez aritzen den antzerki talde profesional bakarra.

      Jatorrizko lanak bakarrizketa eskatzen du, derrigor, eta bakarrizketa hori aurrera eramateko ardura Mikel Martinez aktore ezagunak hartu du bere gain; moldaketan berriz, Mikel bera eta Maskaradako zuzendaria den Karlos Panera aritu ziren. Moldaketa honek kenketak eskatzen zituen batetik: berezko literatur balioa izan baina antzezpenerako ezinezkoak ziren zatiak alde batera uztea; bestetik, noski, dramaturgia osoa lantzea.

      Oso aukera zehatza egin zuten Mikelek eta Maskaradakoek: kafe-teatro moldea aukeratu zuten, hau da, aktoreak ikusleen aldamenean espazio berean ihardutea, horrek dakartzan abantaila eta zailtasun guztiekin, obrak iradokitzen duen hertsitasun eta hurbiltasun sentsazio horiek hobeki ematearren. Bilbo aldean burutu zen II. Kafe Teatro jaialdia zela eta estreinatu eta emanaldi ugari eman zituen gero, baina beste euskal herrietan ere Mikel Martinez —lehenago ere “Sudurra” izeneko beste bakarrizketa bat egin zuena— ikustea espero dugu.

      Euskararen ardura Joserra Egiluz eta Joserra Urrutxuak hartu zuten, eta bere lanaren bereizgarrietako bat hauxe izan da: testua irakurtzeko baina esateko eta entzutekoa zenez, ahozko erritmo batera egokitzea, ezaugarri horrek eskatzen zituen aldaketak eginez.

      Zalantza egon liteke zer edo norentzat den liburu hau. Izan ere, ez da Süskindek idatzitakoaren azalpena hainbat zati kendu eta aldatu egin zaizkionez; hau irakurtzea ere ez da emanaldia ikustearen pareko, baina tira: testuak badu bere xarma eta grazia, antzerkizaleak dudarik gabe gustoa ateratzeko modukoa.

      Liburu sail honetan ikuskizunaren zenbait argazki egon ohi da. Honakoan ez ordea. Barietate handiagoa bilatzearren edo, zelanbaiteko errekreazioa egin du Gonzalo Martinez Azurmendi argazkilariak, kamara aurrean Mikel Martinez eta kontrabajua harturik: jolea eta tresna, tresna eta jolea egoera desberdinetan erakusteko aprobetxatuz (Antzerkiaren barnean beste komeria bat fotoz moldatuaren itxura hartzen du).