liburu kritikak
< Zabaletaren Mariskala | Eros >
Pro libertate patria
Itxaro Borda
Argia, 1992-03-01

Liburua: Nafarroako azken mariskala

Egilea: Patxi Zabaleta

Argitaletxea: Txalaparta

Urtea: 1991

      Patxi Zabaleta, gazteago ginelarik hainbeste estimatzen genuena, Gorka Trintxerpe ezizenaz irakurtzen genuena, Nafarroako idazletan maixu “zahar” dugu, ipuingintzan eta olerkigintzan. Aldi honetan, Txalaparta Tafallako argitaletxeak, leitzarraren eskutik, antzerki bat eskaintzen digu. Beharko ditugu hemendik goraipatu Txalapartak jalgitzen dituen liburuak, bai erdarazkoak, eta bai Bobby Sands-en “Egun bat nere bizitzan” ikaragarriarekin estrenatu duten euskarazko sailekoak.

      Pedro Nafarroako azken mariskala, japoniako samurai bat dela imagina dezakegu, edo Brecht-en Galileo Galileiren antzeko pertsonaia heroiko bezain stoiko bat. Gazteluetan eta gerla alorretan saiatu gudaria “menperatzale” berriaren kartzeletan higatzen doa, eta familikideen presio izigarrien gainetik ez dio manatari gaztelarrari zin egiten. Ezkortasun utopiko hortan tematzen da, uste baitu, gehiagoz ere sinesten, oldarrak segi dezakeela. Antzerkia fede horretan bermatzen denez, ongi baino hobelki agertzen zaigu, askotan errezago dela baietz erratea, ezetz baino. Ezetzean mantentzeak energia asko eskatzen baituke.

      Garai historikoaren deskribapenak bere balioa badu, drama 1498 eta 1522 urteen artean gertatzen delarik. Orduan Nafarroako lurren konkista gorenean zegoen, eta Patxi Zabaletak frogatzen duen eran, odolez eta burdinaren suaz bideratu zen Herri Honen suntsitzea. Ameriketaz jabetua zen Kastillako erresuma, eta zenbait urte lehenago, Espainiatik, juduak eta moroak kanporatuak zituen. Eliza alde zuen beraz Karlos inperadoreak, denak alde, eta, bakarrik, Pedro Nafarroakoa aurka, isolamendurik handienean.

      Antzerkia, Nafarroako kondairaren zati minberatsuenean zurkaizten baldin bada, Patxi Zabaletaren lana, gaurko borrokalarien egoera garratzari buruzko metafora gisan ulert diteke, presoen, errefuxiatuen, hauen laguntzaleen inguruan moldatu XX mende ondarreko fedezko akta baikor bat bezala, azkenean. Monologo batean, mariskalak dio: “Ea hemendik beste bostehun urterakoek zer ikusten ote duten!”, eta gu, hitzordu hortako nafartarrak garenez, susmatzen dugu, Patxi Zabaletaren antzerkia galdera horri zuzendu ihardespen zehatza dela. Alabaina, EZaren utopiak irauten du, ez da errenditzerik, ez da ihesik, larruek eta bihotzek, mintzoek nola ez!, oinazeak jasaiten dituzte oraindik.