Soroa eta Barriola
Josu Landa
Argia, 1990-07-08

Liburua: ¡Barrenen arra!

Egilea: Marcelino Soroa

Argitaletxea: Antzerti

Urtea: 1990

      “Antzerti” zerbitzuaren egitura aldaketak argitalpen bidea eten egin zuen, antza. Hainbat antzeslan argitaratu ondoren, aspaldian ez du emaitza berririk kaleratu. Gaur arte. Oraingoan, Eskola liburu (sic) bezala aurkezten dizkigu euskal antzertiaren barruan balio historiko haundia duten bi lan: Marcelino Soroa-ren “¡Barrenen arra!” eta Avelino Barriola-ren “Gai dagonaren indarra”. Biak 1915eko ekainaren 5ean antzestuak, Donostiako Iztunde Eskolaren lehen emanaldi gisa. Aurten bete dira, hain zuzen, Iztunde Eskola horren 75 urteak, eta urteurren horren ospakizun bezala eman dira argitara Antzertiaren Berpizkunde garaiko bi lan horiek. Barriola-ren komediak, orain ez dela asko argitaratu zen bildumari gehitu behar zaio, berreskuratze lan horren barruan beste urrats bat gehiago bezala.

      Bati baino gehiagori harrigarri egingo zaio egun batean bi lan antzestu zirela jakitea, baina Iztundearen sorrera aurretik purian zebilen antzerki mogimendu baten nolabaiteko erakundetzea besterik ez zen izan. “Irutxulotarra” izeneko beste eskola bat ere izan zen Iztundea baino lehenago, eta joan den mendeko bukaeran eta hurrengoaren hasieran dozenatik gora idazle (S. Baroja, B. Iraola, M. Soroa, T. Alzaga, A. Barriola, J. Artola…), eta antzeslan mordoa sortu ziren.

      Iztundearen puntako garaiak gerraurrekoak izan baziren ere, orduko saioak izan zuen segida gerora ere, frankismoaren urte zailetan ere Iztundearen antzestaldeak urtero lan bat gutxienez taularatzen bait zuen. Euskaldunen artean, kanpokoak ere itzultzen zituzten, eta beraiek sortu zuten Donostia urtero Santo Tomasetan antzerkia euskaraz ikusteko ohitura. 1981an izan zen beren azken agerpena, Campion eta Begiriztain-en “Iltzaltzuko koblaria” lanaren bidez. Omenaldi merezia, beraz, jaso berri dutena.